"Abandonatutako elementuak interesatzen zaizkit"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko uzt. 5a, 13:40
Irati Urrestarazu artista Rekalde aretoko erakusketan. UTZITAKOA

Estetikaren beste begirada bat proposatzen du Irati Urrestarazu Zubizarreta artista altsasuarrak. Bilboko Rekalde aretoan erakusketa mustu berri du

Bilbo "hiri artistikoa" dela esan du Irati Urrestarazu Zubizarreta altsasuarrak; "gauzak egiten eta sortzen dira". Hortaz, bertan egiten ari da bere ibilbide artistikoa. Azken bi urte hauek "garapen-hasiera" urteak izan dira, eta, atzo, Rekalde aretoan erakusketa mustu zuen Barriak 2019 programaren baitan. Bilboarten erresidentzia beka lortu zuen ere.

Barriak 2019 programaren barruan Rekalde aretoan erakusketa mustu duzu. Zer da Barriak 2019?
Barriak Bizkaiko diputazioak ibilbide luzerik ez dugun edo hasten ari garen artistak bultzatzeko beka bat da. 2018 amaieran eta 2019 urtean zehar proiektua gauzatzeko laguntza bat da. Eta parte hartu dugun artisten artean hautaketa bat egiten dute eta Rekalde aretoko sarreran dagoen Gabinete Abstraktua deitutako aretotxoan erakusketa bat egiteko aukera ematen dute. Lau artista berri aukeratzen dituzte, eta duela 10 edo 15 urte programan parte hartu zuen artista bat gonbidatzen dute ere.

Zein da zure proposamena?
Bilboarteko erresidentzia beka eman zidaten ere eta aurreko urtean egindakoa aprobetxatu dut. Beste momentu batean nengoen eta beka horrek proposamen zehatz bat aurkezteko aukera eman zidan. Hainbat eskultura eta elementuz osatutako instalazio zabal bat egin dut. Horien artean eskaiolazko figura batzuk, poliester erretxinarekin egindako piezak, burdinaz eta kalean aurkitutako zenbait elementuz eta materialez sortutako konposizio bat da.



Zertan oinarritu edo inspiratu zara?
Naturalaren eta artifizialaren arteko dikotomia edo harremana interesatzen zait. Guk gure inguruarekin erlazionatzeko dugun modua. Betidanik interesatu zaizkit inguruan abandonatuta dauden edo interes gutxi duten elementuak. Erabilerarik ez duten gauzak, botata gelditzen diren gauzak… interesgarriak dira niretako. Elementu horiek beti gustatu izan zaizkit. Eta, gero, artifizial eta naturalaren arteko harreman horretan, esaterako, aitak gaixo zegoen zuhaitz bat bota zuen. Bada,  nik berreskuratu egin dut eta nire lanean sartu dut. Plastikoarekin, burdinarekin eta eskolarekin sortutako piezak ere badaude. Gure inguruan sortzen ditugun ekintza bortitz horiek guztiak nire lanean islatzen ditut. Horregatik, nire lana biolentzia horrekin sortzen dut. Materialak mugara eramaten ditut. Muga hori apurtzen dut, eta nire eskuak ongi ikusten dira sortzen ditudan piezatan. Izan ere, moldeak egitean bortxatzen ditut eta biolentziarekin tratatzen ditut hortik ateratzen dena ez kontrolatzeko eta aztarna hori mantentzeko. Nire sortze prozesua horrelakoa da.

Zure estiloa jarraitu duzu?
Behin amarekin hitz egiten, esan zidan txikitan gainontzeko haurrek hondartzan txirlatxoak eta horrelako gauza politak hartzen zituztela; nik, aldiz, herdoildutako iltzeei, taila zatiei eta horrelako elementuei erreparatzen nien. Poltsikoak beti horrelako gauzaz beteta neuzkan. Gogoratu nintzen amak esandako horretaz, eta ideia gustatu zitzaidan. Hortik tiratzen hasi nintzen, eta interesik ez daukaten elementu horiei interes bat edo bizitzeko aukera bat ematen diet. Egia da erabiltzen ditudan elementuak ez direla horiek bakarrik. Beste elementu batzuk ere erabiltzen ditut. Adibidez, lona handi batzuk aurkitu nituen eta kolore fosforitoekin margotu ditut. Elementuak eta materialak nahasten ditut.

Edertasuna aurkitzen duzu beste guztiek aurkitzen ez duten lekuan.
Bai. Estetikaren beste begirada bat da.

