"Triatloia hiru kirol batera direlako gustatzen zait; horregatik da dibertigarria”

Maider Betelu Ganboa 2019ko uzt. 12a, 10:13

Dayana Percaz Mayor altsasuarra Zelandi kiroldegiko monitore-soroslea da eta bere bizitza beti kirolari lotuta egon da. Triatloiarekin estreinatu da, eta ekainaren 29an Donostian jokatutako 11. Emakumezkoen Triatloian zazpigarrena sailkatu zen

Beti kirolari lotuta ibili zara.
Txikitan beti irristaketa egin izan dut eta argi nuen kiroletara bideratu nahi nituela ikasketak. Horrela, erdi mailako eta goi mailako ikasketak egin nituen. Aktibitate fisikoko moduluak, erdi mailan, gehienbat kanpoan egiten diren kirolak dira: txirrindularitza, mendia, zaldia... eta goi mailakoak izaten dira kiroldegietan gehiago ematen direnak: igerilekua, gimnasioko salan ibiltzeko makinetan, gehienbat fitnesseko arloa ematen da.
Orain Altsasuko Zelandi kiroldegian lan egiten dut. Aquagym klaseak, mantenu-soinketa, gimnasiako-zirkuituak… halakoak eman ditut eta igerilekuetan ere ikastaroren bat eman dut. Denetatik.

Horretaz gain soroslea zara.
Bai, monitore-soroslea naiz Zelandin, eta une honetan Dantzalekuko igerilekuetan sorosle nago ere. Udan Zelandi kiroldegia eta Dantzalekuko igerilekuak atenditzen ditugu, bi zerbitzu, eta goiko eta beheko lanak eramaten ditugu. Soroslearena lan polita da: jendearekin erlazioa dugu, kanpoan gaude, kalean, udako giroak alaitasun gehiago dauka. Okerrena da udako egun berotsuetan igerilekua jendez betetzen dela eta atentzio gehiago jarri behar dugula. Dena den, beti erne ibili behar da, batez ere umeekin.

Honekin nahikoa ez eta zure bizitza pribatuan kirolean ibiltzen zara…
(kar kar) Beti esaten didate: ʺez duzu nahikoa lanean egiten duzunarekin?” Baina esaten diet ezberdina dela. Nik klasea ematen dudanean mugitzen naiz baina ez da niretako egingo nukeen entrenamendu bat bezala. Bizikletan edo korrikan ateratzen naizenean niretako da; beti daukat mugitzeko gogo handia.

Aurten triatloian estreinatu zara. Nola eman duzu salto hori?
Kiroldegian lanean, triatloian ibiltzen direnak entrenatzen ikusi izan ditut. Triatloiak beti erakarri nau eta aurten probatzera animatu naiz. Azken finean, bertan daukat igerilekua, entrenatzeko, korrika egitea gustatzen zait eta baita bizikleta ere. Eta animatu naiz. Bestalde, 15 urtera arte irristaketan lehiatu nintzen, eta gero ikasketengatik eta lanagatik utzi nuen. Beti nuen lehiara bueltatzeko gauzatxo hori, eta beste zer edo zer probatu nahi nuen. Izan ere, hainbeste urte irristaketan ibili eta gero, azkenean ez bada ezer gehiago probatzen ez dago jakiterik beste kirolik gustatuko zaigun. Hasi nintzen hemengo jendearekin triatloiari buruz hizketan, elkartu ginen bi lagun eta pentsatu genuen: goazen triatloi proba honetan izena ematera! Eta horrela hasi nintzen triatloian, poliki-poliki, presiorik gabe...

Eta ongi ikusi zenuen zure burua?
Bai, eta gero animatu nintzen proba gehiagotan aritzera. Badakizu, geure burua ongi ikusten dugunean, pixka bat gehiago entrenatzen da, hurrengo proban hobeto aritzen da, ikusten duzu hobeto zoazela eta azkenean horrek harrapatzen zaitu. Triatloi probez gain, atletismoko lasterketa batzuetan parte hartu izan dut korrikako segmentua entrenatzeko. Izan ere triatloian zatika entrenatu behar da, igeriketa, txirrindularitza eta atletismoa, hiru kirol horiek daudenez...

Zure kabuz aritzen zara, independiente. Triatloi talderen batean hastea pentsatu duzu?
Aurten probatzen nago. Ikusten badut denbora dudala eta entrenamenduak eta lana bateratu ahal ditudala, badaukat talderen batean, Sakanakoan, izena emateko ideia, baina hori aurrera begira. Momentuz aurten nire kabuz ibili, probatu, esperientzia bizi eta gero ea animatzen naizen.

Triatloiak kirol bezala bete zaitu?
Bai, hiru kirol batera direlako gustatzen zait, ez da beti berdina egoten aritu behar. Ezin baduzu bizikleta hartu, igeriketa eta korrika landu ahal dituzu eta alderantziz. Horregatik da dibertigarria, entrenamendu oso ezberdinak direlako. Asko gustatzen zait, harrapatu nau.

Kirol batetik besterako trantsizioak prestatzen laguntzeko aholkulari edo entrenatzaileren bat duzu?
Peio Bergararekin asko ibili naiz entrenatzen, eta kiroldegian ere triatloian ibiltzen diren batzuekin hitz egin izan dut. Aholku onak ematen dizkidate. Gero interneten bideo asko ikusi ditut eta ideiak hartzen ditut. Eta probetan, lehian, begiratzen dut besteek nola egiten duten. Triatloi proba bakoitzean zerbait berria ikasten da eta poliki osatzen zoaz.

Zenbat probatan aritu zara?
Lauzpabost triatloi egin ditut, Donostian 2, Zumaian 1, Hondarribian 1... Ekainaren 29an 11. Emakumezkoen Triatloia jokatu zen Donostian, eta 350 triatletaren artean zazpigarrena sailkatu nintzen (34:47), Paula Del Pozo txapeldunetik (29:17) 5 minutu pasara.  

Zein da hurrengo helburua?
Ni super sprint distantzian aritzen naiz, distantzia laburrean. Irailean Zumaian triatloi herrikoia jokatuko da (0,350 m igerian, 10 km bizikletan eta 2,5 km korrika–, iaz egin nuen eta asko gustatu zitzaidan. Bertan aritzea da asmoa, eta aurrean egotea. Luzerago begira, super sprint distantziatik sprint distantziara salto egin nahi nuke, distantzia luzeagoetara.

Uztailaren 15ean Sakanako Triatloi Campusa hasiko da, txikienak triatloian trebatzeko. Gaztetxoak bertan aritzera animatuko zenituzke?
Bai, noski! Oso gomendagarria da. Hiru kirol ikasten dira, entrenatzeko beste era bat da. Haurtzaroan bakarrik kirol batekin geratu izanaren pena hori izan dut beti, beraz, umetxoak direnean hainbat kirol proba ditzatela. Gero, azkenean hartuko duzu gehien gustuko duzuna, baina probatuz gero. Kirola beti ona da gorputzerako. Korrika egiten fondoa hartzen da. Bizikleta belaunetarako oso ona da. Kiroletatik beti ateratzen da zerbait ona.