Udane Vergarak ez du Sanferminetako Emakume Master Cup finala jokatuko

Guaixe 2019ko uzt. 8a, 13:36

Lizarran jokatutako finalerdian, 18 urtez azpikoan Eider Salbidek eta Olatz Ruiz de Larramendik 18 eta 8 irabazi zieten Udane Vergarari eta Garazi Lasari

Asteburuan Sanferminetako Emakume Master Cup txapelketako finalerdiak jokatu ziren Lizarrako Remontival pilotalekuan. Jaialdi oso polita izan zen eta jende ugari hurbildu zen frontoiara. Tartean, 18 urtez azpiko finalerdian, Udane Vergara altsasuarrak Garazi Lasarekin osatu zuen bikoa, Eider Salbideren eta Olatz Ruiz de Larramendiren kontra jokatzeko. Azken hauek erraz eskuratu zuten finalerako txartela, 18 eta 8 irabazi baitzieten Udane Vergarari eta Garazi Lasari.

Sanferminetako Emakume Master Cup txapelketako finalak uztailaren 13an, larunbatean jokatuko dira, Labrit pilotalekuan, goizeko 11:30ean hasiko den jaialdian. 18 urtez azpikoan Arrate Bergarak eta Katixa Agorretak Eider Salbide eta Olatz Ruiz de Larramendi izango dituzte arerio, eta nagusien mailan Amaia Jaka eta Maite Ruiz de Larramendi Iera Agirre eta Oihana Orbegozoaren kontra ariko dira. Finalak zuzenean eskainiko ditu ETBk.