San Fermin egunean, igandean, jaso zuen Jose Angel Agirrebengoa altsasuarrak Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) “zapitxoa”. Napar Buru Batzarreko presidente Unai Hualde eta Euskadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzar presente zirela egin zen ekitaldia. Biek ere nabarmendu zuten Agirrebengoa “goitik beherako politikaria” dela eta “beti aritu izan da Nafarroaren eta bere interesen defentsan”. Azpimarratu zutenez, “Baina, gauza guztien gainetik, pertsona ona da, lankide solidarioa eta beti laguntzeko prest dagoena. Hurkoen zerbitzura dagoen pertsona bat”.
Hualdek gaineratu zuenez, “bizitza politiko bizi eta intentsutik harago, Agirrebengoa izan zen ondorengo urteotan Nafarroan eman zen aldaketaren bultzatzaile eta motor nagusia”. Eta gogora ekarri zuen 2007an Agirrebengoak ilusioz beteta aurkeztu zuela Nafarroa Bai koalizioa “Nafarroako gizartean behar zen aldaketarako aukera politiko gisa, kultura politiko berria eta denondako gobernatzeko era berria zabaltzeko”. Hualdek esan zuenez, “aldaketa hori ez da ameskeria hutsa izan. Aldaketa izan da, eta bertan jarraitzen du Agirrebengoa moduko pertsonen lanari eta koherentziari esker”. Omenduak ekitaldian bildutakoei “esker ona” azaldu zien eta guztiak animatu zituen “Nafarroa bidezkoagoa eta anitzagoa eraikitzeko lanean jarraitzera, etorkizunari itxaropenez beteta begiratu ahal izateko”.