"Altsasu beste mundu bat da". Patricia Paats artista argentinarrak horrela deskribatzen du Sakanako herria. Baina onerako esaten du. Lehenengo aldiz etorri zenetik altsasuarrak eta sakandarrak elkartasunez eta esku zabal hartu zutela esan du Paatsek. "Eta hori ez dut beste inon bizi". Altsasun jasotako elkartasun hori adierazten duen koadro bat sortu du, Altsasuko auzia salatzeko manifestazio baten bukaera oinarri duena, eta herriko Arkangoa tabernan dago ikusgai. Margolana Altsasura "hemen gelditzeko" ekarri duela esan du.
"Bizitzan gauza asko eskertu ditut. Horietako bat Altsasura etortzea izan da. Bizitza aldatu zidan guztiz". Duela zazpi urte inguru etorri zen lehenengo aldiz Altsasura Patricia Paats. Madrilen bizi da argentinarra eta herrikide den Carlos Rivera artistaren eskutik iritsi zen Sakanara. Riverak urtero urrian egiten den Altsasuko Arte Azokan parte hartzen zuen, eta Paatsi bere artelanak erakusteko esan zion. Lehenengo Azoka horren ondoren beste lau etorri ziren. Hortaz, 2016ko urriaren 15ean Altsasun zegoen, Azoka zela eta. Altsasun gau horretan gertatutakoak gertutik bizi izan zituen Paatsek. "Hasieran txorakeri bat zirudien. Tabernako istilu bat, besterik gabe. Gero bizi izan dugun guzti honetan bihurtu zen". Injustizia bat dela dio argentinarrak, "eta kondenak zer esanik ez".
Altsasuko auziaren "injustizia" ez ezik, herriaren elkartasuna da Paats koadroa egitera mugitu duena. "Herriaren batasuna". Altsasuko auziperatutako gazteen atxiloketak eta auzia bera salatzeko egin ziren manifestazio bateko bukaeraren argazki bat ikusi zuen, Gure Etxea eraikinetik ateratakoa, Foru plaza jendez beteta ikusten dena. Barruan zerbait mugitu zitzaion. Batasunaren eta elkartasunaren irudia zen. Eta irudi hori oinarri hartuta koadroa egitea erabaki zuen.
Hitz bat, batasuna
"Niretzat oso esanguratsua izan zen hori ikustea. Salaketa eta elkartasuna ikusten dira, eztabaidan sartu gabe. Bihotz oneko jende asko ezagutu dut hemen, eta horregatik batasun hori erakutsi nahi nuen". Koadroak abstraktura jotzen du, "inpresionista" da eta zuriak, grisak eta okreak dira koadroan agertzen diren kolore nagusiak. Kioskoak eta elizak Altsasuko plaza dela argi uzten dute, baita kioskoaren gainean dagoen pankartak gertaera kokatzen du. Hala ere, koadroan ez dira aurpegiak ezberdintzen, ez dira pankartaren letrak irakurtzen. Koadroak "elkartasuna eta batasuna" adierazten ditu.
Koadroa egitea erronka bat izan da Paatsendako. Hainbat hilabete kostatu zaio egitea, normalean margolan bat egitea kostatzen zaiona baino gehiago. Izan ere, ideia bat zeukan buruan, . "Lana eman zidan nahi nuena islatzea". Egun batean, azken pintzelada eman zuen, eta ikusi zuen. Orduan sinatu zuen, nahiz eta ez zuen sinatzea pentsatu. Koadro batean "hain gai konkretua" islatzen duela lehenengo aldia da. Baina gertatukoa bizi izan duenez, manifestazioetan egon denez eta gurasoak ezagutu dituenez, "gorputzak eskatzen zidan". Hortaz, margolana Altsasun gelditu behar dela uste du. "Gai politikoa eta oso lokala da. Beste leku batean ez da ulertuko".
Momentuz koadroa Arkangoa tabernan dago eta artistak nahi duena jendeak ikustea da. Baina koadroa "polita ala itsusia" den baino gehiago begiratzea nahi du. Islatzen duena, kontatzen duena, ikustea nahi du. Dagoeneko iritsi dira lehenengo zorionak eta kritikak: "baten batek esan du bere burua ikusi duela, baina ezinezkoa da oso abstraktua delako; beste batek elizaren handitasuna kritikatu du...".
"Ez da berdin paisai bat egitea edo horrelako gai bat kontatzea. Zerbait esna dezakete gauzak dira". Baina gauza guztiek bezala "denbora" behar duela esan du. "Koadroa ulertu behar da. Piktorikotik haratago komentatzea gustatuko litzaidake".
"Gauza konkretuak egitea aldaketa bat ekartzen dizu". Altsasuko elkartasuna adierazten duen margolana sortu ondoren, beraz, erronka bat duela esan du Paatsek. "Orain beste gauza batera pasa behar naiz. Atentzioa deitzen didaten gauzak begiratzen ditut orain". Abastrakturako bidea hartu du Paatsek, etapa guztietatik pasa ondoren. "Baina ez naiz inolaz ere errealista". Maiatzeko plazeko Amen argazki bat ikusi zuen duela gutxi, eta argazki horrek, Altsasukoarekin gertatu bezala, zerbait mugitu dio.