"Likoretas" Altsasukoak Aske 3x3 Streetball Txapelketan

Guaixe 2019ko eka. 20a, 13:29

Guztira 10 saskibaloi taldek hartu zuten parte CBASK-ek larunbatean Altsasun antolatutako Altsasukoak Aske 3x3 Streetball Txapelketan eta Sakanako taldea gailendu zitzaion Aguraingo taldeari irabazita

Altsasuko CBASK saskibaloi taldeak larunbatean Altsasuko Intxostiapuntako saskibaloi pistan antolatutako Altsasukoak Aske 3x3 Streetball Txapelketa arrakastatsua izan zen oso. ʺEgun ezin hobea atera zen, eguraldiak lagundu zuen eta giro aparta egon zen egun guztian” azaldu digu Unai Mundiñanok, antolakuntzan eta txapelketan parte hartzen ibili zen saskibaloi jokalariak. Guztira 10 taldek hartu zuten parte Altsasukoak Aske 3x3 Streetball Txapelketan, horietako bat emakumezkoen  taldea, ʺRenacidas” izenekoa, eta taldeen artean ligaxka jokatu zuten. 14:00etan geldialdia egin zuten, parrillada egin eta bazkaltzeko, eta arratsaldean aurrera jarraitu zuten partidek. Giroa berotzeko DJ Txenek musika jarri zuen eta ikusle dezente hurbildu zen Intxostiapuntara, saskibaloiaz gozatzera.

ʺLikoretas” talde sakandarrak eta Agurain taldeek jokatu zuten finala, baina finala baino lehen kontzentrazioa egin zuten Intxostiapuntan bildutakoek, ʺAltsasukoak kantxara, gurekin nahi zaituztegu” leloa zuen pankartaren atzean. Adrian Senar, Aimar Azpiroz, Arkaitz Gurrutxagak eta Unai Mundiñano ziren ʺLikoretas” talde sakandarreko kideak, eta final estuan, luzapenean Aguraingo taldea mendean hartzea eta Altsasukoak Aske 3x3 Streetball Txapelketa irabaztea lortu zuten. ʺEgun guztian zehar jende asko pasa zen txapelketa ikustera eta oso giro ona egon zen. Primerako eguna” gaineratu du Mundiñanok.

3X3 Ziordia Saskibaloi Torneo solidarioa uztailean
Ziordiak beste kirol ekimen solidario bat hartuko du. Uztailaren 27an III. 3X3 Ziordia Saskibaloi Torneo solidarioa antolatu dute, Markel Carmonaren alde. Markel Urnietako haur bat da, oraindik diagnosirik ez duen gaixotasun bat duena. Terapia eta behar bereziak ditu Markelek, eta saskibaloi torneoan zozketatuko dituzten saskietan ateratzen den guztia bere familiari emango dio antolakuntzak, euren egunerokotasunean lagungarri izateko.

Uztailaren 27an jokatuko den 3x3 Ziordia Saskibaloi Torneoarekin gaztetxoenengan saskibaloia sustatu nahi dute eta goiz ederra pasa. Izena ematea dohainik izango da baina Markelen alde zozketatuko den saskirako txarteltxoren bat erostea derrigorrezkoa izanen da. Txartelak euro bateko prezioan jarriko dira salgai, eta etekin guztiak Markelen senitartekoendako izango dira.