Geltokiko auzoa, memoria ariketa

Guaixe 2019ko eka. 8a, 11:13

Txunaki edo Geltoki auzoko eraikinak eta Altzania ibaiaren ertzean garbitokia zena.

Auzoan bizi izandakoak elkarrekin bazkaltzera elkartuko dira gaur

Txunkai edo Geltokiko auzoan jende asko bizi zen garai batean. Asko herrira bizitzera igo ziren. Beste batzuk herritik alde egin zuten, baina sorterria eta auzoa beti gogoan dituzte. Donostian bizi den Olga Urkijok azaldu digunez, “nostalgiaz gogoratzen ditut garai haiek eta ordukoez hitz egiteko, bizipenak birgogoratzeko, bazkari bat antolatzea bururatu zitzaidan. Gure artean elkar ikusi gabe 40 bat urte emanen genituen”. Estatuan barna, batzuk Valladoliden bizi dira, Iruñean besteak, Donostian… Urkijok lortu zuen batzuekin eta besteekin harremanetan jartzea. Pena bakarra du: “Pellicer familiakoak ez ditut lokalizatu”.

Urkijoren ekimenez duela bi urte elkartu ziren estreinakoz. Eta gaur aurreneko urteko egitaraua errepikatuko dute. “Gehienak kanpotik heldu garenez, tren geltokian elkartuko gara”. Handik Txunkai auzoan dagoen Ibai tabernara joanen dira, poteatzera. Eta ondoren Irubide jatetxean bazkalduko dute. Aurreneko urtean azaroan izan zen txunkaidarren topaketa, baina eguraldiagatik garagarrilaren 16ra aldatu zuten joan den urtean.

Bizipenak freskatzera
Topaketaren sustatzailea den Urkijo aurten ezin izanen bilkuran izan. Azaldu digunez, 30 bat txunkaitar elkartuko dira. Eta garai bateko auzoko kontuak berrituko dituzte atzera ere. Urkijok berak gogorarazi digu bera gazte zenean Txunkain bi kuadrilla zeudela, Rufotarrak eta Navarrotarrak. Haien ibileretako bat ere kontatu digu: “san juanetako suak pizteko adarrak elkarri lapurtzen zizkioten bi kuadrillak”. San Juan kalekoekin beti borrokan ibiltzen zirela ere azaldu digu. Halakoak izanen dituzte hizketagai, atzera ere, txunkaidar beteranoek poteoan eta mahaiaren bueltan.

Hori guztia azalduta, Urkijok argi utzi nahi izan digu biharko ospakizuna ez dela "lehen egiten ziren Carbonillako festen ordezkoa. Gurea auzoan bizi izan ginenen bizipenak birgogoratzeko bazkaria da bakarrik. Horregatik, auzoan bizi izan direnak bakarrik onartzen ditugu bazkarian; haien bikoterik edo seniderik ez, hitz eginen dugunaz ez direlako jabetuko”.