"Musika instrumentua egunero gainean eramaten dut"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko uzt. 30a, 12:14
Erkuden Eceolaza mezzosoprano altsasuarra.

Kontserbatorioan ikasten ari zela akordeoia alde batera utzi zuen eta kantuan hasi zen Erkuden Eceolaza altsasuarra; ahotsa musika instrumentuz bihurtuz. Mezzosopranoa da

Erkuden Eceolazaren ama musikazalea eta piano-jolea da. Haren alabei zaletasuna kutsatu zien; muiska emanaldietara joaten ziren, eta musikalek Erkuden Eceolazaren atentzioa piztu zuten. Kantuko ikasketak egitea erabaki zuen. Gainera, gizarte langilea da eta musikoterapian espezializatu da.

Zergatik erabaki zenuen mezzosoprano izatea?
Iruñeko kontserbatorioan 12 urterekin hasi nintzen. Aurretik Altsasuko musika eskolan egon nintzen akordeoia ikasten. Ikasketak amaitu nituenean kontserbatorioko sarrera probak egitea gomendatu zidaten eskolatik, egin nituen, eta sartu nintzen. Lau urte pasa zirenean kantu formakuntza egiten zela jakin nuen, berriz ere probak egin nituen, gainditu nituen eta sartu nintzen. Orduan, instrumentua aldatu nuen. Akordeoia alde batera utzi nuen eta kantuan hasi nintzen.

Beraz, musika betidanik gustatzen zaizu.
Ama piano-jolea da, nire ahizpa helduena gitarra ikasketetan hasi zen eta nire lehengusina akordeoian. Nik nire lehengusinak egiten zuen guztia egiten nuenez, akordeoia aukeratu nuen ere. Kantua ez dakit zehazki nondik datorkidan. Zumaian asko abestu duen amaren osaba dugu, baina ez dakit erreferente izan dudan. Orain badut, eta gustuko dut berarekin hitz egin. Gogoan dut txikitan amari musika ekitaldietara eramatea gustatzen zitzaiola, eta musikalen oroitzapen oso onak ditut. Musika, abestea eta abar gustatzen zitzaizkidan, eta nik uste kantuko probak egin nituenean, ez nekiela ziur zer zen kantu formakuntza. Izan ere, kantu klasikoko errepertorioa egiten da. Ez ziren musikaletan entzundako abesti horiek ikasten. Barruan geratu zaidan zerbait da.

Zer da mezzosoprano izatea?
Sopranoak dira emakumeetan ahots erregistro alteunean abestea lortzen dutenak. Altuago abesten dutela esan daiteke. Grabeak ez dituzte hain garatuak. Beraz, mezzosopranoak grabeak garatuak dituzten abeslariak dira. Sarrera probak egitean adina begiratzen dute, izan ere, gorputza garatzen ari denean, ahotsean, eztarrian, laringean eta abarrean aldaketa asko egoten dira. Ni oso gazte hasi nintzen, eta ahotsa guztiz garatu gabe neukan. Urteak pasata, nahiz eta altuak ez nituen galdu, grabeak garatu zitzaizkidan, eta erregistro horretan eroso sentitzen nintzen.

Sopranoek ospe gehiago dute.
Gehiago direlako ere. Kantuan hasten zarenean, normalean oso altu eta nota oso altuak abestea nahi duzu. Badirudi horrek ematen dizula meritu gehiago, edo hobe zarela. Gero ikasten hasten zarenean eta mundu horretan sartzen zarenean ikusten duzu berdin duela. Kontserbatorioan mezzosopranoak gutxiago ginenez oso babestuak geunden, eta konpetentzia gutxiagoa da. Beraz, ikuskizunak egiteko ere askoz errazago da. Ni primeran egon naiz mezzosoprano izanda.

