Hirugarren urtez Baratzeko bide plazan jarriko da Garagardo azokari ostatu emanen dion karpa handia. Eta handik pasatzen direnek iturriko edo botilako 15 bat garagardo dastatzeko aukera izanen dute, horiak, gorriak, beltzak. Edanari jatekoarekin laguntzeko aukera ere izanen da. Ohi bezala txerri-ukondoak, patatak, saltxitxak eta hanburgesak izanen dira aukeran. Kukuerrekatik jakinarazi dutenez menuan berritasunen bat sartu nahi dute.
Karparen luzera guztian mahaiak eta aulkiak egonen dira eta barra mutur batean egonen da aurten, ez karparen erdian. Txartelak erosteko etxola karparen kanpioko aldean egonen da eta haren ondoan pitxerak garbitzeko harraska jarriko dute. Ordutegiari dagokionez, ostegunean eta igandean, 19:00etatik 24:00etara egonen da zabalik. Ostiralean eta larunbatean jende gehiago joaten denez, garagardo azokak ordutegia zabaldu eginen du eta 19:00etatik 03:00etara izanen ditu ateak zabalik.
Altsasuko festen aurretiko hitzordu finkoetako bat bihurtu da garagardo azoka eta altsasuar eta sakandar ugarik galtzen ez duten hitzordua da. Altsasuko peñek antolatu zuten aurrenekoz azoka 2003an. Lekukoa Zubiondo elkarteak (egungo Kukuerreka) hartu zion ondoren.