Gaztetxea laranjatik morera pasa da

Guaixe 2019ko uzt. 27a, 09:56

Eraikinean hainbat lan egiten ari dira auzolanean, eta, tartean, fatxadako kolorea aldatu dute.

Altsasuko Gazte Asanbladak (AGA) joan den astean auzolanera deitu zituen herriko gazteak. Egunero 09:00etan eta 16:00etan zegoen deialdia egina, eta AGAko kideek azaldu digutenez, “jende asko” agertu zela azaldu digute. Ondorioz, “lan asko” egiteko aukera izan dute. “Dakien jende askok lagundu digu lanetan. Lan egitean ikusi da, nahiz eta ez jakin, autogestio bidez etxeari buelta eman diogula”. Horregatik, “pozik” daude gaztetxekoak.

Lanik ikusgarriena da agian fatxadaren kolorea laranja izatetik morea izatera pasa dela. “Horrekin eztabaida izan dugu, beti laranja izan delako. Baina aldatzea erabaki genuen, marka uzteko”. Aurreko pintura nahiko gaizki omen zegoen eta horregatik hura kendu, paretak txukundu eta atzera pintatu dute. Lan hori gaztetxearen hiru paretetako bitan egina dute. Hegoaldekoa falta zaie. Han hezetasun arrastoak ere bazeuden. Haiek eta pintura arrastoak kendu dituzte. Goiko pisua morez margotuko dute, baina behekoan harria agerian utziko dute. Harri-arteak porlanez estaltzen ari dira orain. Bitartean harriei ura ez xurgatzeko tratamendua ematen ari zaie.

AGAkoek gaztetxearen abazpiko egurrezko egiturak lixatzen eta bernizatzen ari dira ere. Beheko eta goiko sarrerako ateetan lan hori bera egiten ari dira. Gaztetxe barruan ere konponketa lanak egiten ari dira: barrako zorua aldatuko dute eta ganbara txukuntzen ari dira.

Gaztetxea
Beheko solairuan bilerak, batzarrak eta kontzertuak hartzen dituen espazio zabala dago. Goiko pisuan Garraxi Irratia (FM 101,9), biltokia eta bideoak egiteko kroma gela (Gaztewooden asko erabili dutena) daude eta ganbaran tailer txiki bat.