Errepertorioa aipatu duzu. Zer da errepertorioa?
Kontserbatorioko ikasketetan mailaka pasatu behar dituzu eta maila bakoitzean errepertorio mota bat landu behar duzu: opera, lied alemaniarra, zarzuela espainola eta zenbait herrialdetako musika klasikoa ere. Errepertorioarekin batera zure ahotsa nola garatu zaizun begiratzen dute. Izan ere, opera batean, esaterako, 50 urteko emakume baten papera interpretatzea egokitzen bazaizu eta 18 urte dituzu, agian ahotsa ez duzu horren hezita horrelako paper bat egiteko. Hortaz, normalean  gazteen paperak sopranoak dira: printzesak, damak... Mezzosopranoen ahotsa ilunagoa denez beti gaiztoen paperak egokitzen zaizkigu: helduak, ijitoak... Carmen operako protagonista, esaterako, ijitoa da. Opera oso polita da. Mezzosopranoendako erreferentzia da. Normalean protagonistak sopranoak izan ohi dira, eta Carmen-en mezzosopranoa da. Ez da ohikoena.

Beti musika klasikoa egiten duzu?
Hori da gauza. Kontserbatorioan musika klasikora sartzen zara. Sei urte egiten dituzu, erdi maila, eta gero jazz-ean sartzeko aukera duzu. Baina nik harmoniako eta musikako jazz maila ez nuenez, ez nekien gai izango nintzen horretan sartzeko. Jazz musika gustatzen zait, baina beti musika klasikoan egon naizenez, jarraitzea erabaki nuen. Musikalak ikasteko, adibidez, Madrilera joan behar nintzen eta oso gaztea nintzen. Iruñean Unibertsitatean nengoen ere, eta hemen zegoenaren probak egin nituen. Baina berriz egingo nuke dudarik gabe. Hori bai, musikalen formakuntza egiteko aukera egongo balitz, egingo nuke.

Gainera, orain musika klasikoa modernizatzeko proposamenak badira.
Opera de Camara de Navarra elkartean nago eta elkarten honetan prestatzen ditugun ikuskizunak gazteei zuzendutakoak dira. Opera edo musika klasikoa erakargarriagoak eta eskuragarriagoak egitea da helburua. Izan ere, pentsatzen dute eta nik ere pentsatzen nuen, musika klasikoa zerbait serioa dela. Gazteek duten ikuspuntu hori aldatzeko lan egiten dute. Horretarako, koroko abeslariak gazteak dira eta protagonistak ere korotik aukeratzen dituzte edo inguruko jendeak bilatzen dute. Urtero ikuskizunaren bat egiten dugu. Iruñean ez ezik, Burlatan, Barañainen, Bilboko Arriaga Antzokian eta Sevillan ere egon gara, Teatro de la Maestranza delakoan.

Elkarte bat da, baina profesionalki aritzen zara?
Erdi profesionala. Egiten dugun paperaren arabera ordaintzen digute. Koroan ateratzen garenean ere noizbait ordaindu izan digute. Ez naiz bakarrik horretan aritzen, baina horretan ere banago. Ez da afizio bat bakarrik.

Inspiratzen zaituen abeslariren bat?
 Asko izan ditut. Ezagutu ahal izan ditudanak bi. Haiekin argazki pare bat egiteko aukera izan nuen eta zuzeneko ikusteko aukera ere. Iruñean Joyce Di Donato ikusi nuen eta Donostian Sofie von Otter. Kantu ikasketetan hasten garenean nik uste hauek direla jarraitzen dituzunak. Abesteko eragatik eta transmititzen dutenagatik. Haiek kopiatzen edo beraietaz ikasten saiatzen zara. Gainera, oso ezagunak dira eta ikastaroak grabatzen dituzte eta youtuben jartzen dituzte. Niri asko gustatzen zait klaseak jarraitzea. Idoloak aldatuz joaten zara, noski.

Eta miresten duzun obra bat?
Carmen. Egitea gustatuko litzaidake pila bat. Baina oso pertsonaia indartsua da, eta ez dakit heldutasun nahikoa dudan egiteko. Pertsonaia ezagutzen dut eta Berarekin identifikatzen naiz, baina oso emakume indartsua da eta kostatuko litzaidake.

