Bikerrak Altsasun topo egiteko prest

Guaixe 2019ko eka. 7a, 13:35

Igandean 9:00etatik aurrera abiatuko da XXIV. Altsasuko BTT Zeharkaldia. Bikerrek gozatzeko ibilbide ikusgarria prestatu du Barranka Txirrindulari Taldeak eta bi aukera daude: luzea (53 km) eta laburra (40 km). Oraindik izena eman daiteke

Mendi bizikleta hartu eta Sakanako paisaje zoragarriez gozatzea. Hori da Barranka Txirrindulari Taldeak hainbat babesleren laguntzarekin antolatutako XXIV. Altsasuko BTT Zeharkaldiak iganderako proposatzen duena. Nafarroako proba beteranoenetakoa dena, ez lehiakorra da eta bizikletarekin goiz ederra pasatzea, hori da asmoa. Bikerren egutegian proba preziatuenetakoa dena igandean izanen da eta goizeko 9:00etan aterako da Altsasutik.

Bi ibilbide zoragarri
Antolakuntzak bi ibilbide prestatu ditu iganderako, luzea (53 km. 902 m desnibel +) eta laburragoa (40 km, 591 m desnibel +). Ibilbideko arduradun Felipe Troyanok aipatu digunez, urtero ibilbidean aldaketak egiten dituzte, bikerren iradokizunak kontuan hartuz eta ibilbidea ezberdina izateko. “Aurreko urtekoa ederra bazen, banago aurtengoa politagoa dela. Bikerrek ibilbidean ahalik eta xenda gehiago sartzea eskatzen digute, ibilbideak teknikoagoak izateko, eta ahal den moduan eskatutakoa eskaintzen saiatzen gara. Proba nagusiak 1.000 metroko desnibela ez gainditzen saiatzen gara, eta proba laburragoan, nahiz eta batetik bestera distantzia asko ez egon, desnibela baxuagoa da, ibilbidea errazteko”. Bi ibilbideak maila ertainekoak direla gaineratu du Troyanok.

Batera, 9:00etan
Bi ibilbideak batera aterako dira Altsasuko plazatik. Hilerriko ezkerreko bidetik Basomuturrera atera eta institutu arteko bidetik Lanbide Heziketa Institutura eta Ibarria industrialdera aterako dira, Sorozarretara heltzeko. Han, ibaia gurutzatu eta autobia azpitik pasako dira, Zapardiko bidetik Olaztiko araztegira heltzeko, Orobeko harrobitik. Handik buelta hartu eta Ameztia auzotik maniobren zubira helduko dira bikerrak. Hortik osasunaren iturrira iritsiko dira eta Leku Onako zubitik gurutzatuko dute autobidea, Santa Luzia Sakanera igo eta bertatik San Pedro ermitara heltzeko, hornidura gune nagusira. Segidan, Urdiaingo igerilekuetatik Iturmendiko basora helduko dira. Ibilbide motza hautatzen dutenek Urdiaingo San Juan baselizara joko dute, bertatik San Pedro ermitara eta bertako xendetatik buelta egin ondoren, Altsasuko Foru plazako helmugara.

Aldiz, ibilbide luzekoak Iturmendiko basotik aurrera egingo dute, Etxarri Aranazko igerilekuetara heldu arte. Ondoren, herria gurutzatu eta Txuixoo harrobira iritsiko dira. Bakaikuko bidea hartu, herria gurutzatu, eta Guerra Hermanos fabrikatik Iturmendiraino helduko dira bikerrak, eta Urdiaingo San Juan ermitara heldu eta gero, ibilbide motzekoen bide berbera egingo dute Altsasuko helmugara iritsi arte.

500-600 pertsonendako hornidura
Felipe Troyano arduradunak esan digunez, 500-600 pertsonarendako hornidura dute prest. Guaixeko erredakzioa ixterakoan, 467 biker zeuden izena emanda www.barrankatt.com web gunearen bitartez.”Ongi doa aurreinskripzioa. Web bidezko izena ematea ostiralean despeditzen da, baina igandean, probaren egunean, izena eman ahalko da 7:45etik 9.00etara” aipatu digu Troyanok. Egunean dena ongi ateratzeko ehun pertsona inguru ariko dira lanean, DYAko boluntarioak eta Altsasuko udaleko langileak kontuan hartu gabe. “Altsasu BTT Zeharkaldian parte hartzera animatzen ditugu sakandar eta kanpotar guztiak. Biker askok errepikatu egiten dute, izan ere proba oso konpletoa da gurea. Bizikleta hartu eta ongi pasa dezatela. Gu lanean egongo gara, baina jendea lokatzez beteta helmugaratzen denean eta izugarri disfrutatu dutela esaten digutenean, hori guretako sekulako saria da. Gozatu dezatela” azpimarratzen du Troyanok.

Bikerrek helmugan opari poltsa –Katealde patea, Arbizu txistorra eta Lacturale esnea–, kamiseta eta auzate ederra izanen dute zain. Iganderako lainoak eta eguzkia iragarri dituzte, eta horrek parte-hartzea igoko du. Iaz 507 biker izan ziren eta errekorra 2006. Urtekoa da, orduan 1.302 biker aritu baitziren. “data horretan ez zen proba gehiagorik egon eta horregatik egon zen horrenbesteko jendetza, baina gu 500-600en artean ibiltzen gara ongi” aitortu du Troyanok.