Onartezinak diren komentarioez bete dira sare sozialak azken asteetan. Berdin zaizkigun zehaztasun morbosoak irakurri behar izan ditugu, berriro ere emakumeak zalantzan jartzeko, seinalatzeko, kriminalizatzeko eta gure askatasuna mugatzeko helburuarekin idazten diren iruzkinak.
Horregatik Bilgune Altsasu Facebookeko orrialdean jarritako babes mezua ezabatzeko erabakia hartu behar izan dugu. Ez da ohikoa gurean, adierazpen askatasunaren alde baikara; baina bertako erantzunetan emakumea erasotzen zen behin eta berriz, eta hori onartezina da.
Altsasuko Mugimendu feministatik argi eta garbi esaten dugu, berriz, eraso baten aurretik edo ostean gertatzen dena ez legokeela iritzi publikoan egon beharko. Ez dugu onartzen ganora gabeko zurrumurrurik eta epai edo iritzi moralik eta erasotua izan den emakumeari gure babes osoa adierazten diogu beste behin ere. Izan ere, marmar guzti hauek biolentzia testuinguru bat sortzen dute, non muturreko egoerak sustatzen diren. Gogoan dugu IVECOko langilea.
Guk sinisten dizugu, guk sinisten dizuegu.