Bargagainek hartuko du Erkudenen lekukoa

Guaixe 2019ko uzt. 19a, 12:01

Aurreko igandeko Erkudengo Ama erromeriaren ondoren, igandean Bargagaineko bidea hartuko dute altsasuarrek, goizeko 09:00etan

Ohiturari jarraiki, Erkudengo Ama erromeriaren hurrengo igandean Bargagaineko bidea hartuko dute altsasuarrek. Horrela, etzi izanen da Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatutako LVIX. Bargagaingo Eguna.

Igandean, uztailaren 21ean, goizeko 09:00etan jaurtikiko dute suziria udaletxe paretik, Bargagainera abiatzeko. 09:30ean hamarretakoa egingo dute gazteluan, eta dorrean egiten ari diren berrikuntza lanak gertutik ikusteko aukera izango dute altsasuarrek. Behin Bargagainera igota (1.156 m), goizeko 11:00etan meza izanen da, eta, ondoren, auzatean bilduko dira mendizaleei batuko zaizkien guztiak. Auzatean gazta, txorizoa eta urdaiazpikoa banatuko dira eta Altsasuko Udalak zilarrezko katiluetan dastatzeko ardoa eskainiko du. Ardoa bezperatik igoko dute mendizaleek. Jakina, Altsasuko erromeria guztietan bezala, zortzikoak ez du huts eginen. Txoko guztiak garbi-garbi utzi ondoren, Altsasura jaitsiko dira bazkaltzera.