“Lagunak egitera goaz”

Alfredo Alvaro Igoa 2019ko uzt. 6a, 11:46

Mikel Etxaiz, Aitor Ovejero eta Javi Diaz.

Garila guztia Euskal Herrian barna ibiliko dira 121 gazte EuskarAbentura espedizioan. Haien artean  hiru altsasuar daude.

EuskarAbentura 2019 espedizioa astelehenaz geroztik martxan da. Bigarren edizioan 121 gazte parte-hartzaile daude, zazpi lurraldeetakoak eta diasporakoak. Gazteek Euskal Herriko Donejakue hiru bideetan barna 798 km eginen dituzte 31 etapatan. Mauletik Vianaraino barnealdeko euskal bidea, Gesaltzatik Iruneraino (kontrako norabidean) eta euskal kostaldeko bidea Baionatik Getxoraino. Maulen hasi zuten ibilbidea astelehenean eta Getxon bukatuko dute garilaren 31n. Parte hartzaileen artean hiru altsasuar daude: Mikel Etxaniz San Roman, Aitor Ovejero Castillo eta Javier Diaz Zelaia. Espedizio kideen ibilerak EuskarAbentura mugikorrendako aplikazioaren bidez segitzeko aukera dago. Hura deskargatzeko www.euskarabentura.eus web orrira jo.

Aurtengo parte-hartzaileek joan den urtean aritutakoen bisita hartuko dute bi egunetan. Batzuek besteekin esperientziak partekatzeko, joan den urteko harremanak ez galtzeko eta aurtengoek aritutakoei galderak egiteko balioko dute bi hitzordu horiek. Aurreneko bisita igandean 09:00etan hartuko dute, Zubiriko frontoian. Bi edizioetako gazteek Iruñea bitarteko 23 km-ak eginen dituzte. Arratsaldean Iruñean ekintzak izanen dituzte eta elkarrekin gaueraino izanen dira. Atzeneko topaketa Donostiako udaletxeko eskaileretan izanen da hilaren 24ko 09:00etan. Orduan Zarautzerainoko etapa eginen dute elkarrekin.

EuskarAbenturako parte-hartzaileek Mauleko alkatearekin talde argazkia egin zuten aurreneko egunean.

Nola izan zenuten EuskarAbenturaren berri?
Mikel. Javierrek eta biok baditugu bi lagun joan den urtean parte hartu zutenak: Alex Santano eta Enaitz Larrion. Esperientzia kontatu ziguten eta inbidiaz gelditu nintzen. Gogo handia nuen. 2019ko parte-hartzaile bat gure klasera etorri zen esperientzia kontatzera eta gu animatzera. Eta izena eman nuen.
Javier. Joan den urtean izena eman behar nuen, baina azkeneko momentuan hanka-giltza bihurritu eta ezin izan nuen parte hartu. Eta gero esan nuen: aurten bai edo bai.
Aitor. Ikastolan gomendatu zidaten Euskarabenturara joatea, esperientzia oso dibertigarria zela esanik. Gogo handia nuen joateko eta han ongi pasatzeko.

Parte hartzeko zein pauso eman behar dira?
Aitor. Parte hartzeko aukera asko eman zizkiguten. Hemen gauden guztiok bideo bat egitea aukeratu genuela uste dut. Ez dira publiko egiten. Ni Urbasara igo nintzen bideoa grabatzera. Gero Aralarrera joan ginen. Bukatzeko Beriainen grabatu genuen, lagun batekin.

Zer da aurkezpen bideoa?
Aitor. Ez, asmatutako istorio bat kontatu nuen, pixka bat tontoarena egiten. Umorez.
Javier. Bideoaz aparte motibazio gutun bat idatzi behar zenuen, zergatik joan nahi zenuen eta zer espero zenuen azalduz. Bideoa egiteko nire baratzera joan nintzen eta nolakoa zen azaldu nuen, zer nuen landatuta. Umore puntua emateko porrua atera nuen lurretik.
Mikel. Nik ez nuen bideorik egin. Hainbat aukera eman zituzten: marrazki bat egitea, bideoa, idatziz istorio bat kontatzea. Azken hori egitea erabaki nuen. Haiek emandako gaiarekin bi orriko istorioa asmatu nuen. Errefuxiatu batzuei buruzko istorioa zen. Motibazio gutunarekin batera entregatu nuen.

Badakizue zenbatek eman duten izena?
Javier. Euskal Herri guztiko 270 inguru gazte, 16 eta 17 urtekoak.

EuskarAbenturan zer espero duzue?
Aitor. Hainbat eskualdetako lagunak egitea. Beraiekin harreman ona sortzea eta, gehien bat, ongi pasatzea. Gustura egon udako hilabete bat.
Javier. Aprobetxatzea. Aitorrek esan duen bezala, lagun asko egitea. Euskalki asko ezagutzea, eta haiekin hitz egitea.
Mikel. Lagun berriak egitea. Udan ohean edo sofan botata ez gelditzeko aukera ona da. Kirol pixka bat egiteko.

Oinez egiten da. Egunean, gutxi gorabehera, zenbat km? Ohituta zaudete?
Aitor. 20 bat. Nik lasterka egiten dut.
Mikel. Nik kirola bai, baina ibili ez.
Javier. Nik futbolean jokatzen dut.

Zer dakizue bidean eginen duzuenaz?
Mikel. Uste dut zenbait tokitan geldituko garela eta norbait istorioak kontatzen egonen dela.
Javier. Ikusiko ditugun gauzak, gehien bat, kultur ondarea izanen da. Haien historia, zergatik dauden azalduko digute.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskaraz hitz egiteko balioko dizue?
Aitor. EuskarAbentura, gehienbat, euskara sustatzeko egiten da. Gazteen artean gehiago hitz egiteko.

Beste udalekuren batean izan zarete?
Mikel. Txikitan, futbol campus batean. Baina halakorik, hain handirik ez.
Javier. Duela bi urte Zarautzen surfa egiten egon nintzen. Derioko neskak zeuden. Jendea ezagutu nuen.
Aitor. Duela bi urte Joseikan Budoko topaketa bat egin genuen Orion.

Hilabete horretan komunikazioarena nola dago?
Aitor. Gomendatu digute telefonoa eta kargatzailea eramatea, familiarekin eta lagunekin hitz egin ahal izateko.
Javier. Afaldu ondoren utziko digute.

Egiten diren harremanak mantentzen dira? Zer diote Alexek eta Enaitzek?
Mikel. Alex ikasturte honetan Kanadan dago. Egia esan, horretaz berarekin ez dut hitz egin. Uste dut Enaitzek ez duela harremanik mantendu.
Javier. Gasteizko igerilekuan gaudela, familiek gu bisitatzeko aukera izanen dute.

Erlazionatuak