Rekalde aretoa erakusleiho bat da eta erakusketa kaletik ikusten da. Zer suposatzen du horrelako leku batean erakusketa bat egiteak?
Rekalde aretoa oso handia da, eta erakusketa jarri dudan lekua gelatxo bat da. Erakusleiho moduko bat da eta nire proposamena hori kontuan hartuz egin dut, hau da, kanpotik ikusiko dela kontuan hartuz. Horrekin jokatu dut. Bestalde, Rekalde aretoan erakusketa egitea aukera ikaragarria da, izen handiko sala baita. Gainera, laguntza ekonomiko bat dago, eta sortzeko dauden baldintzak oso onak dira. Artearen munduan horrelako sariketa guztiak ez dira berdinak, eta baldintzak ez dira beti hain onak. Areto honetan lan egiteko baldintzak oso duinak dira.

Aurretik Bilbaoarten ere beka lortu zenuen. Bilbon ibilbide artistikoa egiten ari zara.
Joan den urtea eta aurtengoa izaten ari dira bat-bateko aireratze moduko bat. Laguntzak jasotzen ari naiz. Bilbaoarteko beka produkziorako beka oso ona da, eta guk normalean gure tailerretan ez ditugun elementuak, materialak, makinak eta espazioa eskaintzen dizkigute. Gozamena da. Rekalde aretoko erakusketa egin ahal izateko bikaina izan da. Uztartu ahal izatea sei hilabetez erresidentzian egotea eta Rekalde aretoan amaiera edo itxiera ematea ikaragarria da.

Bilbaoarten ere erakusketa egin zenuen?
Erakusketa baino gehiago, ate ireki moduko bat izan zen. Hilabete hauetan bertan egin duguna erakutsi genuen. Abenduan ate irekiera ofiziala izango da eta bertan lehenengo sei hilabetetan eta bigarrenean egon garen artista guztiok parte hartuko dugu.

Artearen diziplina guztietatik, zergatik eskultura?
Txikitatik eta ikasketetan ere asko pintatu izan dut. Baina pinturarekin zerbait falta zitzaidan. Ez nintzen guztiz osatua sentitzen, nolabait esateko. Orain dela hiru urte-edo eskulturaranzko aldaketa egiten hasi nintzen. Baina eskulturak egiten ditudanean elementu piktoriko asko erabiltzen ditut. Beraz, bi diziplinak uztartzen ditut. Marrazketatik edo argazkietatik hasten naiz eta batzuetan erakusten ditut, eta beste batzuetan ez. Baina ez dut bakarrik eskultura egiten. Eskultura modu instalatiboan egiten dut. Ez dira pieza itxi batzuk. Hainbat pieza egiten ditut eta horien arteko harremanak bilatzen ditut. Horrela lan egitea gustatzen zait, hurrengo erakusketan elementu berberekin gauza oso desberdinak sor ditzakedalako. Espazioaren arabera guztiz moldagarriak dira. Bizitasun hori gustatzen zait.

Bilbora ikastera joan eta bertan gelditu zinen. Okela espazioaren sortzaileetako bat izan zinen. Zer eragin izan du espazioak zure ibilbidean?
Arte Eder ikasketak amaitzear geundela, eta zer egin ez genekiela geundela, proiektu bat sortzeko gogoa sortu zitzaigun. Hasiera batean gure tailerra izan behar zen, baina espazioa oso gaizki zegoen; eta konpontzen ari ginela, panorama artikoaren gabeziei buruz hitz egin genuen. Hortik sortu zen Okela. Azkenean ez zen gure tailerra izan, proiektu oso bat izan zen. Okelak eskaini diguna da artetik oso gertu egotea, lana izateaz gain; eta nahiz eta ekonomikoki prekarioa izan, sostengatzen gaituena da.  Elkarlanean gure heziketa prozesuarekin jarraitzea eskaini digu, hortik ikasten jarraitzen dugulako. Artearen munduan jarraitzeko gertatu zaigun gauzarik onena da.

Altsasun gelditu bazina, zure ibilbidea holakoa izango zen?
Ez dut uste. Beste lan batean hasiko nintzen, eta artearen munduan mantentzea zailagoa izango zen. Bilbo hiri artistikoa da, eta gauza asko gertatzen dira. Bertan egoteak bultzatzen du lanean jarraitzera eta hor mantentzera. Artearen mundua nahiko lan zaila da, eta ekonomikoki mantentzea zaila da. Beraz, erraza da amore ematea. Bilbon egoteak aukera eman dit.

Etorkizunerako?
Diru-laguntzak eta bekak eskatzen jarraitzen dut. Orain aterako dira laguntza eta sari batzuk. Pixkanaka batetik eta bestetik aurrera jarraitzen dut. Momentuz hainbat proiektu atera dira, Getxoarteko komisariotza, esaterako. Beraz, etorkizunean oraindik lana badago. Lasai-lasai, aurrera.