Hitzarmen parea Aita Barandiaran egoitzan

Guaixe 2019ko uzt. 21a, 12:52
Pentsiodunek egoitzaren parean harekiko zuten kezka azaldu zuten.

Udalak gobernuarekin hitzarmen markoa sinatu du, bi lanposturen sorrera ekarri duena. Eta langileekin lan hitzarmena sinatu du udalak, soldata igoerak eta lanaldi murrizketak hitzartuz.

“Etorkizuneko erabiltzaileak” direlako Sakanako Pentsiodunen eta Adinduen Koordinakundeak kezkatuta egon da Aita Barandiaran adinduen egoitzaren egoerarekin. Garagarrilaren 17an egoitzaren aurrean kontzentratu ziren eta kudeatzailearekin bildu ziren. Hurrengo astelehenean Javier Ollo Martinez alkatearekin bildu ziren, egoitzaren inguruan zuten kezka azaldu zioten eta “egoera bideratzeko gure presio bitartekoa eskaintzera joan ginen”, azaldu dute koordinadorako kideek.

Haiek kezka zuten adinduen egoitzak “ez duelako behar bezala funtzionatzen; langileek gehiegizko lan karga dute eta horrek barne tentsio indibidualak eta kolektiboak sortzen ditu, baita senideekin eta egoitzan daudenekin ere”. Hori guztia bideratzeko langileak kontratatzea proposatu zioten alkateari, horrek zerbitzua hobetuko duelako. Bilera hartan Ollok jakinarazi zien Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen markoa sinatu berri zutela.

Hitzarmenaz
Halako egoitza duten herrialdeko udal guztiek sinatu dute hitzarmena Nafarroako Gobernuarekin hilaren hasieran. Ollok azaldu digunez, hitzarmenaren berritasunak dira astean zehar arratsaldez eta larunbatetan goizetan lan eginen duen Osasun Laguntzaile Tekniko (OLT) bat egonen dela. “Orain arte goizez OLT bat zegoen, legeak ezartzen duena betez”. Bestetik, garbiketa lanak egiteko garbitokian beste langile bat lanean dago dagoeneko. Alkateak argitu digunez, “egoitzako Patronatuaren Errektoretza Batzordeak, aho batez, borondate politikoa azaldu du bi kontratazio horiek egiteko. Momentuz, behin behineko bi kontratu eginen dira, eta prozedura aurrera eramango da behin betiko kontratazioak egiteko”. Ollok argitu digunez, OLT kontratatzeko arazoak daude: “oso zaila da bat aurkitzea. Ordezkapenak egiteko momentuan arazo hori izan genuen iraganean. Dena den, Altsasuko Enplegu Bulegoarekin batera horretan gaude, eta, seguru, azkenean lortuko dugula”.

Koordinakundeak bere egin zituen egoitzako plantillaren eskakizunak, eta goiz eta arratsaldeko txanda bakoitzerako langile bana falta zirela oroitarazi zuen. Ollok azaldu digunez, “2012an onartu zen Espainiako Gobernuaren Aurrekontu Egonkortasun Legeak kontratazioak egiteko muga zorrotzak jarri zituen, administraziotan pertsonal-gastua ez igotzeko debekuak. Ordutik administrazio guztiok muga horiek errespetatu behar ditugu, nahiz eta haiekin guztiz ados ez egon”. Beraz, momentuz, OLT eta garbitokiko langilea dira adinduen egoitzako plantilla handituko dutenak.


Adindu bat egoitzara sartzen.

Lan hitzarmena
Aita Barandiaran adinduen egoitzako lan hitzarmena apirilean sinatu zuten aldeek, eta 2021eko abenduaren 31ra arte indarrean egongo da. Ollok azpimarratu duenez, “berritasun nagusiena da lan-orduak murriztuko direla hiru urtetan, 2021eko akaberan adostutako lan orduetara ailegatuz”. Egoitza berez udal patronatu bat da eta alkateak azaldu digunez, “beraz, egoitzakoen soldatak  udaleko soldaten kopuru berean igo daitezke. Hori Aurrekontu Egonkortasun Legeagatik da hain zuzen ere”. Ollok azaldu duenez, soldatek % 2,25 gora egin dute ilbeltzaren 1etik garilaren 1era. Hilaren hasieratik soldaten igoera % 2,5ekoa da. “Horrela udal administrazio guztietan: udalean, Aita Barandiaran egoitzan, Udal Musika eta Dantza Eskolan eta Atabo sozietate publikoan”.

