Egutegiko egun seinalatua: San Pedro

Guaixe 2019ko eka. 28a, 14:48

Dantzarako tartea izanen da ere.

San Juan ospakizunei lekukoa hartuko die biharko festa-egunak, altsasuarren egun kuttuna dena.

Garagarrilak 29, larunbata
10:00etan Udalbatza, Altsasuko Txistulariekin batera, San Pedroko zelaira abiatuko da.
10:45ean Auzatea eta zortzikoa.
14:30ean Bazkariak.
17:00etan Udalbatzaren agurra zelaian barrena. Puruen banaketa. Alkateak zortzikoa zabalduko du.
20:00etatik 22:00etara Dantzaldia Orots taldearekin, Foru Plazan.
24:00etatik 02:30era Dantzaldia Orots taldearekin, Foru Plazan.

Oharrak
Altsasuko Udalak festa behar bezala ospa dadin hainbat ohar egin ditu. Aurrena eguraldi txarra eginen balu ospakizuna Burunda frontoira lekualdatuko litzatekeela. Halakorik gertatuko denik ez dirudienez, bihar San Pedrozelairaino joan nahi duenak 10:30 baino lehen egin beharko du. Ordu horretan ibilgailuendako pasa moztuko da eta nahi dutenek Urdiaindik jo beharko dute zelairantz. Salbuespen bakarra mugikortasun mugatua duten pertsonak izanen dira, haiei zelaira autoz iristea bermatuko zaie. Ohi bezala, Dantzalekuko goiko futbol zelaia eta igerileku pareko eremua autoendako aparkaleku bihurtuko dira.

Festetan etxeko eta familiako ardurak familia guztiko kide guztienak direla gogorarazi dute udaletik. Eta horri lotuta, ezezkoak ezetz esan nahi du beti. Erasoak ez direla onargarriak nabarmendu dute. Udaletik aparteko garrantzia eman diote San Pedro ospakizunetan ingurunea zaintzeari “Erromeria toki paregabean ospatzen denez, zure laguntza ezinbesteko da natur gunea bere horretan mantentzeko”. Altsasuko udaletxetik gogorarazi dute zelaian zaborrendako edukiontziak eta kontainerra izanen direla, eta haiek erabiltzeko gonbidapena egin du. Bestetik, barretan edalontzi birziklatuak erabiliko dituztela jakinarazi du. Gainera, komunkak ere jarriko ditu udalak eta haiek erabili ondoren garbi uzteko eskatu dute udaletik.

Gosariak, bazkariak eta merenduak prestatzeko suak pizten dituzte altsasuarrek. Udaletik suak partekatzeko gonbidapena luzatu dute, “modu horretan zorua gutxiago higatuko da, eta belar tapaki gutxiago galduko da”. Suak zuhaitz txikien ondoan ez egiteko eskatu dute, lehor ez daitezen. Bestetik,  suziriak, petardoak, kristalezko objektuak, ziztatzaileak edo sukoiak diren objektuendako debekua jarri du udalak. Sanpedrotan arduraz kontsumitzeko eta festaz gozatzeko eskaera egin dute, azkenik, udaletik. Gogoraraziz, DYAkoak osasun arreta eskainiko dutela.