Ciudadanos alderdiko Albert Rivera, Vox-eko Santiago Abascal eta Nafarroako PPko buru Ana Beltran bildu zituen España Ciudadana plataformak azaroaren 4an egindako ekitaldian. Haiekin batera Espainiako txoko ugaritatik etorritako 300 bat pertsona izan ziren. Ekitaldian Beatriz Sanchez Seco ETAko biktimak, Fernando Savaterrek eta Riverak hartu zuten hitza. Eta aurrenekoak hartu zuenetik azken hizlarira arte ezkila errepika izan zen. Foruzaingoak ekitaldia bitartean ezkilak jotzeagatik lau gazte identifikatu zituen. Mozal Legean oinarrituz 3.300 euroko zigorra jarri diete. Haietako hiruk 800 euroko isuna pagatu beharko dute eta laugarrenak, berriz, 900 eurokoa “plazan zeudenak haiek defendatzeko hitzez adoretzeagatik”.