Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatuta, 59. Bargagaingo eguna ospatu zen atzo. 09:00etan, etxajua lehertzearekin batera, mendirantz jo zuten mendizaleek. Hodeiek estalita zuten Bargagaingo gurutzea, baina mendira igo ziren altsasuarrak lainoa gainditu eta mendi gainean eguzkitan egon ziren. Sebastian Uhalde apaizak, Txanek, meza eman ondoren, hamaiketakoa izan zen. Altsasuko Mendigoizaleek bezperan 30 litro ardo eta beste zenbait litro ur igoak zituzten. Horiek eta txorizoa eskaini zituzten auzatean. Ondoren txistulariek mendizaleak dantzan jartzeko doinuak jo zituzten, jotaren bat edo beste dantzatu zituzten. Urdaiazpikoarekin jaitsi zena zozketako 9. zenbakiaren jabea izan zen.
Altsasuarrek herrirako bidea hartu zuten, eta mendi taldekoak inguruak garbitzen gelditu ziren. Lan hura ia despedituta zutela, ohartu ziren Urbasa aldera jaitsitako batzuk berriro bueltan igotzen zirela. Larrialdi zerbitzuetara deitu zuten 76 urteko gizonezkoa ondoezik zegoelako. Bi helikoptero mugitu zituzten, bata medikua zuena, bestea erreskate taldearena. Gizonari iktusa diagnostikatu zioten.