Udalak sexu-erasoa gaitzetsi du

Guaixe 2019ko uzt. 19a, 11:19
Eraso matxista salatzeko Altsasuko mugimendu feministak jarritako pankartaren parean bi emakumezko.

“Ez da gertaera isolatu bat, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasunaren adierazpen basatiena baizik”.

Altsasuko Udalaren Bozeramaileen Batzordeak publikoki gaitzesten du herrian astelehenean izandako sexu-erasoa. Udalak nabarmendu du eraso hori eta emakumeen aurkako indarkeriaren edozein adierazpen gaitzesten duela. Udal ordezkariek azpimarratu dutenez, astelehenekoa “ez da gertaera isolatu bat, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasunaren adierazpen basatiena baizik; herritar gehienen oinarrizko eskubideak urratzen dituen botere harremanen adierazpena”.

Altsasuko Udalak berretsi du indarkeria matxistaren prebentzioan lan egiten jarraitzeko konpromisoa. Aldi berean, “dauden baliabideen eta zerbitzuen informazioa zabaltzen” segituko duela gaineratu du, “indarkeria pairatzen duten emakumeei arreta emateko modu koordinatuagoan aritzeko”. Azkenik, udal ordezkariek altsasuar guztiak gonbidatu dituzte “indarkeria honen kontrako jarduera guztietan parte hartzera, mugimendu feministak antolatzen dituen jardueretan bereziki, emakumeen eskubideen urratzearen kontrako lanaren erreferentzia delako”.

Herrian eraso matxistak izaten direla nabarmendu eta gero, Altsasuko mugimendu feministak, “erasoen aurrean emakumeak tinko” mantentzeko deia egin du eta “autodefentsa feminista” aldarrikatu du.

112
Sexu erasoa edo tratu txarrak sufrituz gero, 112 telefonora hots egin daiteke eta Nafarroako Gobernuak prestatutako protokoloa martxan jarriko da.