"Ez dugu asko behar pozik bizitzeko"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko uzt. 19a, 10:31
Iñigo Cordal, Naiara Franco altsasuarra eta Inuk Alsazian (Frantzia). FURGOPLAN

Naiara Franco altsasuarra, Iñigo Cordal hondarribiarra eta Inuk border colliea Suitzan bizi dira. Kanpin batean lan egiten dute, eta furgonetan bizi dira. Asko bidaiatzen dute ere

Bizimodu bat da, eta abentura guztiak Furgoplan blogean kontatzen dituzte.

1. Furgoneta zuen bizimodua da. Nolakoa da furgoneta batean bizitzea?
Furgonetan txiki bat erosi genuen jakinda gure etxea izango zela, eta gure gutxieneko beharretara moldatu dugu. Etxe minimo bat da. Armairuak ditugu... etxean bezala baina oso minimalista. Lau edo bost metro karratu ditu. Lorategi txiki bat ere badaukagu; aldamenekoak eta sekulako bistak ditugu: etxetik Alpeak ikusten ditugu. Ezin gara kexatu.

2. Izan ere, Suitzara bizitzera joan zineten. Zergatik Suitza?
Kanpin batean bizi eta lan egiten dugu. Aurreko urtean boluntario bezala egon ginen Suitzan, eta lan egiteko kontaktu bat egin genuen. Lan egiteko deitu ziguten, eta abenturara etorri ginen. Apirilean etorri ginen, eta azarora arte egongo gara. Hau oso garestia da; pisu bat alokatzea ezinezkoa zen, eta furgonetak maite ditugunez, furgonetan gauza guztiak sartu eta Suitzara etorri ginen. Pozik gaude. Ez dugu gauza asko behar pozik bizitzeko: furgoneta, elkarrekin egon, denbora libre pixka bat izan eta txakurra pozik egotea. Nahikoa dugu. Jendea animatuko genuke horrelakoak egitera. Ez gara ezertaz damutzen. Dena utzi genuen, eta familien aholkuen kontra etorri ginen. Baina pozik gaude. Orain da horrelakoak egiteko garaia. Gero beste batzuk etortzen dira. Norbait ari bada egin ala ez egin pentsatzen, egin. Ez pentsatu eta etxetik atera. Beldur handiarekin hasi ginen proiektu honekin, baina orain lanera bueltatzea pentsatzen dugu, eta horrek bai ematen digula beldurra. Badira beste bizimodu batzuk errutinatik kanpo. Gogoa izanez gero, posiblea da.

3. Furgoneta zuek prestatu zenuten?
Artista Iñigo da. Iñigok egin zuen dena. Furgoneta erosi genuen pentsatuz prestatuta zegoela, eta zerbait bazeukan prest, baina ez zen bertan bizitzeko moduko prestaketa. Orduan, guztiz hustu genuen eta zerotik hasi ginen. Isolatzaileak jarri genituen, egurrak eta gure eguneroko bizitzarako beharko genituzkeen gauza guztietan pentsatuz, armairuak, ohea eta gauza horiek guztiak moldatu genituen. Ohe bat dauka, izozkailu txiki bat... etxe txiki bat da.

4. Eta furgonetarekin izandako abentura guztiak blog batean biltzen dituzue: Furgoplan. Zergatik sortu zenuten bloga?
Duela bi urte inguru sortu genuen. Naiarak lana utzi zuen egun berean sortu zuen bloga. Bidaiak egiten genituen eta jendearekin bidaia horiek partekatu nahi genituen. Batzuetan bidaiatzeko orduan leku horri buruzko informazioa falta da. Non egin daitekeen lo, non ez, zer den ikusteko polita... Orduan, norbaitek nahi badu, guk egindako bidaien inguruko informazioa nonbait gelditzea nahi genuen. Egia da jende askok bere gauzak konpartitzen dituela, baina guk nahi genuen gure esperientziatik kontatu, gure ikuspuntua eman. Hasieran asteburuetan eta oporretan idazten genuen. Baina hiru hilabete eta erdi daramatzagu Suitzan, eta orain beste gauza batzuk kontatzea ere posible dugu. Gure bizitza orain nahiko ohikeriazkoa da, orduan gure egoeraz hitz egiten dugu. Gure barrenak lasaitzeko modu bat da. Eguneroko antzeko bat da; digitala eta publikoa.

5. Zein da helburua? Profesionalizatzea pentsatu duzue?
Autodidaktak izan gara; ez dugu ideia handirik. Gure bloga oso xumea eta sinplea da. Ez dakigu gauza bereziak egiten. Idazten dugu, argazki politak jartzen ditugu eta saiatzen gara. Zaletasun bat bezala hasi zen. Momentuz ez dugu zentimorik atera, eta ez dakigu nola egin ere. Ez da erraza, izan ere, jendeak lan handia egiten du blogetan, profesionalak dirudite, eta konpetentzia oso handia da. Norbaitek ordaindu nahi badu, ez diogu ezetz esango. Baina gure helburua momentuz ez da hori. Suitzan lana dugu, dirua irabazten ari gara. Lagunendako eta familiarendako egiten dugu. Egia da ez ditugula asko deitzen... Oso ongi egongo litzateke profesionalizatzea, baina konpetentzia oso altua da eta guk ez dugu denborarik. Beraz, lasai eta gustura hartzen dugu. Gehienbat guretako da. Ez dugu inolako presiorik.

