Pentsio duinen aldarrikapenak udan segituko du

Guaixe 2019ko uzt. 14a, 13:06
Pentsio duinak udaletxe parean aldarrikatzen.

Astelehenero, 12:00etan, Altsasuko udaletxe parean bilkura dago. Gobernuak aurrekontuak prestatzen hasten direnean, irailean, haien eskaerak aurkeztuko dizkiete

Pentsiodunak astelehenero kalean protestan dira. “Pentsioak Birbaloratzeko Legea, murrizketak eragiten dituena, indarrean dago, baita 2013ko Jasangarritasun Faktore Legea ere. Gobernu batek ere ez du abian jarri pentsio sistemak behar duen eta aurre eginen dion finantza eredurik”. Sakanako Pentsionisten eta Adinduen Koordinakundetik salatu zutenez, “zalantzarik gabe, ez dago murrizketak atzera botatzeko borondate politikorik, ezta pentsio sistema publikoa erreformatzeko era interesatuan bulkatzen den ziurgabetasunari akabera emateko ere”. Ziurtatu zutenez, "aberastasun eta diru-funtsa nahikoa dago pentsioak bermatu, baita beste gizarte-zerbitzu batzuk ere. Behar dena da zerga-iruzurrari aurre egitea, baita ustelkeriari, kotizazioei. Eta banku-sisteman eskua sartze progresiboa egin eta zerga-saihestea ekiditea".

Erkidegoetako eta estatuko gobernuek pentsiodunen eskaeretako batzuk bere egin badituzte ere, “gure eskariak aseko badira ezinbestekoa da pentsiodunen mugimenduak aurrera jarraitzea eta, ahal den guztietan, beste gizarte sektoreekin elkarlanean ekimen bateratuak eta masiboak bultzatzea”. Horrela erabaki guneetan eragin nahi dute. Jakinarazi zutenez, udan asteleheneroko kontzentrazioei eutsiko diete. Gobernuak irailean 2020ko aurrekontuak prestatzen hasiko direla eta haiekin elkartzen saiatuko direla jakinarazi dute Hego Euskal Herriko pentsiodunek. Eta aurreratu dute Adinduen Nazioarteko Egunarekin batera, lastailaren 1aren bueltan, mobilizazio handiak deituko dituztela.