Martxan da Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketa

Guaixe 2019ko ira. 2a, 14:26

Ostiralean bigarren jardunaldia jokatu zen, Altsasuko Burunda pilotalekuan, eta hirugarren jardunaldia larunbatean jokatuko da, 21:30ean, toki berean. Orduan jakingo da zein bikote sailkatuko diren Altsasuko festetako final handirako

Sociedad Deportiva Alsasua-Altsasu Kirol Elkarteak eta Pilotajaukuk antolatuta, abuztuaren 24an hasi zen 50. Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketa. Aurten data borobila ospatzen du afizionatuen mailako pilota torneo ezagunak, eta afizionatuen mailako bikote bikainak ari dira parte hartzen, tartean sakandarrak. 

Hiru mailatan jokatzen ari da txapelketa: emakumezkoetan, gazteen mailan eta helduen mailan, eta maila bakoitzean hiru bikote daude, 9 bikote guztira. Hiru jardunaldi jokatuko dira txapelketan, bikote guztiak elkarren kontra aritzeko, eta final handia Altsasuko festetan erabakiko da. 

Ostiralean jokatutako bigarren jardunaldiari dagokionez, emakumezkoetan lehia estua izan zuten Unanuek eta Mendizabalek Igoaren eta Alonsoren kontra, baina azkenean, 50 minutu iraun eta 297 pilotakada izan zituen partidan Igoak eta Alonsok lortu zuten garaipena. Jubeniletan, Senarrek eta Garmendiak agindu zuten eta 7 tantotan utzi zituzten Altuna eta Azpiroz, 30 minutu iraun eta 236 pilotakada izan zituen partidan. Eta, bukatzeko, helduetan Irurtzun klubeko bikote Olaetxea eta Lazkoz 22 eta 10 gailendu ziren Nazabal eta Arbizu sakandarren aurrean. 35 minutu iraun zituen partidak eta 256 pilotakada jo ziren. 

Bi jardunaldi jokatuta, jubeniletan Senar-Garmendia finalerako sailkatu dira eta helduetan Olaetxea eta Lazkoz. Larunbateko 3. jardunaldian erabakiko da zein biko izango dituzten aurkari finalean eta emakumezkoen mailan zein bi bikote sailkatzen diren finalerako. Hortaz, zabal zabalik dago txapelketa. 

Lehen bi jardunaldien emaitzak
1.jardunaldia (abuztuak 24, larunbata)

Emakumeak: Leire Garai-Naroa Agirre 18 / Irati Igoa-Sonia Alonso 8
Gazteak: Beñat Senar-Garmendia 22 / Urigoitia-Emaldi 10
Helduak: Julen Osa-Antton Apezetxea 7 / Iosu Olaetxea-Ion Lazkoz 22

2. jardunaldia (abuztuak 30, ostirala)

Emakumeak: Maddi Unanue -Nora Mendizabal 12 / Irati Igoa-Sonia Alonso 18
Gazteak: Altuna-Adrian Azpiroz 7/ Beñat Senar-Garmendia 22 
Helduak: Iosu Olaetxea-Ion Lazkoz 22 / Urtzi Nazabal-Aaron Arbizu 10

Larunbatean 3. jardunaldia
(Irailak 7, larunbata, 21:30ean, Burundan)

Emakumeak: Leire Garai-Naroa Agirre / Maddi Unanue-Nora Mendizabal

Gazteak: Altuna-Adrian Azpiroz / Urigoitia-Emaldi
Helduak: Julen Osa-Antton Apezetxea / Urtzi Nazabal-Aaron Arbizu