Zirku berritzaileena plazara

Guaixe 2019ko abu. 29a, 12:20
Ezin zailagoa Nafarroako zirku jaialdiaren 2019ko irudia.

'Ezin zailagoa' jaialdia izanen da abuztuaren 30ean, ostirala, Altsasun. Hemezortzi urtez jaialdiak zirkua Nafarroa osoan zabaldu du, eta erreferente bihurtu da

Duela hemezortzi urte Nafarroako bost udalek udan kaleko programazioa egitea pentsatu zuten. Eta kalean egiteko ikuskizun egokiena zirkua da, Josi Alvarez Quiero Teatro konpainiako kideak azaldu bezala. Quiero Teatrok 'Ezin zailagoa' jaialdia antolatzen du duela hainbat urtetik. Bost herri horiek mankomunatutako programaren bidez "elkartu" ziren eta zirku jaialdia antolatzeko dirulaguntza jaso zuten. Festibalaren ideia nagusia programa bera herri bakoitzean egitea zen, eta Nafarroako hainbat lekutan egitea interesatzen zitzaien. Hortaz, gaur egun Tuteran, Uharten, Altsasun, Vianan eta San Adrianen egiten da jaialdia. Urtero ikus-entzule gehiago hartzen du jaialdiak, eta "tradiziozkoa" bihurtu da.

Altsasura abuztuaren 30ean, ostirala, iritsiko da zirkua, 18:00etatik aurrera. Emanaldiak Foru plazan eta Iortia zabalgunean izanen dira. Tradizionalki 'Ezin zailagoa' jaialdia larunbatean izan ohi zen Altsasun, baina aurten ostiralera pasa dute. Izan ere, abuztuaren azken astea eta irailaren lehenengo asteburua oso mugitua izan ohi da Altsasun, eta espazio kontuagatik ostiralera pasatzea erabaki dute.

"Oso ongi datorkie". Konpainiak "zirku karabana bat bezalakoa" bihurtzen da: bost egun jarraian herrialde "erlatiboki txikian", herri arteko distantzia gehienez ordu batekoa dela, eta beraiendako bost "bolo" jarraian izatea "izugarria" da. Gainera, konpainiako kideek elkar ezagutzen dute, izan ere, "elkarrekin" bizi dira.

'Ezin zailagoa' jaialdian "goi mailako konpainiak" ikusten dira. Gainera, "zirku garaikidea eta ideia berriak" aurkezten dituzte. Hortaz, erreferentziazko zita bihurtu da estatuan ere. Konpainiarendako bereziki. "Alde batetik, bost egun jarraian lan egitea beraiendako izugarrizkoa delako eta, bestetik, goi mailako konpainiek parte hartzen dutelako". Hortaz, aurtengo egitarauan Europa osoan aritu den Amer i Africa konpainiak 'Enva' ikuskizuna aurkeztuko du.

Arte eszenikoen diziplinak uztartzen dituen zirkuaren aldeko apustua egiten dute 'Ezin zailagoa' jaialdian. Beraz, zirku-diziplinetako akrobaziak eta malabarismoak dantza edota musika uztartzen dituzte. Jaialdian parte hartuko duten taldeak Pirinioetako Zirku proiektuan aukeratzen dituzte, eta 200 bat konpainiaren lanak ikusten dituzte hautaketa egiteko. "Oso zaila izan ohi da". Gainera, proiektu honetan ikuskizunen sormen prozesua ikusteko aukera izan ohi dute ere.

Pirinioetako Zirku proiektuan Pirinioetako bi aldetako herrialdeek parte hartzen dute. Ezinbestekoa izan da bertan egotea 'Ezin zailagoa' jaialdiarekin jarraitu ahal izateko. Izan ere, 2012an festibalaren dirulaguntzak bertan behera gelditzeko arriskua egon zen, eta mugen arteko proiektu honi esker Europako funtsaren bidez dirulaguntzak lortzeko aukera izan zuten. 2016an Nafarroako Gobernuaren aldaketarekin mankomunatutako programa desagertu zen, baina Artea eta Kultura dirulaguntzen bitartez jaialdia finantzatzen dute. Gainera, bost udalek ere dirua jartzen dute; are gehiago, Alvarezek azaldu duenez, "kopuru handiena" udalek jartzen dute.

EZIN ZAILAGOA ZIRKU JAIALDIA ALTSASUN
Abuztuak 30, ostirala

18:00. Foru plazan
Enva. Amer i Africa konpainia.
Bi akrobatek 250 kiloko lasto sorta batekin horma eraikitzen dituzte besteekin harremanetan sortzen diren horma ikusezinak irudikatzeko. Enva katalanez horma esan nahi du. Baina botatzea lortzen dute eta sofa bat egitea lortzen dute. Ikuskizun berritzailea.


DAVIDE GARRONE

19:00. Iortia zabalgunea
Pausoz pauso. Garazi&Cia konpainia.
Kable baten gainean oinez dabilen emakume gazte bat da protagonista. Bizitzak eman dizkion esperientziak uzten joaten da identitatearen bilaketa batean. Zirkua, dantza eta kultur uztartzen ditu.


GERARD RIERA

19:15, Iortia zabalgunean
Flou Papagayo. Mumusic konpainia.
Hiru izaera sentikor eta kaotiko erromes doaz biribilean, zirku-pista unibertsal batean. Animari eta kolore-aniztasunari egindako oda bat da. Gorputzaren barrua bizi den Papagaia baldintzari gabe adierazteko oihuka ari dena.


ALBERTO BELOKI