Udalak ikastetxeendako laguntzak banatu ditu

Guaixe 2019ko uzt. 30a, 08:58
Altsasuko udaletxea Garbitoki eraikinetik.

Lau ildorekin bat zetozen egitasmoetarako 19.584,62 euro banatu ditu herriko ikastetxeen artean.

Altsasuko Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak ikastetxeei, irakaskuntza kooperatibei eta guraso elkarteei zuzendutako dirulaguntza deialdia ebatzi du. Lau atal zituen deialdiak eta haietako bakoitzera aurkeztu zitezkeen ikastetxeak. Batetik, hezkuntza berrikuntzako proiektuak daude eta horietarako Iñigo Aritza ikastolak 2.561,42 euro jasoko ditu, Sakana Lanbide Heziketa institutuak 2.482,4 euro, Zelandi eskola publikoak 874,3 euro, eta Sagrado Corazon seminarioak 586,64 euro.  

Bestetik, hezkuntzaren berrikuntzarako materialak hobetzeko programetarako dirulaguntza ere eman du Altsasuko Udalak. Iñigo Aritza ikastolarendako 2.982,99 euro izanen dira, Zelandi eskola publikoarendako 1.928,08 euro, Sakana Lanbide Heziketa institutuarendako 1.530,94 euro, Sagrado Corazon seminarioarendako 912,04 euro eta Sagrado Corazon ikastetxearendako 407,17 euro. Aldi berean, eskolaz kanpoko euskarazko jarduerak sustatzeko diru-saila ere badago: Iñigo Aritza ikastolarendako 2.837,28 euro izanen dira, Zelandi eskola publikoarendako 630 euro eta eskola bereko guraso elkartearendako 417,13 euro. Azkenik, euskarazko jarduerak edo hizkuntza sustatzeko helburu duten eskolaz kanpo eta edozein hezkuntza eredutan egiten diren ekimenetarako deialdian Iñigo Aritza ikastolak 1.433,33 euro jasoko ditu.

Guztira, Iñigo Aritza ikastolak 9.815,02 euro jasoko ditu, Sakana Lanbide Heziketa institutuak 4.013,34 euro, Zelandi eskola publikoak eta bere guraso elkarteak 3.849,51 euro eta Sagrado Corazon seminarioak eta ikastetxeak 1.905,85 euro. Onartzearekin batera, udalak laguntzaren % 60 emanen du, eta gainontzekoa gastuaren justifikazioa aurkeztean.