Pentsiodunek udalera jo dute orain

Guaixe 2019ko eka. 30a, 12:48

Pentsiodunak udaletxe parean kontzentratuta.

Aita Barandiaran egoitzaren egoera bideratzeko eskatu diote alkateari. Hiru eskaera egin dizkiote.

Asteleheneroko hitzordua du Sakanako Pentsiodunen eta Adinduen Koordinakundeak Altsasuko udaletxe parean. Asteleheneko kontzentrazioa baliatu zuten ordezkaritza bat herriaren etxera joan eta alkateari zuzendutako eskaera aurkezteko. Aita Barandiaran adinduen egoitzako Etorkizuneko bezero potentzialak garenez, gure ahotsa entzuna izatea nahi dugu”. Izan ere koordinakundeko kideek kezka dute adinduen egoitzak “ez duelako behar bezala funtzionatzen; langileek gehiegizko lan karga dute eta horrek barne tentsio indibidualak eta kolektiboak sortzen ditu, baita senideekin eta egoitzan daudenekin”.

Horregatik, egoitzako patronatuko presidente den Altsasuko alkateari hiru eskaera egin dizkiote. Aurrena, egoitzan lan egiten duten pertsonen kanpo-auditoria psikosoziala. Hurrena da plantilla handitzea (goizeko eta arratsaldeko lan txandetarako langile bana, garbitokian beste bat eta osasun-laguntzaile tekniko bat, goiz eta arratsaldeko txandak bete ahal izateko). Eta atzeneko eskaera da langileen behin-behinekotasuna murriztea. Koordinakundetik jakinarazi dutenez, astelehenero, 12:00etan, Altsasuko udaletxe parean kontzentratzen segituko dute. Biharko deialdian parte hartzera deitu dute.