Ez da bakarrik abestea, interpretazioa ere oso garrantzitsua da, ez?
Bai, eta gainera batzuetan zailena eta inportanteena da. Ahotsa ez da guztia. Kantuan aritu naizenean hobe sentitzeko paperarekin eroso sentitu behar izan dut. Identifikatuta sentitu behar dut. Ez da bakarrik erregistro egokia izatea. Horregatik, paper bat ematen dizutenean begiratu behar duzu identifikatuta sentitzen zaren eta ez bazara identifikatuta sentitzen, asko landu behar duzu. Interpretazioaren arabera ikuskizuna asko aldatzen da. Ahotsean ere nabaritzen da.

Ahotsa instrumentua da. Asko zaintzen duzu?
Bai, gainera irakaslea pixka bat paranoikoa zen. Instrumentua gainean eramaten duzu egunero. Hotz egiten duenean, beroa, festara ateratzen zarenean, tabakoa, izotza, alkohola... Kuriosoa da, izan ere, kantua ikasten ari nintzenean katarro pila bat hartzen nituen, eta orain amaitu dudala ez dut bat ere hartu. Lasaiago nagoelako izango da. Azkenean presioa eta egunero klaseak izatea... Egunero abestu behar duzu, eztarriak mekanikoki posizio batzuk ikasi behar dituelako.

MUSIKOTERAPIA
Zure lana ez da abestea, gaina musika zure lanera integratu duzu.
Karrera amaitu aurretik irakasle batek komentatu zidan ea musikoterapia egitea pentsatu nuen. Nik ez nekien zer zen ere. Begiratzen hasi nintzen eta masterra Madrilen egitea erabaki nuen. Musikari buelta bat emateko aukera eman zidan. Buruen nuen musika zerbait serio, teorikoa eta ikasitako guzti hori. Eta honekin horri guztiari buelta eman nion. Musika tresna bat bihurtzen da. Musikari buruz dakizun guztia eraldatu behar duzu, eta beste pertsonei onurarako tresna bezala ikusi. Masterra asko gustatu zitzaidan.

Zer dauka, bada, musikak?
Praktikak egin nituenean ikusi ahal izan nuen. Helduekin egin nituen praktikak Adacenen, haurrekin jolasean geldituko zela uste nuelako. Garun-kalteak dituzten pertsonak artatzen dituzte elkarte horretan. Baina ez kaltearekin jaio direnak, baizik eta istripu batengatik edo gaixotasun batengatik kalteak dituztenak. Master amaierako ikerketa txiki bat egin behar genuen, eta niri bururatu zitzaidan musikaren bitartez pertsona hauen harremanetarako gaitasuna. Musikarekin pro-aktibitatea landu nahi nuen. Pertsonak orain eta hemen kontzientzia hartzen du. Musikarekin ikusi dut gaitasun batzuk galdu dituztela, baina beste batzuk irakurri. Pertsona batekin komuniatzeko gaitasuna ematen du. Instrumentuak nahikoak dira talde oso batekin komunikatzeko. Emaitzak ikaragarriak izan ziren, eta oso interesgarria da.

Musikoterapiarekin jarraitzen duzu?
Sakanako Mankomunitatearen bitartez Milakolorekoei musikoterapian aritzeko aukera izan nuen. Baina lana atera zitzaidan eta ezin nuen dena uztartu. Pena bat izan zen. Izan ere, oso zaila da musikoterapia lanpostua ateratzea.

Eta gizarte langile bezala, musika uztartzen duzu?
Saiatzen naiz eta gustatuko litzaidake. Noizean behin erabili izan dut. Iturmendin bakarrik dauden adingabe atzerritarrekin nago eta ikusten dut musikaren indarra. Musika oso garrantzitsua da beraiendako. Batzuetan hemengo abestiak abesten diet eta zerbait egitea pentsatu dut.