Udal eta foru hauteskundeak 2019

Inoiz ikusi gabea

Altsasuko udaletxea.

Legegintzaldi guztietan aniztasunaren isla izan da Altsasuko Udalaren osaera, hainbat alderdik edota koaliziok ordezkaritza izan dutelako. Oraingoan altsasuarrek bi indarri eman diete ordezkaritza.

Altsasu        
Udal hauteskundeak 2.019 2.015
  Kopurura % Kopurua %
Hauteskunde errolda 5.749   5.768  
Parte hartzea 3.979 % 69,21 3.897 % 67,56
Abstentzioa 1.770 % 30,78 1.871 % 32,43
Boto baliagarriak 3.950 % 99,27 3.818 % 97,97
Boto baliogabeak 29 % 0,73 79 % 2,02
Zerrendei emandakoak 3.898 % 97,96 3.755 % 96,35
Boto zuriak 52 % 1,30 63 % 1,61
Hautagaitza Botoak Zinegotziak Botoak Zinegotziak
Geroa Bai 2.467 (% 62,46) 10 1.405 (% 36,80) 5
EH Bildu 843 (% 21,34) 3 818 (% 21,42) 3
NA+ 212 (% 5,37)   401 (% 10,50) 1
PSN-PSOE 124 (% 3,14)   516 (% 13,51) 2
EB 50 (% 1,27)   146 (% 3,82)  
Ahal dugu 15 (% 0,38)   469* (% 12,28) 2
*Goazen Altsasu        
         
Foru hauteskundeak 2.019 2.015
  Kopurura % Kopurua %
Hauteskunde errolda 5.719   5.736  
Parte hartzea 3.965 % 69,33 3.884 % 67,71
Abstentzioa 1.754 % 30,67 1.852 % 32,29
Boto baliagarriak 3.934 % 99,22 3.843 % 98,94
Boto baliogabeak 31 % 0,78 41 % 1,05
Zerrendei emandakoak 3.903 % 98,43 3.815 % 98,22
Boto zuriak 31 % 0,78 28 % 0,72
Hautagaitza Botoak   Botoak  
Geroa Bai 1.661 % 42,22 1.130 % 29,40
EH Bildu 966 % 24,56 825 % 21,47
NA+ 485 % 12,33 641 % 16,67
PSN-PSOE 436 % 11,08 465 % 12,10
Ahal dugu 226 % 5,74 582 % 15,14
I-E 90 % 2,29 96 % 2,50
Vox 19 % 0,48    
UpyD     17 % 0,44


Altsasuko Udalean 1987an lortu zen azkeneko gehiengo osoa. Bigarren aldia izan zen PSNk udalean nagusitasuna izan zuena, eta Emilio Boulandier Maizak bigarren legegintzaldia egin zuen alkate. 32 urte pasatu behar izan dira egoera errepikatu eta alderdi batek erabateko gehiengoa izateko. Altsasuko Geroa Baik udaleko 13 zinegotzietatik 10 eskuratu ditu 2.467 boto (% 62,46) eskuratuta, 1.062 babes gehiago (%75,59). Hala, Javier Ollo Martinezek Boulandierren marka berdindu du, berriro alkate hautatua izatea.

Gainontzeko 3 zinegotziak EH Bildurenak izanen dira. Beraz, udala biren kontu izanen da legegintzaldi berrian. EH Bilduk boto-emaile talde fidela duela utzi du agerian 843 botorekin (% 21,34). Lau urtetan 25 boto gehiago eskuratu ditu eta bere babesa % 3,06 hobetu du. Udalaren osaketak oposizioko talde bakar gisa utzi du koalizioa.

Hala ere, udalera aipatutakoez aparte beste bost alderdi aurkeztu ziren, eta batek berak ere ez du ordezkaritzarik lortu. Azken 40 urteetan udalean ordezkaritza izan duen PSN zinegotzirik ez lortzea da begi kolpean harrigarriena. Aipatu bezala, Altsasun dena izandako sozialistak ez dute udal ordezkaritzarik izanen. Herritarren laugarren aukera izan dira, 187 boto batuz (% 4,73). Altsasuko Talde Sozialistaren eta Iruñeko zuzendaritzaren arteko tirabirak ez dira berriak. Aurreko legegintzaldietatik datoz. Altsasuko auziarekin horiek sakondu egin dira, eta herriko sozialistek hautagaitza aurkezteari uko egin zioten. Iruñetik prestatutako zerrenda aurkeztu zuten sozialistek hauteskundeetara eta emaitza 329 boto galtzea izan da, zuten babesaren % 63,76. Bi zinegotzi izatetik bat bera ez izatera pasa dira.