6. Beste blogetan oinarritzen edo inspiratzen zarete?
Bueno, bai. Bereziki furgoneta prestatzeko. Ez genekien nola egin eta Interneten begiratu genuen. Instagram bidez ere furgonetazale pila bat jarraitzen ditugu. Instagram erakusleiho bat da, eta mundu guztiak bere argazki politenak jartzen ditu. Batzuek argazki ikaragarriak jartzen ditu eta oso inspiratzaileak dira. EHfurgo.eus-ekin kolaborazio bat egin dugu. Beraiek sortutako post batean parte hartu dugu. Euskal Herriko hainbat lekuren sarrera bat egin zuten, eta horretan parte hartu dugu.

7. Instagram aipatu duzue. Sare sozialak garrantzitsuak dira, beraz.
Dudarik gabe. Blogean post bat jartzen dugunean, gero Instagramen (@furgoplan) elkarbanatzen dugu, eta jende asko Instagrametik sartzen da blogean. Are gehiago, gehienak Instagrametik sartzen dira; % 85 edo. Gainera, argazkilaritza gustatzen zaigunez, hobetzen eta gauza politak jartzen saiatzen gara. Eta, esan bezala, inspirazioa ere hartzen dugu.

8. Bidaiak kontatzeko hasi zineten blogarekin, furgonetarekin egindako bidai bat aukeratu behar baduzue, zein izango litzateke?
Blogean bidaia bat kontatzea lan handia da eta bat aukeratzea oso zaila da. Bidaia bakoitzak zerbait ematen du. Galdera zaila da. Furgonetarekin Andaluziara egindako bidaia gustatu zitzaigun. Neguan joan ginen eta furgonetarekin ongi. Udan ez nintzateke joango furgonetarekin. Euskal Herrian egin ditugun ateraldiak ere, boluntario lanak egiten egon ginenean Frantzian, Suitzan, baita Andaluzian ere... Alemaniara egun pare bat joan gara orain, eta blogean kontatuko dugu. Batzuetan kanpinetik ateratzea osasuntsua da; behar dugu. Eta herrialdetik ateratzeko aukera badugu, hobe.

9. Blog bat egin nahi dutenendako aholkua?
Hasi behar dela. Gure esperientzia hori da. Hasi eta egin ahala ikasten da. Eta egiten ari zarenarekin disfrutatu behar duzu. Blog bat eramatea edo idaztea oso zaila da. Sare sozialetan pila bat ikasten duzu. Youtube dago, adibidez, eta ezin baduzu ikastaroak egin Youtuben denetarik dago. Beraz, gehienbat gogoa izatea da. Baita jendeari gustatuko zaion zerbait egitea ere. Horrek feed back-a ematen dizu, eta egiten ari zarena aurrera eramatera laguntzen dizu. Ez baduzu ikusten jendearengan interesa sortzen duzula, azkenean pixka bat frustratzen zara. Beraz, inspiratu behar zara, jendeari gustatzen zaiona ikusi eta horren arabera zure bloga sortu. Hala ere, zuri gustatzen zaizuna egin behar duzu, nahiz eta gerta litekeen jendeari ez interesatzea. Baina, bereziki, disfrutatu behar duzu, bestela, jendearen erantzunaren zain baldin bazaude, agian ez da iristen. Jendeak espektatiba oso altuak izan ohi ditu. Uste du blog bat sortuko duela, eta urrezkoa egingo dela eta jende askorengana iritsiko dela. Baina igual ez. Konpetentzia oso handia da.

10. Bidaiak asko prestatzen dituzue?
Egia esan ez ditugu asko prestatzen. Gustatzen zaiguna begiratzen dugu eta bertako jendeari galdetzen diogu. Horrek asko egiten du. Furgonetarekin zer ikusi nahi dugun begiratzen dugu eta gero joan ahala moldatzen gara. Hegazkinak hartzen ditugunean gehiago prestatzen ditugu bidaiak. Izan ere, furgonetarekin edozein tokitan lo egin dezakezunez, ez dago presarik ez ezer. Furgonetak ematen duen askatasuna ez du beste ezerk ematen.

11. Azarora arte Suitzan egongo zarete. Gero?
Bidaia gehiago egingo ditugu. Ideia asko ditugu, baina oraindik ez dakigu zer egin. Suitzan aurrezten ari gara, eta helburua bidaitzea da. Gure dudarik handiena nora joan da. Momentuz egiteko askatasuna dugu, ez daukagu inolako hipotekarik. Familiek batzuetan nahiko lukete gu etxetik gertu egotea, baina ulertzen dute gure bizitzeko modua dela eta kontent gaudela; uste dugu beraiendako ere hori garrantzitsuena dela.

11+1. Kanpinean, anekdotarik?
Gauza kurioso bat gertatzen da: kanpin honetan badira familia batzuk hemen bizi direnak eta familia horiek badakite txakurraren izena, norena den eta abar. Inukekin komunikatzen dira eta guri justu-justu agurtzen gaituzte. Txakurrarengan interes gehiago erakusten dute gugan baino.