Jabi Gasanz: “Nik argi dut, disfrutatzea eta listo”

Maider Betelu Ganboa 2019ko eka. 7a, 09:15

Larunbatean 19 urte bete zituen Jabi Gasanz Barragan altsasuarrak eta hurrengo egunean Zegama-Aizkorri mendi maratoian debutatu zuen. Bero itogarriak baldintzatutako proban, 206. postuan despeditzea lortu zuen (5:49:13), hanketan zauri eta baba latzekin. Ikaragarria dela eta hurrengo urtean errepikatzen saiatuko dela esan digu.

1.Nola geratzen da gorputza halako proba baten ondoren?
Hankak pixkat lehertuta ditut, eta urratuekin, ezin korrika egin ezta ongi ibili. Uste dut beroagatik izan zela, zapatillak aurretik ibiliak nituelako. 30 gradutik gorako tenperatura zegoen eta hori korrika egiteko eguraldi okerrena da. Izugarria izan zen.

2.Noiz hasi zinen korrikan?
Mendian paseoak ematen hasi nintzen. Egun batean Juan Larrea nire bizilaguna Gurutzera korrika igotzen ikusi nuen, eta esan nuen: “ ba ni ere korrika hasiko naiz”. Eta hola hasi nintzen, duela 2 urte, pixkanaka.

3.Lasterketetarako saltoa nola eman zenuen?
Jokin Bereziartu lagunarekin hemengo inguruko karreretan aritzen hasi ginen. Aurrerago, pentsatu genuen distantzia luzeagoetara saltoa eman behar genuela. Zegamarako eskaera egin genuen eta zorte handia izan nuen, oso zaila baita horrenbeste eskaeraren artean zurea tokatzea. Ez nuen espero. Nire lagunak, Jokinek, ez zuen lortu.

4.Iaz Zegama-Aizkorriko Junior Trailean (10 km) parte hartu zenuen.
Bai. 19 urte ditut, uste dut oraindik ere juniorra izango naizela. Baina juniorrendako prestatzen dituzten 10 km-ko karrerak ez dira oso esplosiboak eta nik ez ditut oso gustuko, egia esan. Nahiago ditut 20-30 kilometrokoak.

5.Maratoira saltoa emateko, zure prestaketan aldaketarik egin behar izan al duzu?
Astero 5 egun edo mendira joaten naiz korrika egitera. Urbasan entrenatzen dut gehienetan, tarteka Altzaniako mendikatean. Zegamakoa prestatzeko txipa aldatu nuen. Astean zehar ordu  eta erdi-bi orduko saioak eta asteburuan egiten nuen tirada luzeagoa, 3 ordu eta erdikoa edo, eta tarteka ere bizikleta pixka bat. Txispa esaten dioguna, alde batera utzi eta kilometroak eta kilometroak egiten eta orduak sartzen hasi nintzen.

6. Zegamaz aparte, orain artekoen artean zein izan da proba gustukoena?
Niretzat oso garrantzitsua izan zen duela bi urteko Tritoiena, nire lehendabiziko karrera izan baitzen. Eta agian duela hilabete bateko Nafarroa Xtrem, bikoteka egin genuen korrika Jokinek eta biok eta oso gustura aritu ginen. Guztiz harrapatu nau kirol honek.

7. Egia da Zegama-Aizkorri bezalakorik ez dagoela edo ez da horrenbesterako?
Egia da. Ortzaurtetik pasatzen zara eta buah, ikaragarria! Gero Sancti Spiritu, Andraitz... oiloipurdia jartzen zaizu. Lasai atera nintzen, nire erritmoan, eta erregulatzen saiatu nintzen. Andraitzera arte oso gustura ibili nintzen, baina azkeneko jaitsiera... kalanbreekin oso luzea egin zitzaidan eta hor denbora asko galdu nuen. Lehendabiziko maratoia izanda, lehendabiziko aldietan sarritan gauzak ez dira ongi egiten eta igandekoa kasua izan zen. Poz-pozik ez, baina egindakoarekin kontentu.  

8. Jendetzaren artean zure lagunak eta ezagunak ikusteko aukera izan zenuen edo eromen horretan ez da ezer ikusten?
Legazpiko senitarteko batzuk han zeuden eta ez nituen ikusi, baina koadrilakoak eta bai, sartu ziren nire ondoan eta oso gustura egon nintzen. Dena den, gehienak ez nituen ikusi, jende pila zegoen eta ezinezkoa zen.  Jendearteko pasillo horietan, animo horiek kriston subidoia ematen dizute. Baina jendetza atzean uztearekin, berriro oinetako mina, eta proba bukatzera, ahal den moduan.

9. Azkeneko zati hori, jaitsiera ia ikuslerik gabe gogorra egiten dela diote.
Hor indarrekin baldin bazaude oso azkar egin ahal duzu jaitsiera, baina ni lehertuta nengoen, kalenbreekin, eta oso luzea egin zitzaidan; azken 4 kilometroak hiltzeko modukoak izan ziren. “Amaitu behar dut bai ala bai”, esaten nuen eta hala egin nuen (5:49:13). Ez naiz korrikalari ona, ez naiz oso azkarra, baina mendia gustatzen zait eta disfrutatu behar da egiten duzunarekin. Erretiratu asko egon ziren, haien artean korrika asko egiten duten neska-mutilak. Txapelduna? Ez dakit, baina buru gogorra bai.

10. Jornet eta halako figura horiek guztiak zer dira, beste planeta batekoak?
Ez dakit beste planeta batekoak diren baina oso-oso azkar joaten dira. Ni nire erritmoan joan nintzen, baina egurra. Mendi lasterketetatik oso jende gutxi bizi da. Ni honetan aritzen naiz mendia gustatzen zaidalako eta korrika egitea gustuko dudalako. Ez dut egiten marka batek babesteko edo babesleak izateko. Saiatzen naiz %100 ematen, baina eguna ez bada ateratzen, ez da ezer gertatzen, beste karrera gehiago daude eta ez dago arazorik. Badago honetarako bizi den jendea, asko zaintzen dena, baina niri asko gustatzen zait jatea eta zerbeza batzuk hartzea. Ez naiz iristen elikadura eta bizimodua baldintzatzeko mutur horietara. Nik argi dut, disfrutatzea eta listo. Hurrengo urtean berriz ere izena emango dut Zegama-Aizkorrin, ea zortearekin zozketan tokatzen zaidan. Ikaragarria da Zegama, onenetarikoa, zalantzarik gabe.

11.Hemendik aurrera zer?
Maratoi erdiak prestatu nahi ditut eta txispa hartu, Zegama-Aizkorri prestatzeko txispa asko galdu baitut. Lehiakorra izateko berriz ere txispa lortu beharko dut. Ez dakit igandean Lakuntza-Aralarren ariko naizen, azkeneko momentura arte zalantzan nago. Gustatuko litzaidake, iaz parte hartu nuen eta oso gustura ibili nintzen Aralarren. Ea oinetan ditudan urradurak sendatzen zaizkidan. Orpoetan sekulako urradurak ditut, Txikito de la Calzada dirudit, ezin ibili. Ea pasatzen diren, berriz korrika pixkat egiten hasteko.

Erlazionatuak

Gasanz: "Zegama-Aizkorri izugarria izan zen"

Maider Betelu Ganboa 2019 eka 07 Altsasu