Altsasuko Otadiako Kristo Deuna aterpean bakarrik dauden 31 adingabe atzerritar izan ziren pasa den larunbatera arte. Eta haiekin hainbat hezitzaile ere. Aterpeak duela urtebete hitzartuta zuen erreserba batek mugiarazi ditu 28 gaztetxo marokoar, bi ghanar eta gambiarra. Baina Sakanatik Nafarroako beste toki batera alde egin aurretik haiekin hizketatzeko aukera izan genuen.
Bashir (erreportajean ageri diren mutilen izenak ez dira benetakoak) Marokoko Ujda hirikoa da. Milioi erdi biztanle dituen hiria Aljeriako mugatik 15 km-ra dago, Rif eskualdean. 13 urte zituela erabaki zuen alde eginen zuela: “nire familia gaizki pasatzen ari zen, ikasteko liburuak erosteko dirua ere ez zuten. Gaizki zeuden. Aita gaixorik. Pentsatzen hasi nintzen Espainiara etortzea, etorkizun hobea izateko”.
Errachidia (92.000 biztanle) Maroko erdialdean dago, ekialdean, basamortuko aurreneko dunetarako bidean. Hangoa da Hazin. 13 urterekin erabaki zuen hiritik alde eginen zuela: “Marokon ez dago lanik. Dauden lanpostuetan lan handia egin behar da diru gutxi irabazteko”. Hiria uztea erabaki zuten Samir eta Zahir ere Errachidiakoak dira. Azken horrek 15 urte zituela erabaki zuen sorterria utziko zuela. “Lan egin nahi dut eta etorkizun ona izan. Sorterrian ezin da”. Bere familiari migratzeko asmoaren berri eman zion. Etxekoek 4.000 euro bildu zituzten patera ordaindu zezan.
Rafiq, berriz, Casablancakoa da (4,3 milioi biztanle). Zerbait egiteagatik gurasoek zigortu egin zuten eta etxetik alde egitea erabaki zuen 17 urterekin. Etxekoei ez zien bere migratzeko asmoen berri eman.
Alde egitea
Bashirrek gaur egun 16 urte ditu. Egun batez etxetik goizeko seietan atera zen eta ez zen gehiago bueltatu. Berarekin batera beste 29 adin txikiko mutiko abiatu ziren Udjatik Melillarantz. Kamioien eta autobusen azpian ezkutuan sartuta egin zuten bidea. Bashirrek aitortu digu Melillan sartzea ez zela erraza izan: “hesia saltatu behar duzu. Hirugarren saiakeran lortu nuen, soka handi batekin. Mozketa txikiren bat izan nuen. Marokoko poliziak harrapatzen bazaitu jotzen zaitu. Espainiakoak ere jotzen zaituzte. Udaltzainek ez dute jotzen”. Hesia gaindituta, atxilotu egin zuten eta gela batera eraman zuten eta Espainiarako itsasontzia joan ondoren aske utzi zuten.
Hazinek etxean esan zuen alde egiteko asmoa zuela. “Geldi, geldi esan zidaten. Dirua eman nahi zidaten pateran etortzeko. Migratzea garestia da”. Familiak dirua lortu zuen: 4.000 euro. Haren moduan egin zuten Samirrek eta Zahirrek, Errachidiatik Tangerrera joan ziren. Rafiq autobusez iritsi zen Tangerrera.
Itsasartea zeharkatzea
Itsasontzian sartzeko Bashirrek bi bide daudela azaldu digu: kamioien azpian itsasontzian sartzea edo hondartzatik joz itsasontziko sokatik gora eginez. Berak, azkenean, Melillatik beharrean aldameneko Beni Ansarretik atera zen Espainiarantz. Itsasontzira autobus baten azpiei helduta sartu zen, “gogorra izan zen, baina ez zen ezer pasatu”. Horretarako, eskanerra, poliziaren kontrola eta haien txakurren miaketa pasa behar izan zituen. “Harrapatzen ez zaituztenean, itsasontzira igotzen zara, eta kitto. Aparkalekuan itsasontziz aldatu zaitezke”. Almeriarako itsasontzia hartu zuen berak, baina Murtzian jaitsi zen.
