Bokata-jana ADEren 25 urteak ospatzeko

Guaixe 2019ko ira. 6a, 09:03
Dendari elkarteko kideak biharko ospakizunera gonbidapena eginez.

Larunbatean, 18:00etatik aurrera, Foru plazan animazioa izanen da. Nafarroako ogitarteko handiena eginen dute eta dastatzera eman. Astean zehar ADEko dendetan erosi dutenak gonbidatuta daude.

Altsasuko Dendarien Elkarteak (ADE) aurten 25 urte bete ditu. Urteurrena sakandarrekin kalean ospatu nahi dute ADEko kideek. Eta bezeroen fideltasuna eskertzeko Ogitartekotea prestatuko dute, Nafarroako ogitarteko handiena, 40 metro luze izanen dituena. Tomatez bustitako ogi artean urdaiazpikoa sartuko dute. 18:30ean hasiko dira prestatzen eta 20:30ean banatzen hasiko dira. Ogitartekotea mila zati ederretan moztuko dute.  

ADEko dendetan erosketak egin dituztenen artean astelehenetik larunbatera arte Ogitartekotea dastatzeko 700 gonbidapenetako bat jasoko dute. Haietakoren bat eskuratu ez, baina ogitarteko handia dastatu nahi dutenek ere aukera izanen dute, 300 anoa 1,5 eurotan salgai izanen direlako.   

Eta gehiago
Foru plaza ez da soilik sukaldea izanen. ADEkoek ere terrazadun barra jarriko dute, 18:00etan zabalduko dena Lokesea dj-ren doinuekin. Ordu berean, Altsasuko peñak haur animazioaz arduratuko dira. 18:30ean Iskiza Sakana gimnasia erritmikoko eskolaren erakustaldia izanen da. 19:20ean Oihuarima dantza taldeak emanaldia eskainiko du. 19:40ean Zangitu fanfarrea giroa alaitzeaz arduratuko da. 20:15ean dendari omenaldia eginen dute eta hura despedituta, 20:30ean Ogitartekotea dastatzeko garaia izanen da. Txen dj-ak 21:30etik 23:00etara musika jarriko du.