Altsasuarren igandeko hirugarren aukera Navarra Suma izan zen 212 botorekin (% 5,37). Aurreko deialdian UPNk 251 boto eta zinegotzi bat eskuratu zituen. PPk, berriz, 150 botorekin kalean gelditu zen. Eskuineko koalizio berriak ez du lortu 401 boto horiek gainditzea. Justu kontrakoa baizik, 189 boto galdu dituzte lau urtetan, babesaren % 47,13. Boto emaile eskuindar altsasuarrari edo ez zaio koalizioaren osaera gustatu edo Altsasuko auziagatik azaroan eta martxoan euren liderrek herrira egindako bisitak ez dituzte gogoko izan.

Bototan bosgarren indarra Ahal Dugu izan da, 124 babes jasota (%3,14). Moreak estreinakoz aurkeztu ziren euren izenarekin Altsasun. Duela lau urte udalean sartu zen Goazen Altsasu taldeko kideek osatzen zuten zerrenda, baina 345 boto eta babesen % 73,56 galduta ez dute lortu zituzten bi zinegotziei eustea. Ahal Dugu markak estatuan eta, batez ere, Nafarroan izan duen jaitsierarekin bat datorren emaitza da.

Seigarrena izan da Ezker Batua. 50 boto jaso ditu (% 1,27). 2015ean atera ziren ezkertiarrak udaletik eta orain ere ez dute sartzea lortu. Aurreko deialdian baino 96 boto gutxiago jaso dituzte, babesaren % 65,75 galduz. Azkenik, Vox dago. Talde eskuindar berriak Espainiako gorteetarako 95 boto lortu bazituen, udal hauteskundeetan 15 babes besterik ez ditu lortu (%0,38).

Parte-hartzea 2015ean baino 1,65 puntu handiagoa izan zen, % 69,21. Bai boto baliogabeek bai txuriek behera egin dute.

Udalaren osaera
Geroa Bai
1. Javier Ollo Martinez
2. Manuel Bergera Ijurko
3. Julen Diaz Oiarbide
4. Maria Carmen Viana Murga
5. Maria Del Carmen Goikoetxea Napal
6. Joseba Jokin Zelaia Oiarbide
7. Idoia Ibañez de Opakua Amillano
8. Pedro Maria Jimenez Elvira
9. Pedro Jose Iglesias Mendiluce
10. Maria Carmen Otaegi Saez de Maturana

Euskal Herria Bildu
1. Maria Isabel Lopez de Uralde Muñoz
2. Francisco Javier Paz Miño
3. Josu Miren Rubio Mendiluze


Parlamentua
Udalean izan duen tiratze bera izan du Geroa Baik Nafarroako Parlamentuko hauteskundeetan. 531 boto gehiago jaso ditu (% 46,99), eta 1.661era iritsi da (% 42,22). EH Bilduk parlamenturako hauteskundeetan udalerakoan baino boto gehiago eskuratu ditu: 966 (% 24,56). Lau urtetan 141 boto hazkundea izan du koalizioak (% 17,09). Navarra Suma koalizioko kideek bakarka joanez guztira 641 boto lortu zituzten 2015ean. Domekan koalizioak 485 boto (% 12,33) boto eskuratu zituen, 156 galduta (% 24,33). Beraz, udalean bezala, parlamentuan ere behera egin dute eskuindarrek Altsasun. Parlamenturako bozetan laugarrenak sozialistak izan dira 436 botorekin (% 11,08), erakutsiz udaleko zerrendari zigor moduan ez diotela botorik eman. Izan ere, lau urtetan 29 boto sozialista (% 6,24) besterik ez dira galdu parlamenturako. Ahal Duguk udaleko beherako joera berretsi du parlamenturako deialdian ere. 226 boto (% 5,74) eskuratu dituzte moreek Altsasun, bidean 356 boto galdu dira (% 61,17). Izquierda-Ezkerrak 90 boto eskuratu ditu (% 2,29), duela lau urte baino 6 boto gutxiago (% 6,25). Azkenik, Voxendako 19 babes izan ziren. Uxue Barkosen gobernuari eutsi dion laukoak Altsasun 2.943 boto eskuratu ditu, 2015ean baino 310 boto gehiago (% 11,77). Parte-hartzea % 69,33koa izan zen, aurreko deialdian baino 1,62 puntu handiagoa. 31N boto baliogabe eta boto txuri izan ziren.

