Udaltzaingoa, osatzen

Guaixe 2019ko uzt. 13a, 09:37

Udaltzainen ibilgailua udaletxe parean aparkatuta.

Gaur egun udaltzain bat eta laguntzaile bat ari dira lanean.

Joan den astetik Altsasuko Udalak udaltzain laguntzaile bat izateaz aparte, udaltzain laguntzailea du. Izan ere, udaltzain izandako agente batek bere postura bueltatzeko zuen eskubideari heldu dio, eta berriro udalarendako lanean ari da. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi digunez, Nafarroako  Segurtasun Eskolan trebatzen ari diren bost udaltzainak “jada udalaren langile kontratatuak dira, baina praktiketan”. Jakinarazi digunez, bost agenteak Iruñeko sanferminetan praktikak egiten ari dira eta “Altsasuko festetan ere egoteko eskaera eginen dugu”.

Bost agenteak abenduan hasiko dira lanean eta, beraz, Altsasuko Udaltzaingoa 6 agente eta laguntzaile batekin osatuko da. Ollok azaldu digunez, “horrela Udaltzaingo zerbitzua berreskuratuko da, baina zaila izanen da asteko zazpi egunetan goizeko eta arratsaldeko txandak betetzea. Izan ere, txanda bakoitzeko bi agente edo agente bat eta laguntzailea egon behar dira. Dena den, dudarik gabe, egoera asko hobetuko da”.