Hirugarren konpost festa

Guaixe 2019ko eka. 7a, 14:48
Konposta hartu eta mokadu bat jateko aukera izan da aurreko urteetan.

Otadiako konpostagailuaren ondoan 11:00etatik aurrera konposta banatuko da.

Altsasuko Alde Zaharreko bi auzokidek, Martin Zelaiak eta Javi Bergarak, Sakanako Mankomunitateko Hondakin Bilketa Zerbitzuarekin batera antolatu dute biharko hitzordua. Biharkoan auzo-konpostagailua erabiltzen duten altsasuarrek euren lanaren fruitua, konposta, jasotzeko aukera izanen dute. Baina edozein altsasuar ere joan daiteke, konposta sortzeko prozesuaren berri bertatik bertara jaso eta, gainera, materia horretaz betetako zakuren batekin etxera bueltatu daiteke, hala nahi badu behintzat.

Altsasun materia organikoa egoki bereizteko hiru aukera daude: nork bere etxean (lorategian edo baratzea) jarritako konpostagailua, Idertzegain eta Otadiako auzo konpostagailuak eta 5. edukiontzia, marroi txikiak. Informazioa nahi duenak Sakanako Mankomunitatearen 900 730 450 doako telefonora hots egin dezake.