Udalak 2,3 milioi euroko inbertsioak onartu ditu

Guaixe 2019ko abu. 1a, 13:36
Bakea eta Erkuden kale arteko etxartean autoendako aparkalekua prestatuko dute.

Altsasuko Udalak erabaki zuen 2.362.425 euroko inbertsioak egitea

Aspaldiko auzibide bat itxita, epai batek udala Baikolar auzoa urbanizatzera behartu du. Lan horrek 1.523.000 euroko aurrekontua du, eta kooperazio sistemaren bidez eginen da, hau da, lur-jabeen kontura. Horien artean dago udala bera, 533.000 euro pagatu beharko dituena. Atzo onartutako tamaina handiko beste inbertsioa Ibarreako kolektorea da. 450.000 euroko aurrekontua du eta Nafarroako Gobernuaren 300.000 euro jasoko dira lanak egin ahal izateko.

Erkuden eta Bakea kaleetako etxarte batean 57 ibilgailurendako aparkalekua eginen da. Zoruan asfaltoa zabalduko da eta argiteria jarriko da. Horretarako, 172.000 euro bideratuko ditu Altsasuko Udalak. Diru kopuruari erreparatuta, onartutako hurrengo inbertsioa 40.025 euroa da. Diru horrekin Fernando Po, Santa Engracia, Tontorsoro eta Izalzi dermioetako pistak konponduko dira. Dantzaleku kirol gunea inguratzen duen hesitura berrituko da aurten eta 38.000 euroko diru-saila onartu zuen Altsasuko Udalak atzo (18.885 euroko diru-laguntza izanen du). Lanak despeditu berri dira Ermita eta Isidoro Melero kaleetan. Bietako argiteria publikoa berrituko du udalak orain 37.000 eurorekin. Udalak informatika zerbitzari berria eskuratuko du 33.000 euroren truke. Hala, udalak administrazio elektronikoan pausoak emanen ditu.

Zelandi eskola publikoko argiteria aldatzeko 19.600 euro bideratuko dira, Nafarroako Gobernuak 9.700 euroko dirulaguntza eman du horretarako. Haur eskolan segurtasun arloko neurriak ezartzeko 17.000 euro bideratu dira, gobernuaren 9.230 euroko dirulaguntza du inbertsioak. Idertzagain kalean dagoen osasun-parkea handitu eginen da 17.000 eurorekin. Horretarako, Caixa fundazioak 7.000 euro eman ditu. Gainera, Altsasuko ondare ez materiala jasotzeko 16.000 euro bideratu dira. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren bidez 40 altsasuar elkarrizketatuko dira. Azkenik, Foru plazako Ulibarrenaren eskulturaren interpretazio panela jartzeko eta haren 3D eskaneatzea egiteko 8.700 euro bideratuko dira.

Hitzarmena
Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioak Nafarroako Ogasunaren hitzarmena itxi dute. Harekin bat egitea erabaki zuen Altsasuko Udalak atzo. Hala, udalak Ogasunaren datuetara sarbidea izanen du. Ondorioz, udal zerbitzuetan izena eman eta hobariak dituzten altsasuarrek ez dute errenta aitorpena aurkeztu beharko. Aldi berean, Altsasuko Udalak Espainiako Udal eta Probintzien Federazioaren kontratazio zentralarekin bat egin du hala gas hornidura merkeago jaso ahal izateko.

Festak
Altsasuko Udalak festetako egitaraua onartu zuen atzo. Festak irailaren 13n hasiko dira, ostiralarekin. Egun horretan Reincidentes taldeak kontzertua eskainiko du. Larunbatean udalak erositako bi erraldoi berriak mustuko dira, eta, jakina, Momotxorroarekin eta Sorginarekin kalez kale ibiliko dira. Larunbatean Tarantela orkestra izanen da dantzaldia eskainiko duena. Baina herri bazkarian Trikiteens ariko da. Domeka gaueko dantzaldia Oihan Vegaren kontu izanen da. Astelehenean Gauargia taldea izanen da gaueko dantzaldirako doinuak joko dituenak. Azken egunean, asteartean ez da gauean dantzaldirik izanen, baina arratsaldeari doinua jarriko dio Puro Relajo taldeak.

Adinduen bazkaria irailaren 16an, astelehenean, izanen da. Udalak antolatzen du eta errentaren arabera pagatu izan dute hara joan direnak azken bi legegintzaldietan. Baina bazkarira gero eta adindu gutxiago joaten zirenez, Altsasuko Udalak aldatzea erabaki du. Altsasun erroldatuta egon eta bazkarira joaten diren 65 urtetik gorakoek 12 euro ordaindu beharko dituzte. Haiek laguntzera joaten diren eta Altsasun erroldatuta dauden laguntzaileek, berriz, 15 euro pagatu beharko dituzte. Herrian erroldatuta ez daudenen kasuan 20 eta 23 euro pagatu beharko dituzte. Geroa Baik aldaketaren aldeko botoa eman zuen eta kontrakoa EH Bilduk. Koalizioak argudiatu zuen hartutako erabakia “atzera pausoa” zela, “joan den urtean bazkarira joandako pertsonen % 40k gehiago ordaindu beharko du”.