'Bilgune' izanen da Altsasuko festetako irudia

Guaixe 2019ko abu. 2a, 14:31
2019ko Altsasuko festetako kartel lehiaketaren hiru finalistak. IORTIA KULTUR GUNEA

Altsasuko festetako kartel lehiaketara hamar lan aurkeztu dituzte helduen modalitatean, eta 91 haurren modalitatean. Lehiaketara aurkeztutako kartelen erakusketa izanen da agorrilaren 28tik irailaren 8ra, liburutegiko kristaldegian

Bilgune, Erraldoien kalejira eta Jaiak izan ziren Altsasuko udalak festetako irudi iragarlea aukeratzeko lehiaketaren finalistak. Lehiaketaren aurtengo edizioaren helduen modalitatean hamar lan aurkeztu dira, 2018an bezain beste; eta Altsasutik, Villabonatik, Berriozartik eta Arretik iritsi dira proposamenak. Epaimahaiak hiru lan aukeratu zituen, eta herritarren bozketan Bilgune lana gailendu da. Iñaki Fernandez Iturmendiren lana da. Haurren modalitatean 91 lan aurkeztu dira, eta titulurik gabeko Iñigo Jauregi Torralbaren lanak irabazi du. Sari banaketa irailaren 13an, festetako txupinazoa bota aurretik, eginen dute.



Kartel lehiaketaren epaimahaia Javier Ollo Altsasuko alkateak eta Itxaso Altzelai, Bidatz Razkin eta Bea de la Vega artistek osatu dute. Betisa Anda Altsasuko kultur teknikaria idazkaria izan da. Hamar karteletatik hiru aukeratu zituen epaimahaiak: Bilgune, Erraldoien kalejira eta Jaiak. Herriaren erabakia izan zen kartel irabazlea aukeratzea, eta bozkatu zutenen % 62k Bilgune kartela aukeratu zuten. Erraldoien kalejira lanak bozken % 20 izan zuen eta Jaiak % 18. Bozken kopuruak azken urteetan behera egin du, eta aurten Altsasun erroldatutako 16 urtetik gorako 66 herritarrek eman dute botoa. Iaz 191k eman zuten botoa.

Haurren modalitatean 91 lan aurkeztu dira, 2018. urtearekin alderatuz, bikoitza. Lehenengo aldiz Lehen Hezkuntzako haur batek irabazi du kartel lehiaketa: Iñigo Jauregi Torralbak.

Bilgune kartelak jendez betetako Altsasuko plaza bat agertzen du. Kioskoaren gainean musika talde bat dago eta jendearen artean Momotxorroa eta Sorgina erraldoiak agertzen dira. Kartel koloretsua da, eta ongi adierazten du festen indarra. Altsasuko festetako egitarauaren azala izanen da. Haurren modalitatean irabazitako kartela egitarauaren kontrazala izanen da. Popeye buruhandiaren lehen plano bat agertzen da, detaile guztiekin.

Altsasuko festak 13tik 17ra ospatuko dira, eta aurretik, urtero bezala, hainbat ekimen antolatu ditu Kultur zerbitzuak. Besteak beste, agorrilaren 28tik irailaren 8ra arte Altsasuko festetako kartel lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketa izanen da. Berrikuntzarekin dator erakusketa, izan ere, Iortia kultur gunearen liburutegiaren beiratean izanen da. Hortaz, kaletik ikusi ahalko dira lehiaketara aurkeztutako lan guztiak.