Altsasuko mutilek eta neskek bihar ekingo diote denboraldiari

Guaixe 2019ko ira. 6a, 09:53
Altsasuko iazko gizonezkoen talde erregionala.

Erregional mailako 2019/2020 denboraldia asteburuan hasiko da. Gizonezkoetan Altsasu 2. multzoan ariko da eta lehen jardunaldian Zizur izango du aurkari, larunbatean, 18:30ean, Dantzalekun. Emakumezkoetan Izarraren kontra ariko da Altsasu, igandean, 17:00etan. Etxarri Aranatzek eta Lagun Arteak hurrengo asteburuan hasiko dute preferente mailako liga

Nafarroako Futbol Federatutako Erregional mailako 2019/2010 denboraldia asteburuan hasiko da. Bertan ariko da Sociedad Deportiva Alsasua-Altsasuko Kirol Elkarteko Altsasu taldea, erregionaleko 2. multzoan, ondoko taldeekin batera: Zizur, Gazte Berriak Antsoain, Salesianos, Berriozar, Beti Kozkor, Universidad de Navarra, Amaya, Doneztebe, Liceo Monjardin, Leitzako Aurrera eta Iruña B. Eta etxean abiatuko du liga Altsasuk, Dantzalekun, lehen jardunaldian larunbatean Zizur taldea hartuko duelako 18:30etik aurrera jokatuko den partidan. Guztira 22 jardunaldi egongo dira jokoan. Lanak ahalik eta hobekien egitea eta ahal izanez gero, mailaz igotzea izango da Altsasuren helburua. 

Emakumezkoak Lizarran
Emakumeen erregional mailan dabilen Altsasu taldeak ere asteburu honetan ekingo dio ligari. Lehen multzoan ariko dira altsasuarrak, hurrengo taldeekin: Universidad de Navarra, Zarramonza, Beti Kozkor, Cortes, Baztan, Gazte Berriak Antsoain, Izarra, Lourdes, Ardoi, Peña Sport, Castejon, Mutilbera, Amigo, Kirol Sport eta Burlades. Guztira 34 jardunaldi jokatuko dituzte neska gorritxoek. 

Lehen partida igandean jokatuko dute, 17:00etan, Lizarrako Merkatondoan, Izarra taldearen kontra. Futbolaz gozatzea eta ahalik eta lan txukunena egitea izango da altsasuarren helburua. 

Preferenteko liga hurrengo astean
Preferente mailan, aldiz, aste bat beranduago ekingo diote denboraldiari, irailaren 14ko eta 15eko asteburuan. Preferenteko lehen multzoan Etxarri Aranatz eta aurreko denboraldian erregionaletik igo zen Lagun Artea taldeak ariko dira, ondoko taldeekin: Beriain, Itaroa Huarte B, Aibares, San Migel, San Jorge, Mutilbera B, Amigo, Arrotxapea, Ilunberri, Lagunak B, Doneztebe, Beti Casedano eta Ondalan. Guztira 30 jardunaldi izanen dituzte jokoan. Guztira 30 jardunaldi dituzte aurretik. 

IMQ Kopa
Preferente mailan oraindik ez da liga hasi, baina dagoeneko IMQ Kopako lehen faseko bi jardunaldi jokatu dira. Etxarri Aranatz 8. multzoan dago, San Jorge, Berriozar eta Amayarekin batera. Abuztuaren 25ean Berriozarren jokatutako lehen jardunaldian, bina berdindu zuten Berriozarrek eta Etxarri Aranatzek. Etxarrik dominatu zuen eta markagailuan 0 eta 2 aurreratu zen, baina bigarren zatian Berriozarrek partidari buelta ematea eta bina berdintzea lortu zuen. Etxarrik aukera gehiago izan zituen, baina puntu banaketarekin despeditu zen partidan. Asteburu honetan 2. jardunaldia jokatu zen, eta Amayak Etxarriri 0 eta 2 irabazi zion larunbatean San Donato zelaian jokatutako partidan. Lehen fase honetako 3. eta azken jardunaldia urriaren 12an jokatuko da eta San Jorgeren kontra ariko da Etxarri Aranatz. Amaya, aldiz, Berriozarren kontra ariko da. Orduan ikusiko da zein taldek egiten duen aurrera txapelketan.