Herriko hormak koloreztatzen

Guaixe 2019ko uzt. 2a, 12:11
Altsasuko Ameztia auzoko pasabidean egin duten murala.

Aurreko larunbatetik Altsasuko Ameztia auzoko trenbide azpiko pasabideak irudi berria du. Grafitigile talde bat pareta grisa koloreztatzen aritu zen. "Guztion artean", baina bakoitzak nahi duena margotu zuen, pasabideari bizitze emanez

Altsasuko Ameztia auzokideak herrira joateko trenbide azpitik pasa behar dira. Pasabide horrek horma zuriak eta pertsonalitaterik gabe zituen. "Trena goitik pasatzeko eginak daude, eta ez dute ezer margotuta". Hortaz, "ongi iruditzen zaigu lau gauza eta landuak egitea". Larunbatean, beraz, grafitigile talde bat aritu zen horma zuriak koloreztatzen. "Polita gelditu da".

Iruñeko grafitigile talde bat aritu zen Ameztia auzoko trenbide azpiko pasabidea margotzen. Grafitigile taldekidetako bat duela bost urte hasi zen hormak margotzen eta ospatzeko Altsasu aukeratu zuten, izan ere, grafitigile hori Altsasura bizitzera etorri zen aspaldi. Eguna pasatzera Altsasura etorri ziren, eta horma hori margotzea erabaki zuten. Grafitigile eta grafitizale "amorratuak" direla esan du horietako batek.

"Guztion artean" egin dute grafitia. Horma hori margotzea pentsatu zuenak fondo bat pentsatu zuen, kasu honetan, bidea izango balitz bezala. Gero grafitigile bakoitzak bere grafitia edo marrazkia egiten du. "Bakoitzak nahi duena". Gainera, grafitigileen artean margotzeko modu eta estilo desberdinak daude. "Batzuk inprobisatzen dute eta ez dute bozetorik behar, baino gehienek bozetoak egin behar ditugu. Ez da erraza bat-batean egitea, marrazki nahiko zehatzak direlako". Hortaz, inprobisaziotik gutxi izaten dute grafitiek, eta "nahiko pentsatuak" izan ohi dituzte marrazkiak. Altsasuko pasabidean marrazki "landuak" egin dituztela esan du grafitigile batek, "ez dira sinadurak besterik gabe".

"Horrelako grafiti topaketak egiten ditugu". Edozein aitzakiarekin gelditzen dira eta larunbatean Altsasun egindako topaketaren antzekoak egiten dituzte. "Grafitiaren inguruan nahiko sare majoa dago Euskal Herrian, eta hemendik kanpo ere". Esaterako, Madrilgo gazteak ere etortzen ohi dira. "Musika talde bat dute eta margotzen dute. Beraz, hiru hilabetetan behin etortzen dira, margotzen dute eta kontzertuak egiten dituzte". Mugitzea "polita" dela esan dute.

Horma sotilak, xumeak, bizirik gabeak koloreztatzen dituzte, Altsasuko pasabidea bezala. "Gustuen araberakoa da". Trenbide azpiko pasabidea bai, baina trenak margotzea "beste liga batean" dagoela dio grafitigile batek. Bestetik, grafitiak egitea ez dela zaila esan du, "baina oso zehatza da, eta teknika harrapatzea kostatzen du".

Erlazionatuak