16 urterekin Hazim Tangerren, familiak bildutako dirua aldean zuela. “Patera eta motorra erosten duen buruzagi bati pagatzen diozu. Gauero bat edo bi patera ateratzen dira”. Hazimek aurreneko saialdian lortu zuen itsasartea zeharkatzea. “Beste batzuk hiru edo lau saiakera egin behar izan dituzte. Nik aurrenekoan migratu nuen”. Bere pateran 37 pertsona gurutzatu zuten itsasartea. 14 orduko itsas-bidaia izan zen. Bide erdia lasai egin zuten, baina beste erdian itsasoa zakartu egin zen. Hazimek pateran grabatutako bideoa gorderik du.
Gauez iritsi zen Tangerrera Rafiq eta kamioi baten azpian jarrita itsasontzira sartzea lortu zuen, bigarren saiakeran. Horrela iritsi zen Algecirasera. Samirrek Tangerren patera hartzeko saiakera ugari egin zituen. 5.000 euro pagatu behar izan zituen itsasartea zeharkatzeko. Zahirrek han bi aste eman zituen, itsasartea gurutzatzea lortu zuen arte. Lau saiakera egin zituen pateran: aurrenekoan itsasontzia zulatu eta ondoratu egin zen, beste bitan poliziak eragotzi zien.
Penintsulan
Murtzian kamioi azpitik atera eta Marokoko turista batek jatekoa eta dirua eman zion. Murtziako adingabekoen egoitza batera jo zuen Bashirrek. Han bost hilabete eman zituen eta gaztelania ikasi zuen. Handik Donostiara jo zuen eta Nafarroara iristeko. Algecirasera iritsi zen Hazim, eta handik Bilbora jo zuen, lehengusu baten etxera. Han aste bat eman ondoren Iruñera joan zen. “Errachidiako mutilek esan zidaten Iruñera joateko, ongi zegoela. Herriko mutilak dagoeneko pisuetan daude”. Hazimek ere pisu batera atera nahi du, horregatik, orain gaztelania ikasten ari da. Eta hezitzaileekin oso ongi moldatzen dela dio.
Algecirasen egun bat eman zuen Rafiqek. Kamioi batean muntatuta iritsi zen Sevillara. Mutiko batzuk dirua eman zioten eta horrekin poliziari hots egin zion. Egoitza batera eraman zuten eta han astebete eman zuen, beste egoitza batera lekualdatu zutelako. “15 egun eman nituen eta hanka egin nuen. Ez zen egoitza ona. Ez zegoen ez jarduerarik ez ezer. Madrilera joan nintzen. Gau batez kalean lo egin nuen”. Dirua lortu eta Zaragozara joan zen Rafiq.“Ez zitzaidan gustatu, lapur asko daude. Lagun batek esan zidan Iruñean ez dagoela lapurrik, hobea zela”. Duela 17 egun iritsi zen Iruñera. Casablanca Iruñea bidaia hilabete eta aste batean egin ondoren, aterpean ongi dagoela esan digu Rafiqek.
Samir Algecirasera iritsi eta zentro batean astebete eman zuen. Handik beste egoitza batera pasa zuten. 15 egun egin zituen ihes egin eta Donostiara alde egin zuen arte. Handik Bilbora jo zuen eta 15 egunen ondoren Iruñera iritsi zen sorterritik abiatu eta hiru hilabetera. Aterpean ongi dagoela dio.
Algecirasera iritsi eta larrialdi gunean sartu zuten Zahir, eta handik Sevilla ondoko egoitza batera lekualdatu zuten. Bi egunen buruan egoitzatik ihes egin zuen, meskita batean dirua eskatu eta Bilbora joan zen. Handik Iruñerako bidea hartu zuen, etxetik atera eta hilabete eta bi astetara.
