544 biker Altsasuko Zeharkaldian

Guaixe 2019ko eka. 11a, 14:30

Eguraldi bikainaren laguntzarekin goiz ederra pasa zuten zeharkaldian parte hartu zuten txirrindulariek. Gehienek ibilbide laburra aukeratu zuten

Aurreikusten ez zen primerako eguraldia lagun zutela, gozatu ederra hartu zuten XXIV. Altsasu BTT Zeharkaldian parte hartu zuten 544 txirrindulariek. Barranka Txirrindulari Taldeak antolatutako zeharkaldi ez lehiakorrean bi aukera zituzten bikerrek, ibilbide luzea (52 km) eta ibilbide laburragoa (40 km), eta gehienek ibilbide motzaren alde egin zuten. Bikerrek aurten prestatutako ibilbidea ʺoso gustuko” izan zutela nabarmendu zuen Altsasuko BTT zeharkaldiko arduradun Felipe Troyanok. ʺBizikletan ibiltzeko egin ahal zuen eguraldirik onena egin du, goizean fresko eta gero eguzkia, tenperatura atsegina” aipatu zuen. Garrantzi handiko erorketa batzuez gain, ez zen aparteko arazorik izan eta txirrindularien festa handia izan zen igandekoa.

Ibilbidea abiatu baino lehen, 544 txirrindulariei txiki egin zitzaien Altsasuko plaza. Altsasuko alkate Javier Ollok egin zuen zinta mozketa, eta ibilbide ez lehiakorrari gogotsu ekin zioten txirrindulariek. Guztiek batera egin zuten lehenengo zatia: Beikolar, Ibarrea, Sorozarreta, Orobe, Ameztia, Santa Luzia Sakan eta San Pedro, gero Urdiaindik barna Iturmendiko gainera heltzeko. Ibilbide motzekoak Altsasuko helmugaraino buelta egin zuten, eta ibilbide luzekoak, aldiz, Etxarri Aranazko igerilekuetaraino iritsi ziren, buelta hartu eta Txuixoo harrobitik Bakaikuraino iritsi eta handik Altsasuko helmugaraino joateko. Ibilbidean barna 3 hornidura gune egon ziren eta helmugan bikerrek opariak eta oroigarriak jaso zituzten. Ibilbidea oso polita zela eta antolakuntza bikaina nabarmendu zuten txirrindulariek. Eta guztia behar bezala prestatzeko, ehun pertsona inguru ibili ziren lanean, Barranka Txirrindulari Taldearen esanetara.