Naiara Diezen Euskadi, Barakaldoko Hiria Torneoko txapelduna

Guaixe 2019ko uzt. 9a, 13:46

Espainiaren kontra jokatutako finalean 46 eta 62 irabazi zuen Euskadik

Asteburuan XI. Barakaldo Hiria Emakumezkoen Federazioen arteko Saskibaloi Torneoa jokatu zen eta tartean Mario Lopezek zuzendutako Euskadiko emakumezkoen selekzioak jokatu zuen. Euskadiko selekzioarekin aritu zen Naiara Diez saskibaloi jokalari altsasuarra, Gernika  Lointek taldeko kapitaina. Hegaleko jokalaria da Naiara Diez eta 6. zenbakiarekin aritu zen.

Finalerdietan Belgikako selekzioarekin jokatu zuen Euskadik. Partida bikaina egin zuten Euskadiko neskek eta 55 eta 33 hartu zuten mendean Belgika. Beste finalerdian, Ukrainiari 39 eta 59 irabazi zion Espainiak. Horrela, final handia Euskadik eta Espainiak jokatu zuten. Bi taldeak bikain aritu ziren, baina hasieratik Euskadik tamaina hartu zion Espainiari eta, azkenean, XI. Barakaldo Hiria Saskibaloi Torneoa irabazi zuen Euskadik, 46 eta 62. Hasieratik bukaerara arte kontrolatu zuen partida Euskadik, markagailua oso ondo kudeatu zuen, urrunetik asmatze handia izan zuen eta defentsa bikaina. Horrela, Espainiak ezin izan zuen behar bezala erantzun eta Barakaldoko Hiria Torneoa etxean geratu zen.
Hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partidan, Belgikak 46 eta 58 irabazi zion Ukraniari.