Bakarrik dauden adingabe atzerritarrekin hezitzaile ari zara. Noiztik?
Hilabete eta aste bat.
Etxean lanean.
Altsasun, bai. Oso pozik nago. Gizarteratze goi gradua ikasi nuen Gasteizen, eta ikasi dudanarekin etxean lana izatea gozatua da.
Zein da zuen egitekoa gazte hauekin?
Muga pasatu eta bakarrik heldu dira. Gure lehentasuna paperak eskaintzea da, Espainian legez egoteko. Gainera, gehienek oso denbora gutxi daramate penintsulan, eta gaztelania ere irakastea.
Baina egunak 24 ordu ditu?
Ramadana bukatu berri da eta hilabete pixka bat mugitua izan da. Beraiek gauez bizi ziren. Orain 09:00etan esnatzen ditugu. Goizetan jarduerak egiten ditugu: batzuk igerilekura joaten dira, beste batzuk rokodromora, paseatzera… halako jarduerak egiten ditugu. Goizez ere gaztelera klaseak ematen dizkiegu. Biltokira bazkaltzera joaten gara. Arratsaldean gauza bera. Dauden gazte guztiekin lau talde sortu ditugu eta egunero talde bat Iruñera joaten da, aisialdi modura. Lau taldeak txandakatzen doaz guztiek aukera izateko.
Paperak lortu eta gaztelania ikasten dutenean, zein irtenbide dute gazteek?
Kudeaketaz arduratzen den enpresa honek gazteak sailkatu egiten ditu: hau oso autonomoa da, honek ez daki gaztelaniaz… Sailkatu egiten ditugu gero beste baliabide batera joan daitezen.
Sailkapen horren arabera…
Batzuk joanen dira ikastera, besteak tutoretzapeko pisu batera, beste batzuk, akaso, ohiturak hartzeko egoitza zorrotzagoa beharko dute… Hori da gure lana, sailkatzea eta ikustea zeinek duen ikasteko asko eta zein ezin den hemen egon. Denetarik dago.
Zenbat gazte dituzue?
Momentu honetan 31, denak mutilak. Marokotik orain hasi dira neskak ateratzen baina, normalean, mutilak ateratzen dira.
Eta kontatzen dituzten istorioak…
Ufff… Pentsarazten dizute. Aurreiritzi asko kentzeko balio dute. Kristoren istorioak dituzte. Oso gaizki pasatu dute. Hona etorri diren gehienek gosea pasa dute. Ez dira etortzen… Haiek kontziente dira hona etorrita ikasteko, lan egiteko eta Marokora dirua bidaltzeko kristoren aukera dutela.
Nahi hori nabari zaie?
Bai, uneoro. Galdetu genien aurreneko gauza izan zen, zer egin nahi duzue. Eta denek: ikasi, ikasi… Denek ikasi nahi dute.
Han ere ikasten zuten?
Askok Batxilergoa dute. Analfabeto bakarra dugu, Marokoko eskualde batekoa da eta han ez ziren eskolara joaten.
Ikasketak baliozkotu ditzakete?
Ez dakit.
31 mutil horiekin zenbat hezitzaile zaudete?
10 hezitzaile, goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan.
Moldatzen zarete?
Bai, ongi. Hauek ez dute arazorik. Kontziente dira gu garela aukera ematen ari gatzaizkienak. Figura inportantetzat ikusten gaituzte. Konfiantza handia eskaintzen digute. Oso ongi.
Zein adinetakoak dira?
Denetarik dago. 12 urte zituztenak ere izan dira. Dagoeneko ez daude hemen. Gehienak mugan daude, 17 urterekin. Asko beldurrez daude 18 urte betetzean baliabidea bukatzen delako. Gehienak 14, 16, 17 urte dituzten hamar ditugu.
Asmoak garbi, aprobetxatzen ari da?
Bai. Pasada bat da. Igerilekura joateko gehiago kostatzen zaie agian, baina ikasteko batere ez. Badakite ez badute ikasten ez dutela ez lanik ez ezer izanen, hemen lana aurkitzeko ikasi egin behar da. Orain leku aldatuko gaituzte baina dinamika bera izanen da. Ez Altsasun, baina disfrutatzen segituko dut.