Altsasuko Udalak legegintzaldirako bere egitura zehaztu zuen atzoko bilkuran. Udalak 11 batzorde izanen ditu, guztiak Geroa Baiko zinegotziek zuzenduta. Alkateak azaldu duenez, EH Bilduri Euskara, Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasuna batzordeak zuzentzea proposatu zieten; baina eskaintza ez onartzea erabaki zuen Geroa Baik gehiengo absolutua duelako. Hala ere, batzordeetan parte hartu eta eta proposamenak aurkeztuko dituztela aurreratu zuen koalizioak.
Atzo erabakitakoaren arabera Javier Ollo Martinez alkatea Hirigintza, Ogasun eta Aurrekontuak eta Euskara Batzordeetako presidentea izanen da. Mari Carmen Goikoetxea Napalek bi batzorderen ardura izanen du: Batzorde Soziokulturala izanen da (Gazteria, Ludoteka, Kirola, Kultura eta Parte-hartzea) eta Emakumea eta Berdintasuna. Beste bi batzorderen ardura izanen du Jokin Zelaia Oiarbidek: Historia Memoria eta Bizikidetza Batzordea eta Osasun eta Gizarte Zerbitzuak.
Nekazaritza, Abeltzaintza, Mendiak eta Ingurumen Batzordeko lehendakaria Mari Carmen Viana Murga da. Manuel Bergera Ijurko, berriz, Antolaketa eta Giza Baliabideen Batzordeko presidentea izanen da. Pedro Jimenez Elviraren esku Festen Batzordea geldituko da. Julen Diaz Oiarbide, berriz, Ekonomia Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu batzordearen lehendakari izanen da. Batzorde guztiak aipatu presidenteez aparte beste hiru zinegotziz osatuta daude: Geroa Baiko bi eta EH Bilduko bat.
Udaleko Tokiko Gobernu batzordea alkateak berak eta hiru zinegotzik osatuko dute: Manuel Bergera Ijurkok, Julen Diaz Oiarbidek eta Maria Isabel Lopez de Uraldek. Azken hiru horiek, ordena horretan, alkate-ordeak izanen dira. Batzorde hori 15ean behin bilduko da, ostegunetan, 19:00etan.
Ordezkaritza
Altsasu udalez gaindiko erakundeetan zeinek ordezkatuko duten ere erabaki zen bilkuran. Sakanako Mankomunitateko batzar orokorrean herriari dagozkion zazpi ordezkarietatik bost Geroa Baikoak izanen dira eta beste biak EH Bildukoak. Mank-en Euskara Batzordeko bileretara alkatea joanen da eta Kirol Batzordekoetara, berriz, Mari Carmen Goikoetxea Napal. Anitzartean batzordean Josu Rubio Mendiluze ariko da.
Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari dagokionez, Altsasu ordezkatuko dute Mari Carmen Viana Murgak, Mari Carmen Goikoetxea Napalek, Jokin Zelaia Oiarbidek eta Francisco Javier Paz Miñok. Aita Barandiaran egoitzako patronatuko bileretara joanen direnak dira: Javier Ollo Martinez, Jokin Zelaia Oiarbide, Mari Carmen Goikoetxea Napal eta Francisco Javier Paz Miño. Musika eta Dantza Eskolako Patronatuan ardura izanen dutenak dira: Pedro Jimenez Elvira, Javier Ollo Martinez, Jokin Zelaia Oiarbide, Julen Diaz Oiarbide eta Francisco Javier Paz Miño.
Osasun Kontseiluan udala Mari Carmen Otaegi Saez de Maturanak eta Maria Isabel Lopez de Uralde Muñozek ordezkatuko dute. Altsasu institutuko eskola kontseiluko bileretara Jokin Zelaia Oiarbide joanen da eta Zelandi eskolakoetara, berriz, Idoia Ibañez de Opakua Amillano. Cederna-Garalurren bileretan Javier Ollo Martinez izanen da. Animsa enpresa publikoan Altsasu Jokin Zelaia Oiarbidek ordezkatuko du. Urbasa-Andiako Larreen Batzordeko bileretan, berriz, Mari Carmen Viana Murga izanen da, baita PEFC baso zertifikazioa eskatzen duen Nafarroako elkartean ere. Josefina Arregi klinika psiko geriatrikoa zuzentzen duen Felipe Lezea fundazioan udal ordezkaria alkatea izanen da. Horrekin batera, Javier Ollo Martinez Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko bileretan izanen da. Nafarroako Antzoki Sarean udala ordezkatuko duena Mari Carmen Goikoetxea Napal izanen da eta, azkenik, Iñigo Aritza ikastolako eskola kontseiluan Julen Diaz Oiarbide ariko da.