Makina bat emakumezko altsasuarrek Erkuden izena dute, eta hainbat izan ziren izen bereko ermitaren inguruan elkartu zirenak. Bederatziurrenaren ondoren ama birjinaren irudia ermitara bueltan eraman zuten atzo goizean. Txandaka, hainbat emakumezko izan ziren irudia bizkar gainean ermitaraino eraman zutenak. 11:00etan meza Patxi Izko apaizak gidatu zuen Rafael Aierrak lagunduta. Hura despeditzean Ama Birjina Erkudengoa kanta abestu zuten elizkizunean zirenek.
Ondoren, gosaltzeko garaia izan zen. Udalak ardoa banatu zuen. Eta tripa zorriak aseta, txistularien doinura dantzatzeko garaia iritsi zen: jotak, porrusaldak eta zortzikoak. Gero eta gehiago dira garileko bigarren igandean Erkudengo ermitara joaten diren altsasuarrak. Hainbatek gero kuadrillan edo familian bazkaltzeko baliatzen dute, bai etxeetan bai elkarteetan.