"Ilusio handia daukagu proiektu honetan"

Guaixe 2019ko abu. 2a, 10:36

Saray Vilariño Marcos eta Nagore Diaz Oyarbide Altsasuko argazkilari gazteak.

Meraki hitza greziarretik dator, eta egiten diren lan guztietan arima, sormena eta maitasuna jartzea esan nahi du. Argazkiak egiten Merakia jartzen dute Nagore Diaz eta Saray Vilariño gazte altsasuarrek

Eta Meraki NS argazki-estudioa sortu dute.

1. Bi neska negozio berean. Aurretik ezagutzen zenuten elkar?
Nagore. Altsasu 7400 biztanleko herri bat da eta ia elkar ezagutzen dugu denok, behintzat bistaz. Gainera, Iruñeko arte eskolan elkarrekin ikasi genuen, eta auto berean egiten genituen joan-etorriak.

2. Zein ikasketa egin dituzue?
Sarai. Iruñean Argazkilaritzako Goi Maila egin genuen. Madrilen ikastaro bereziak egin ditugu, eta Youtuben tutorialak jarraitzen ditugu ere. Informazio asko dago, eta asko ikasten da. Ez gara gelditu. Etengabe formatzen ari garela azpimarratu nahi dugu.

3. Aurretik, afizio moduan, zein lan mota egin dituzue?
N. Lan artistikoak: paisaiak, lagunak… Maskoten inguruko lanak ere egin ditugu.

4. Eta afizioa lan bihurtu duzue. Nola eman duzue pausoa?
S. Gehien egitea gustatzen zaigunetik eta ikasitakotik bizitzea aukera ezin hobea da guretako. Ez da erabaki erraza izan, baina ausartzen ez denak ez du ezer irabazten.
N. Pauso handia izan da, baina gauzak horrela egin behar dira.

5. Zuek bezalako gazteek negozio bat ireki nahi badute, zein pauso eman behar dira?
N. Ausartu egin behar da. Jendea pauso hori ematera animatzen dugu. Guk Cederna-Garalurrekin egin dugu dena.
S. Enpresa bat sortzeko beraien gomendioak jarraitu genituen: lizentzien baimenak, dirulaguntzak eskatzea, kontratuak egitea…

6. Zergatik Altsasun?
S. Zergatik ez? Gure herria da. Hemen hazi eta bizi gara, eta bizitzen jarraitu nahi dugu. Gazteok herrian inbertitu eta potentziatu beharra daukagu herriari bizitza handiagoa emateko.
N. Gainera, etxe ondoan gaude.

7. Nolakoa da zuen denda edo estudioa?
N. Argazki-estudio bat gara. Gure estudioak argazki-dendako zerbitzu batzuk eskaintzen ditu: argazkiak inprimatzea, NANa egiteko argazkiak eta abar. Baina, berez, estudioa da. Irudikatzen genuen moduan geratu da. Espazio irekia da, oso handia, zutaberik gabekoa, eta minimalista ere bada. Erakusleiho handiei esker oso argitsua da ere. Hainbat espazio edo txoko ditu, saio bakoitzerako aproposak: maskotena, jaioberriena...
S. Haurdunena, bikoteena, familiena, lagunena... Gainera, txokoak ez ezik, bezeroekin bilerak egiteko leku berezia ere daukagu.

8. Nolako lanak egiten dituzue? Zergatik etorri behar dira zuenera?
S. Pet friendly, maskotak bakarrik eta familiarekin; new born edo jaioberriak; haurdunaldiak; haur-argazkilaritza; smashcake edo lehenengo urtebetetzetik aurrera tarta pertsonalizatu batekin...
N. Erreportajeak kanpoan eta estudioan, ezkontzak, jaunartzeak, santagedetan eta data puntualetan mini saioen eskaintzak aterako ditugu ere: Gabonak, uda, udaberria, udazkena, negua eta abar.

9. Agian berritzaileena maskotei egindako argazkiak dira, ez? Zergatik?
N. Animaliekin oso sentsibilizatuta gaude, eta maskotak gure familiako kide bat gehiago dira. Beraz, zergatik ez izan gure maskotaren oroigarri polit bat? Txakurrek asko disfrutatzen dute. Orduan, Madrilen argazkigintza mota honetan formatu ginen, eta ateratzen dugun ilusio handiko proiektu bat da. Gainera, Nafarroa osoan zerbitzu hau eskatzen duten bakarrak gara.
S. Egia esan, ez dira saio batere errazak. Baina izugarri gustatzen zaigu momentu horiek beraiekin pasatzea. Argi utzi nahi dugu guretako saio hauetan garrantzitsuena animalien ongizatea dela. Animalia etxean bezala sentitzea eta lasai egotea.

10. Bizitzako une garrantzitsuenak hartzen dituzue. Zein dira horiek?
Guztiak.
N. Pertsonaren araberakoa da, baina gure ustez dena da garrantzitsua eta zaila da bat aukeratzea.: ezkonduz gero, hori oso garrantzitsua da; familian haur jaioberria izanez gero, hori ere oso garrantzitsua da; maskotak 13 urte bizi dira, bizitza laburra dute...

11. Zergatik uste duzue bizitzako momentu horiek jaso nahi duenak zuengana etorri behar duela?
N. Nobedadea eta berriak gara, eta aire freskoa daukagu. Izugarrizko gogoa eta ilusio handia daukagu proiektu honetan. Gure lana ezagutu nahi baduzue, sar zaitezkete gure webgunean (merakinsfoto.com) edota Instagramen (@meraki_ns_fotografia) eta Facebooken orrialdean jarraitu (MERAKI NS FOTOGRAFIA PROFESIONAL).