Altsasuko festak 2019

Festetako herri bazkarian auzolanean aritzeko izena eman daiteke

Guaixe 2019ko uzt. 20a, 12:40
Auzolanaren tamaina ikusgarri egiteko lanean aritu zirenak kamiseta fuxia jantzi zuten joan den urtean.

Tabernetan eta Iortia kultur gunean izena emateko orriak daude. Hainbat lan daude eta ez da zergatik aditua izan haietan aritzeko. Agorrila akaberan edo iraila hasieran asanblada eginen da eguna prestatzeko .

Herriko festak gerturatzearekin batera Altsasu Auzolanean eraikiz taldea martxan jarri da atzera ere.   Talde horrek hartu zuen festetako larunbateko bazkaria antolatzeko ardura 2016an, “aukera paregabea baita Altsasu auzolanean indartzeko”. Bazkaria aurrera ateratzeko ehun bat pertsona aritzen dira auzolanean, “baina  gero eta jende gehiagok izen ematen badugu, lan banaketa hobea izango da eta eguna aurrera ateratzea posible izanen da”. Horregatik, altsasuarrak lagunekin festetako auzolanean parte hartzera animatu dituzte. Hainbat lan daude aukeran: jatekoak prestatzea, zerbitzatzea, barraz arduratzea, dena muntatzea, jasotzea eta garbitzea. “Ez gara zergatik adituak izan edozein lan egiteko, borondatearekin aski baita”.

Altsasu Auzolanean eraikiz taldekoek gogorarazi dutenez, aurreneko bi bazkariekin ateratako diruarekin 350 pertsonarendako mahaiak eta aulkiak erosi zituzten. “Horiek edonorendako eskuragarri daude. Urtean zehar hiru pertsonak (lau hilabetetik aldatzen dira) mahaien eta aulkien erabilera kudeatzen dute. Erabilera motaren arabera prezioa desberdina da, eta ateratako diruarekin bazkariak emateko materialaz hornitzen hasiak gara”.

Herri bazkarian bertan banatutako txartelen bidez altsasuarrek erabaki zuten hurrengo herri bazkarietako etekinekin musika ekipoa erostea. Tresneria hori erostera bideratuko dira aurtengo bazkariko irabaziak eta ekipoa erosteko aukera izanen da. Beraz, “hurrengo urterako, berriz ere, erabakitzeko aukera izanen duzue”.