Europa
Europako Legebiltzarra berritzeko hauteskundeetan aurreneko indarra EH Bilduk kide duen Orain Errepublikak hautagaitza izan da 1.124 botorekin (% 29,5). Koalizioak duela bost urte Herriek Erabaki hautagaitza babestu zuen. Oraingoan 367 boto gehiago lortu ditu (% 48,48). Geroa Bai Europarako botoen lehian 2. izan zen 826rekin (% 21,68). PSN altsasuarren Europarako 3. aukera izan da 810 botorekin (% 21,26), aurreko deialditik 445 boto irabaziz (% 54,94). PPk 207 boto eskuratu zituen (% 5,43). Popularrek 131 boto (% 63,29) galdu dituzte bost urtetan Altsasun. Europako deialdian gora egin duena, berriz, Ahal Dugu izan da, 497 boto (% 13,04), 244 babesen hazkundea (49,09). Ciudadanosek 72 boto eskuratu zituen Altsasun (% 1,89), 56 boto gehiago (% 350). Voxendako 49 boto (% 1,29), 32 gehiago (% 188,24). Juntsek 28 boto jaso zituen (%0,73). Beste 21 boto Izquierda Plural, PCTE, AxSA, CPE, MCR, MIEL, PACT, ADA, Contigo eta Volt hautagaitzek lortu zituzten. Euro-ganberako hauteskundeetako abstentzioa 24,62 puntu jaitsi zen eta, ondorioz, parte hartzea % 67,38koa izan zen. 54 boto baliogabe eta 100 txuri izan ziren.


Gertutik
“Azken lau urteetan jarraitutako ildoan segituko dugu”

Igandeko emaitzez galdetuta, Javier Ollo Martinezek esan digu “oso positiboa izan da, ezin da besterik esan. Herritarren gehiengoak azken lau urteetan egindako kudeaketa baloratu dute. Geroa Bairengan izugarrizko konfiantza jarri da. Niretako izugarrizko ardura da hemendik aurrerakoa. Izugarrizko gogoekin hurrengo lau urteetan alkate izateko”. Ollok azaldu digunez, “hainbat ideologiatako altsasuarrek eman diote konfiantza Geroa Bairi. Orain arte PSN, Ahal Dugu baita UPNri botoa eman dioten altsasuarrek oraingoan Geroa Bairengan jarri dute konfiantza. Herrian dagoen aniztasun hori orain, batez ere, Geroa Bain dago. Lana ongi egin dugula esan nahi du horrek”.

Zerrendako hamar kideak hautatuak izatea nola hartu duten galdetuta, alkateak esan digunez, “lehenik poza. Orain pentsatzen ariko dira zinegotzi izanen direla”. Atzo zen biltzekoa Altsasuko Geroa Bairen herri gunea emaitzen balorazioa egiteko, hurrengo udalaren egituran pentsatzeko eta zinegotzien artean ardurak banatzeko. Ollok gaineratu duenez, “hamar zinegotzi dira. Asko dira. Hamar izatean lana banatuagoa izanen dugu. Udalean lasaitasunez ariko gara. Baina, noski, EH Bilduri gure eskaintza eginen diogu, batzordeen presidente izateko, baita Tokiko Gobernu Batzordean egoteko ere. Noski, beti, guri dagokigun autoritate politikoarekin. Udalean beste alderdi bat dago eta berarekin lan eginen dugu”.

Legegintzaldi berriarekin martxan hasiko da hirigintza plan berria egiteko prozesua. “Luze jotzen du horrek, ildo berriak landuko dira”. Egitekoen artean alkateak gogorarazi digu Zumalakarregi plazan eta aldameneko kaleetan aurki hasiko direla lanak. Ondoan dagoen eremu publiko batean aparkalekua egiteko nahia. Udaltzaingo zerbitzua “ia-ia zerotik hasiko” dela gogorarazi du. Aurten egin beharreko inbertsioak zehaztu gabe daude “eta EH Bilduri proposamenak egiteko epe bat emanen diogu”.

Tokiko Administrazio Mapa garatuko balitz Sakana Eskualde bihurtuko litzateke. Horretaz galdetuta, “ongi ikusten dugu. Azken finean, administrazioaren eraginkortasuna hobetzea da”. Ollok gogorarazi du horretarako Foru Lege bat onartu beharko duela Parlamentuak. “Hori onartzerakoan Sakana defendatuko dugu. Baina, batez ere, noski, Altsasuko Udalak bere interesak defendatuko ditu. Oro har, uste dut guztiok ados gaudela”.

Informazio gehiago hemen.

Erlazionatuak

"Geroa Bairengan izugarrizko konfiantza jarri da"

Altsasu

Geroa Baik Altsasun lortutako emaitzen eta aurrera begira udalean egin asmo dituztenen berri eman digu Javier Ollo Martinez alkateak.