Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketak 50 urte beteko ditu

Guaixe 2019ko abu. 22a, 10:24

Altsasu Kirol Elkarteak (SDA) eta Pilotajaukuk antolatu dute elkarlanean, eta aurreko urteko formulari jarraiki, hiru mailan jokatuko da: emakumezkoena, gazteak eta helduak. Abuztuaren 24an lehendabiziko jardunaldia jokatuko da, 21:30ean

Nafarroako afizionatuen mailako pilota torneo beteranoenetako bat denak urtemuga borobila ospatuko du aurten. Izan ere, Altsasuko Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketak 50 urte beteko ditu. Aurreko urtera arte, Altsasu Kirol Elkarteak (SDA) antolatzen zuen txapelketa, baina aurreko urtean hainbat nobedade izan zituen. Batetik, Altsasu Kirol Elkartearekin batera Pilotajauku pilota taldea aritu zen antolakuntzan, eta, bigarrenik, lehenengoz emakumezkoak lehiatu ziren. Aurreko aldaketa horiek aurtengo edizioan ere segida izanen dute; horrela, 50 urteak ospatzeko jaialdi bikaina antolatu dute Altsasu Kirol Elkarteak eta Pilotajaukuk.

9 bikote 3 multzotan
Abuztuaren 24an, larunbatarekin, hasiko da 50. Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketa. Hiru mailatan jokatuko da: emakumezkoetan, gazteen mailan eta helduen mailan. Emakumezkoetan hiru bikotek eman dute izena txapelketan: Leire Garai-Nagore Agirre, Irati Igoa-Sonia Alonso eta Maddi Unanue-Nora Mendizabal bikoteek. Gazteen mailan ere hiru dira bikoak: Beñat Senar-Jagoba Uranga, Lander Erkiaga-Antton Erkiaga eta Aingeru de la Fuente-Adrian Azpiroz. Eta, helduen mailako hiru bikoteak Julen Osa-Antton Apezetxea, Iosu Olaetxea- Ion Lazkoz eta Urtzi Nazabal-Aaron Arbizu dira. Puntako bikoak dira guztiak, pilota zaleen gozamenerako lehia ikusgarria eskainiko dutenak.

Hiru jardunaldi
50. Otadiako Kristo Deuna Txapelketan hasieran 3 jardunaldietako ligaxka jokatuko da; hau da, multzo bakoitzean denak denen kontra ariko dira; eta multzo bakoitzeko bi bikote onenak sailkatuko dira Altsasuko festetan, irailaren 15ean 18:00etan Burunda pilotalekuan jokatuko den final handirako. Txapelketa abuztuaren 24an hasiko da, larunbatarekin, lehen jardunaldia egun horretan jokatuko baita, 21:30ean, Burunda pilotalekuan; bigarren finalerdia abuztuaren 30ean jokatuko da, ostiralean, pilotariek larunbatean ezin dutelako, 21:30ean; eta hirugarren jardunaldia irailaren 7an, larunbatean, 21:30ean. Esan bezala, multzo bakoitzeko bi biko onenak final handirako sailkatuko dira.

Aurreko urtean, emakumezkoetan Leire Garaik eta Arrate Bergarak irabazi zuten, gazteen mailan Osak eta Elizegik eta helduetan Azketa eta Elizegik. Altsasuko festetan jakingo da nor diren aurtengo onenak.  

50. Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketa

1.jardunaldia (abuztuak 24, larunbata, 21:30ean, Burundan)

Emakumeak: Leire Garai-Naroa Agirre / Irati Igoa-Sonia Alonso
Gazteak: Beñat Senar-Jagoba Uranga / Lander Erkiaga-Antton Erkiaga
Helduak: Julen Osa-Antton Apezetxea / Iosu Olaetxea-Ion Lazkoz

2. jardunaldia (abuztuak 30, ostirala, 21:30ean, Burundan)

Emakumeak: Maddi Unanue -Nora Mendizabal / Irati Igoa-Sonia Alonso
Gazteak: Aingeru de la Fuente-Adrian Azpiroz / Beñat Senar-Jagoba Uranga
Helduak: Iosu Olaetxea-Ion Lazkoz / Urtzi Nazabal-Aaron Arbizu



3. jardunaldia (irailak 7, larunbata, 21:30ean, Burundan)

Emakumeak: Leire Garai-Naroa Agirre / Maddi Unanue-Nora Mendizabal

Gazteak: Aingeru de la Fuente-Adrian Azpiroz / Lander Erkiaga-Antton Erkiaga
Helduak: Julen Osa-Antton Apezetxea / Urtzi Nazabal-Aaron Arbizu