Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak erakunde-adierazpena onartu du gaurko bileran Navarra Sumaren eta PSNren aldeko botoekin eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Ahal Duguren eta I-Eren kontrako botoekin. Nafarroako Parlamentuak “irmotasunez arbuiatu du Ospa egunaren kontura antolatutako eta gauzatutako ekitaldiak, Guardia Civileko kide diren pertsonak, senideak, lagunak eta guardia zibilen eta beste segurtasun indarrek askatasunaren eta elkarbizitza demokratikoaren alde egindako lana defendatzen dutenak zirikatu, iraindu eta haiekiko gorrotoa zabaldu nahi dutelako”.
Onartutako adierazpenaren arabera, Bozeramaileen Batzordearendako “guztiz errespetagarriak diren pertsona eta kolektibo jakin batzuk herritar-bizitzatik jazarpenaren eta irainen bidez baztertzeagatik, Ospa eguneko ekitaldiak elkarbizitza librearen kontrakoak dira”. Horregatik, Nafarroako Parlamentuak Altsasun eta Nafarroako gainontzeko herrietan dauden Guardia Civileko kideei babesa azaldu die, baita haien senide, lagun eta Foruzaingoko eta Policia Nazionaleko kideei ere. Azkenik, erakunde-adierazpenak “Botere Judizialaren epaiei, erresoluzioei eta bestelako aktoei errespetua adierazi eta men egite demokratikoa adierazi” die, “baita babesa Epaile eta Magistratu guztiei ere”.