Naiara Diez kapitainak Lointek Gernikan jarraituko du

Guaixe 2019ko eka. 4a, 12:52

Bere seigarren denboraldia osatuko du Lointek Gernikarekin, emakumezkoen saskibaloi maila gorenean. Zaleen artean jokalari maitatuenetako bat da altsasuarra

Naiara Diez saskibaloi jokalari altsasuarrak Lointek Gernikan jarraituko du beste urte batez. Hala azaldu du talde bizkaitarrak. Taldeko kapitaina da Naiara Diez, eta betebehar horretan jarraituko du beste urte batez. Horrela, 2019/2010 denboraldian talde bizkaitarrarekin bere seigarren denboraldia egingo du 32 urteko jokalariak, emakumezkoen saskibaloi maila gorenean.

Eskolta postuan jokatzen du altsasuarrak eta kanpoko jaurtiketetan espezialista da. Ligan bere hirukoen jaurtiketen %32,25 saski barrura sartu ziren, eta Eurocupean portzentaiak gora egin zuen, hirukoen jaurtiketen %44,4 sartu baitziren. Horrela, 10. jaurtitzailerik onena izan zen altsasuarra.

Gernikan jarraituko duelako pozik dago altsasuarra. ʺZoriontsu nago! Gernika nire etxea bilakatu da, eta nire konpromisoa eta ilusioa 2013an iritsi nintzen bezalakoak dira. Klubaren konfiantza eta zaletuen maitasuna eskertu nahi dut, beraiek dira gure taldearen motorra, eta aurten poz handiak ematea espero dugu, lana eta gogoak ez ditugu faltan” adierazi du.

Denboraldi ona
Aurten denboraldi bikaina egin du Gernika Lointekek. Erreginaren Kopan finalerdietaraino sailkatu zen taldea baina, tamalez, finalerdietan Perfumerias Avenidaren kontra erori egin ziren bizkaitarrak. EuroCupean historia egin zuten Gernika Lointekeko emakumeak, play-offetarako sailkatu baitziren.  Galatasarayren kontra joaneko partida irabazi zuten Gernika Lointekekoak, baina itzulerakoa, ordea, galdu egin zuten eta aurrera egiteko 3 puntu eskasera gelditu ziren. Eta Espainiako Emakumezko Dia Ligan, play offetan, Perfumerias Avenidak irabazi du ligako titulua (51 puntu) eta laugarrena sailkatu da Gernika Lointek, 44 punturekin.