Musikaren bidez bizitzari mila kolore emanez

Guaixe 2019ko eka. 14a, 14:33

Trasteando eta Milakolore taldeetako kideak entsegu batean. JABI BERGARA

Trasteando taldeak elkartasun kontzertua eginen du Milkolore elkarteko kideekin, bihar, 19:30ean, Iortia kultur gunean

Ezaguna da Trasteandko musika taldearen izaera solidarioa. Eskaintzen dituen kontzertu bakoitza elkartasun doinu bat da. Besteak beste, Afrikan eta Amerikan aritzen diren Gobernuz Kanpoko Erakudeendako edota Nafarroako Janari Bankurako dirua bildu dute. Biharkoa, aldiz, kontzertu are "bereziagoa" eginen dute, Milakolore elkartekoekin ariko direlako. 19:30ean izanen da emanaldia, Iortia kultur gunean. Sorpresak egonen direla aurreratu du Kruz Mari Martinez Larrea Trasteando taldeko zuzendariak. Irabaziak, beraz, Milakolore behar bereziak dituzten pertsonen elkarterako izanen dira.

Berezia, ezberdina eta sorpresaz beteta. Trasteando eta Milakoloreren kontzertu solidarioa deskribatzeko Martinezek erabili dituen hitz errepikatuenak dira. Berezia, izan ere, musikariek musika jarri dutelako eta, aldi berean, Milakolore elkarteko kideekin elkar ergainean ariko direlako. Ez bakarrik elkarteko kideak, agertokiaren gainean gurasoak, familiak, boluntarioak eta abar ariko dira. Gainera, Javier Bergara, Elur Olabide eta Irantzu Gonzalez kontzertuaren gidariak izanen dira.

Kontzertua bost bloketan banatuta egongo da eta bloke bakoitza gai bati buruz izanen da: familia, boluntarioak, kideak... Trasteandoren ohiko errepertorioa eginen dute, eta hainbat abesti propio prestatu dituzte ere kontzertu honetarako. Gainera, Milakoloreko kideei guztatzen zaizkien abestiak prestatu dituztela esan du Martinezek. Milakolorekoek dantzatuko dute, abestuko dute, instrumenturen bat joko dute... Baina Martinezek ez du gehiago aurreratu nahi nahi izan.

Musika
Milakolore elkarteko kideei musika "izugarri" gustatzen zaiela esan du Martinezek. "Desinhibituta sentitzen dira eta beti parte hartzeko jarrera erakusten dute". Hortaz, kontzertu "oso polita" izanen dela esan du. Milakoloreko kideek musikoterapia egiten dute larunbatero Sakanako Mankomunitateak antolatutako ikasataroari esker. "Musika guztion laguna da, eta ikusi dugunagatik Milakoloreko kideek asko disfrutatzen dute musikarekin, haien bizitzetan presente dago".

"Mundua oso desberdina da. Ez dago bakarrik beltza eta zuria, grisak eta kolore asko daude. Normalizatu behar dugu elkarbizitza eta desgaitasunak gure bizitzan barneratu behar ditugu". Bihar Trasteandok eta Milakolorek eginen duten kontzertua bezalako ekimenek elkarbizitza sustatzeko laguntzen dutela esan du Martinezek.

Duela urte bat bururatu zitzaien Milakolorekoekin kontzertua egitea eta, "nork daki", agian denborarekin heziko den koloretako hazia landatu dute aurten.