Ospa mugimenduak Milaka arrazoi maletan leloa aukeratu du aurtengo Ospa! Egunerako, “errepresio indarrak zergatik nahi ez ditugun esateko milaka arrazoiak beste behin mahai gaineratzeko”. Horretarako, Altsasun “errepresioak izan duen ibilbidea ezagutzeko, isilarazi eta ukatu izan den egia hori ozen oihukatzeko, ahaztuak izan garenon memoria eraikitzeko, langile klasearen memoria eraikitzeko” nahia du Ospa mugimenduak. Horretarako, Ospa! Egunaren bezperan, hilaren 30ean, ostiralean, gerra zikinak Sakanan eraildako militanteen senideak bilduko dituen mahai-ingurua eginen dute. Hurrengo egunean, besteak beste, “errepresioak Altsasun izan duen ibilbidea irudikatuz kalejira” eginen dute.
Aurkezpenean mugimenduko kideak “atsekabetuta” agertu ziren, “aurten ere Ospa! Eguna antolatzeko arrazoiez beterik jarraitzen baitugu, errepresioak etenik ez duelako. Aurten ere, errepresiborik gabeko gizarte libre batean bizitzeko nahiaren zergatia argi uzten tematu direlako, beste hamaika arrazoiekin bete dutelako maleta”. Kontrol soziala, isunak, katxeoak, kontrolak, bizilagunen atxiloketak, epaiketak eta abar salatu zituzten. Eta gogorarazi zuten Fran Balda eta Imanol Salinas “gure bizilagunak borrokatzeagatik espetxeratzeko arriskuan ditugula”.
Ospako kideak, bestetik, “gogoz” azaldu ziren, “errepresioaren aurrean kikildu ez garelako, errepresioari elkartasun eta borrokaz erantzun diogulako, herrian Foruzaingoaren bitartez okupazioa normalizatzeko saiakerari aurre egin diogulako, erasoei antolaturik egin diogulako aurre”. Euren mugimenduak aurrera segitzeak “errepresiotik babestu eta hau salatzeko borroka beharrezkoa denaren seinale” dela iritzi diote.
Ospako kideek nabarmendu dute “herri mugimenduen kontrako kriminalizazio testuingurua” indarrean dagoela. “Errepresio eta zapalkuntzak dirauenean eta, halaber, Euskal Herriko testuinguru politiko berrian bakea eta bizikidetza eraikitzeaz asko hitz egiten den honetan, guk badakigu Espainiar zein Frantziar estatuek betikotzen saiatzen diren sistema kapitalistaren barruan halakorik eraikitzea ezinezkoa dela”. Hori pentsatzeko “milaka arrazoi ditugulako kontrakoa pentsatzeko, badakigulako gatazken iturria zapalkuntza dela eta ez zapalkuntza horren aurka altxatu eta errepresioa sufritzen dutenena. Eta hau, besteak beste, memoria daukagulako dakigu. Ez dugulako gure herrian gertatu dena eta gertatzen jarraitzen duena ahazten, eta gertatutakoaz ikasten dugulako. Herri honetan bizi duguna indar errepresiboak kanporatzeko maleta arrazoiez bete duelako”.
Egitaraua
12:00etan Alde Hemendik herri krosa.
14:30ean Herri Bazkaria*.
19:00etan Kalejira, udaletxetik abiatuta. Errepresioaren historia-ibilbidea: Milaka arrazoi maletan.
22:30ean Kontzertuak plazan: Ingo al deu?, Katez eta Igitaia.
*Bazkarirako txartelak Arkangoa, Biltoki eta Lezea tabernetan salgai.