Langileen lan zama handitu duen faktoreetako bat da egoitzan daude pertsonek gero eta dependentzia handiagoa dutela. Pentsiodunek ratioak egokitzea eskatu zuten. Ollok azaldu digunez, “gobernuarekin horretaz hitz egin dugu, egoitza askotan gertatzen den egoera bera dela adierazi digute. Hala ere, Altsasuko egoitzak beti legeak ezartzen dituen baldintzak bete ditu. Baina udala egoera horretaz kontziente izanda, aipatutako kontratazioak egingo ditu, zeinak esan dudan bezala Hitzarmen marko berrian aurreikusten diren”.

Langileen ordezkaria LABekoa da. Sindikatuko Sakanako arduradun Arantxa Ibargoien Lizarazuk azaldu digunez, “egoitzak hitzarmen propioa du, baina udalak kudeatu du. Egoitza administrazioa den edo ez den horretan, udal baldintzei erreparatu diegu. Hala, udaleko hiru lan txandatan dauden langileen baldintzekin parekatu ditugu egoitzako langileak”. Horren ondorioetako bat izanen da lan hitzarmena bukatu bitartean lan ordu gutxiago egin beharko dituztela. “Ondorioz, dagoen lana aurrera ateratzeko langile gehiago beharko dira”. Ibargoienek azaldu digunez, udarako bi kontratazio egin dira, “eta, estreinakoz, gizonezko bat hasi da lanean”.

Egoitzako Patronatuak onartuak dituen hainbat erabaki gauzatzea nahi dute langileek, esaterako, lan poltsa osatzea bajak, oporrak edo lizentziak daudenean ordezkoak ziurtatuta izateko. Edo egoitza barruko lan sistema eguneratzea eta informatizatzea. Ibargoienek gogorarazi duenez, “gutxieneko plantilla da eta lan karga handia du. Egoitzan dauden pertsonak dependentzia handia dute, adinduak dira eta premia gehiago dituzte. Horrek langileei estresa sortu eta ondorio fisikoak eragiten die. Gainera, arratsaldez eta asteburuan OLT falta denez medikazioa emateko ardura gehitzen zitzaion. Gutxieneko soldatarekin OTL baten lana egiten ari ziren”. LABekoak nabarmendu nahi duenez, “hitzarmenarekin langileek laguntza gehiago behar dutela kontuan hartzea lortu dugu”.

Adi
Pentsiodunen koordinakundekoek eskatu dute egoitzan dauden pertsonen autonomia ahalik eta gehien sustatzeko eta luzatzeko profesionalek egindako mantentze eta psikomotrizitate lan-ariketak programatuak egotea. Hori aztertu daitekeen zerbait dela esan digu alkateak. Azkenik, koordinakundeak proposatu zuen Sakanako Mankomunitateak egoitzan esku hartze zuzena izatea. Horren inguruan Ollok esan digu “Mank-ek momentu honetan eta dituen konpetentziak kontuan izanda, politikoki ekimenen bat egin dezake. Baina legalki eta etorkizuneko eskualdea izango denaren esperoan, ez dauka eskumenik gai horretan”.

Bitartean koordinakundetik azaldu dutenez, “pentsiodunen, jubilatuen eta adinduen problematikak alde asko ditu. Adi egon beharra dago, merezi duten, merezi dugun arreta optimizatzeko. Horretarako, aurreneko urratsa antolatzea da”. Egoitzaren inguruko aldarrikapenak moztu ditu koordinakundeak, baina “nolako garapena duen aztertuko” du.