5. edukiontziaren ezarpena Altsasun

“Materia organikoa banatzen dudanetik, berdera ez dut deus botatzen!”

Guaixe 2019ko eka. 18a, 12:23

Auzo-konpostagailuak, altsasuarrak eta Sakanako Mankomunitateko kamioia pasatzen.

Horixe birziklatzeko prozesuan aurrerapausoa eman duenaren lekukotza. Altsasun etxeetan sortutako materia organikoa tratatzeko hiru bide daude: auto- eta auzo-konposta edo bosgarren edukiontzia.

Otadiko auzo-konpostagailuak larunbat eguerdian hartu zuen III. Altsasuko konpost festa. Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuko hezitzaile Itziar Zudaire Salegik esan zigunez, “jendeak egiten ari den lana eta auzo-konpostagailua nola dioan ikus dezan. Hemengoa eta Auzobide kalekoa oso ongi doaz. Gaurko eguna da jendeak ikusteko bere hondakin organikoekin baratzerako edo bere loreendako zer lor dezakeen”. Altsasun aipatutako bi auzo-konpostagailuak daude. Otadikoan 27 etxebizitzetako materia organikoa dago. Idertzegainen, berriz, 13 etxebizitzetakoa jasotzen ari dira. Beraz, bietan erabiltzaile gehiago hartzeko aukera dago, “konposta bertan egitea interesatzen baitzaigu”.

Altsasun auzo-konpostagailua da materia organikoa tratatzeko modua, beste bat auto-konposta da.
Lorategia edo baratza duten etxebizitzek aukera dute konpostagailu bat hartzeko. Arbizuko hondakindegira joan beharko lukete. Konpostagailu bat emanen genieke. Konposta nola egin, konpostagailua non jarri eta beste azalduko genieke. Arazorik balute gu ikustera edo laguntzera joan gaitezke. Lur zatitxoa badute, euren materia organikoa kudeatzeko, ederki. Gaur egun 143 etxebizitzek dute auto-konpostagailua.

Altsasun materia organikoa tratatzeko hirugarren modua edukiontzi marroia da.
Bosgarren edukiontziak gainerako edukiontzien funtzionamendu bera du. Zu zure poltsatxoarekin joaten zara, zabaldu, bertan bota eta gu biltzera etortzen gara. Materia organikoaren banaketa egiten da. Hori baita nahi duguna, materia organikoa errefusatik ateratzea eta hondakindegi batean ez bukatzea, baizik eta bigarren bizitza bat edukitzea. Egia da konposta tokian-tokiko tratamendu bat dela, herrian sortzen duzu eta herrian tratatzen duzu eta, azkenean, konposta herrian bertan bihurtzen da. Bosgarren edukiontziaren kasuan kamioiarekin etortzen gara, bildu eta Kaparrosora eramaten dugu.  

Altsasun 2018ko ilbeltzaren 18an mustu ziren bosgarren edukiontziak.
Pixkeka-pixkekan jendea izena ematera animatzen ari da. Baina oraindik materia organikoa banatzen animatzera jende gehiago behar dugu. Gaur egun 685 etxebizitza daude bosgarren edukiontzia erabiltzen.

Altsasun materia organikoa bereizten duten 2.463 etxebizitzetara iritsi nahi duzue, ezta?
Kopuru horretara iritsi beharko ginateke, Altsasuko 3.790 etxebizitzen % 65era. Sakanako Mankomunitateak eta Altsasuko Udalak sinatutako akordioaren arabera 2.463 etxebizitzek materia organikoa banatzera iritsi beharko genuke. Gaur egun Altsasuko etxebizitzen % 22,9 ari da materia organikoa banatzen.

Oraindik ere altsasuarrak animatu beharko dituzue.
Bai. Ez da ezer kosta. Ohitura hartzea da. Hondakinak banatu behar ditugu. Legeak hori dio. Jendeak anima dadila, azkenean, ez dela deus.

Materia organikoa etxe batean sortzen den hondakin kopuruaren ehuneko handi bat da, ezta?
Edukiontzi berdera botatzen zenaren % 40, gutxi gorabehera, materia organikoa zen. Hitz egiten baldin baduzu materia organikoa banatzen duen jendearekin esaten dizute: “hasi naiz materia organikoa banatzen eta gaur egun edukiontzi berdera botatzen dudana ez da deus, oso gutxi ateratzen dut”. Hori nabaria da.

Legea aipatu duzu. Zer dio?
Europako eta Nafarroako legeek mugarri batzuk jarri dituzte eta materia organikoa banatzea izan beharko litzateke joera, gutxi gorabehera % 50 jasotzea.

Altsasun ez da iritsi. Bakarren batek bere aletxoa jarri nahi baldin badu?
Sakanako Mankomunitatera edo 900 730 450 doako telefonora hots egin dezakete. Baina gomendatzen dugu aurreneko aldian Arbizuko hondakindegitik pasatzea. Bertan auto- eta auzo konpostari edo bosgarren edukiontziari buruzko azalpen eta material guztiak emanen genizkieke. 07:30etik 15:00etara gaude. Gainera, bosgarren edukiontzirako poltsa konpostagarriak udaletxean jaso ditzakete doan, titularraren izen-abizena ematea besterik ez da egin behar. Jendea animatu dadila. Ez da ezer kosta. Ohitu ginen papera banatzera, ontziak banatzera, beira banatzera… Ohitu gaitezen ere materia organikoa banatzera.

Erlazionatuak