Ametsak
Aterpetik tutoretzapeko pisu batera atera nahi dute guztiek. Bashirrek Lanbide Heziketako gradu ertain bat ikasi nahi du, ile-apaintzailea edo auto-mekanikaria, horiek ditu buruan. Eta Osasuna moduko taldean futbolaria izan nahi luke. Sorterrian jokatzen zuen eta Frantziaren kontrako partida baten ondoren, joateko eskaintzak jaso zituen, baina berak jarri behar zuen dirua, eta ezin.
Hazimek auto-mekanikaria izan nahi luke, horregatik, ikasteko asmoa du. Bere zaletasuna saskibaloia da eta kirola praktikatu nahi luke. Europaz zuen irudia behin hemen hoberako egin duela esan digu. Rafiqek elektronika ikasteko asmoa du. Horregatik, ari da orain gaztelania ikasten. Casablancan Batxilergoa ikasten ari zen eta ikasle ona zela aitortu digu. Boxeo-zalea da, sorterrian entrenatzen zen eta hura praktikatu nahi luke.
DBHko 4. mailan ikasten ari zen Samir sorterrian. Hemen ikasten segitu nahi luke. Sorterrian praktikatzen zuen eta hemen karate irakaslea izan nahiko luke. “Algecirasek ez zuen Europaren itxurarik. Bilbora iritsi arte ez nuen sentitu Europan nengoela”. 16 urteko Zahirrek gaztelania ikasi ondoren auto-mekanikari ikasketak egin nahi ditu. Futbolzalea da eta sorterrian jokatzen zuen, horretan segitzeko asmoa du. Aterpean gustura dago. Europaz zuen irudia bertan egonda hobea da harendako.
Etxekoekin
Bashirri lagunek esaten ziotenez, “hemengoa ongi dago, nahi duzuna egin dezakezu, gustatzen zaizun guztia dago. Gustura gaude hemen, ongi”. Etxekoekin telefono bidezko harremana du. “Ongi daude. Eta ongi nagoen galdetzen didate”. Bera penintsulan zegoela hil zen aita eta orduan bueltatu nahi izan zuen etxera, baina ez zuen egin.
Orain arte pasatutakoak merezi ote duen galdetuta Bashirrek baietz dio. Bere hiritik mutikoak ateratzen segitzen dute: “hamar iritsi berri dira”. Berarekin batera atera ziren 30 haietako batekin besterik ez du harremanik, Alemanian dagoenarekin. Altsasuko Otadiko Kristo deuna aterpean egon diren bitartean gaztelania eskolak jaso dituzte mutikoek. Bashirrek ongi dakienez, itzultzaile lana egiten du klaseetan eta aterpean. Baita gurekin ere. Aterpean gustura egon dira, ez dute ezer faltan sumatu.
Hazim etxekoekin telefonoz hizketatzen da. Orain arte bizi izan dituenak merezi izan duela esan digu. Hazimi ez zaio sekula etxera bueltan joatea bururatu. Rafiq ere etxekoekin harremanetan dago. Bere familiak ez zuen bera etortzerik nahi, baina azkenean onartu dute eta ezer ez dela pasatzen esan diote. Migratzearen ideia ona dela uste du. Aurreneko astean pasa zitzaion bueltako bidea hartzerena, baina dagoeneko ez du horretan pentsatzen.
Familiakoek Samirri ongi dagoen galdetzen diote telefonoz aritzen direnean. Ongi dagoela aitortu digu. Ez zaio sekula burutik pasa etxera bueltatzea. “5.000 balio zuen, nola bueltatuko naiz! Etortzeak merezi izan du.” Zahirren etxekoak “pozik” daude ongi dagoela ikusten dutelako. Atzera egiteko tentaziorik ez du izan eta bidaiak merezi izan duela uste du.