"Guretako erronka handia da emanaldian barreari eustea"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko ira. 6a, 12:24
Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia aktoreak 'Mandibula afilada' antzezlanar eszena batean. UTZITAKOA

Sandra, Laura edo Leire. Aitziber Garmendiak izen eta izaera asko hartzen ditu. Izan ere, aktorea da. Bihar, Altsasun, Jon Plazaolarekin batera 'Mandibula afilada' komedia eginen du.

Hamaika urte zituela sartu zitzaion interpretazioaren grina Aitziber Garmendiari, eta komedian aritzen da erosoen. Bihar, larunbata, Altsasuko Iortia kultur gunean Laura izanen da, Mandibula afilada antzezlaneko protagonistetako bat.

'Moko zorrotza'-ren gaztelaniazko bertsioa eginen duzue Altsasun, eta euskaraz egiteko eskaera egin zenuen.
Hasiera batean Altsasun bi hizkuntzatan egin behar zen. Irailaren 6an eta 7an geneukan Altsasun antzezteko aukera, eta azkenean egun bakar batean egitea erabaki da, ez dakit zergatik. Euskarazko bertsioarekin gelditu zirela pentsatzen nuen; bakarra badago nik uste euskarazkoa izan behar duela. Twitter bidez, kasualitatez, konturatu nintzen erdarazkoa egingo dugula, eta sorpresa eraman nuen Altsasun izanda euskaraz egitea iruditzen zaidalako. Hiri handietan bi aukerak ematen dira, eta gero errealitatea errealitatea da. Hori da dagoena. Nafarroako herri askotan bakarrik gaztelaniaz eskaintzen da, baita Bizkaiko zenbait herritan ere. Normalean, euskara hutsean Gipuzkoan izaten da. Nafarroan herriaren araberakoa izan ohi. Badira izugarri euskaldunak diren herriak, eta horregatik hasieran harritu ninduen Altsasun gaztelaniaz izatea. Edozein modutan, dena ematera joango gara. Bai euskaraz bai erdaraz dena emango dugu. Gainera, Jonek eta biok hitz egin dugu sortu den afera honen inguruan eta Losers-ekin euskaraz Altsasura bueltatzeko intentzioa dugu. Ez dakit noiz, baina laster Losers euskaraz egiteko bertan egongo gara. 

Zer kontatzen du antzezlanak?
Komedia erromantiko bat da. Bi pertsonaiak, Juan eta Laura, aspalditik ezagutzen dira. Insitutuko garaitik ezagutzen dira eta berriz elkar ikusteko gelditu dira. Errealitatea eta fantasiaren arteko muga lauso bat dago, Juanek bereizten ez dakiena. Juanen imajinarioan Laurarekin zita bat imajinatuko du, baina errealitatean beste zerbait izango da. Horrekin jolasten da. Betiere komediarekin. Komediatik abiatzen da jendearen algara bilatuz.

Zer gai jorratzen ditu?
Amentsen inguruan, maitasunaren inguruan, gizarte honek markatzen dituen helmugen inguruan... Guztiei gertatu zaigu institutuan edo gazte garaietan amestu genuen hori lortzera ez garela iritsi; 30 eta 40 urte inguru horretan gabiltzala eta gazte ginenenean amestutako hori ez dugula lortu. Ala bai. Bi aukerak izan daitezke. 

Gai garrantzitsuak dira, eta komediaren bidez jorratzen dituzue. 
Testua Carles Alberolarena da eta iruditzen zait testuak karga handia duela. Edozein gai umorearen bidez hartzen baduzu indar handiagoa hartzen du beti. Umoreak badauka kutsu terapeutiko hori, dena sendatzeko edo dena errazago ulertzeko erabil daitekeena. Nik uste Carles Alberolak hori egin zuena eta gu hori mantentzen saiatuko gara, interprete bezala, noski. 

Ikusleak identifikatuta sentitzen dira?
Kasu askotan, bai. Badago min antzeko sentsazio bat, baina mina adiera suabean: gaztetxotan amestu dugun hori betetzera iritsiko garen edo ez zeure buruari galdetzen diozun mamu hori. Ni hau naiz; izan nahi nuen hori naiz? Badago adin tarte bat, 30 eta 40 urte bitarte horretan, zure bizitzaren inguruko irakurketa egin eta atzera begiratzen duzuna, eta ez dakin hau dan nik lortu nahi nuena pentsatzen duzuna. Antzezlanaren inguruan hitz egitera niri gerturatu zaizkidanak hainbat momentutan identifikatuak sentitu direla esan didate: ametsekiko frustrazioan, abesti bat entzutean... Gorputzak badauka memoria sentsorial bat eta gauza horiekin atzera begira egiten duzu, denbora asko pasa dela konturatzen zara, eta bide horretan lortu duzun eta zenbat lortu gabe utzi duzun begiratzen duzu.

Zer nabarmenduko zenuke?
Umorearen erabilera. Jonek eta biok taularen gainean kimika handia dugu, oso ondo ulertzen dugulako elkar eta oso antzeko umorea erabiltzen dugulako. Orduan, nabarmenduko nuke umorea ulertzeko modu hori, umorea transmititzeko modua eta hori helarazteko bidea. Askotan sorpresak eraman ditugu. Entseatzen hasi ginenean ez genuen pentsatzen nola eta zenbat erreakzionatuko zuen publiko bakoitzak. Herri bakoitzean sorpresak eraman ditugu publikoa benetan barrura sartzen delako. Barre egiten du eta hunkitzen da. Istorioak leku batetik bestera eramaten du. Publikoak ahaztu egiten du antzoki batean Altsasun, Bilbon edo Gasteizen dagoela, eta gurekin batera aritzen da.

Komedian sentitzen zara erosoen?
Komedian oso eroso sentitzen naiz, beti. Erregistro dramatikoagoak ere egin ditut eta oso gustura aritu naiz. Baina naturalki ateratzen zaidana komedia da, eta hori begi-bistakoa egiten zait niri ere. Pretentsiorik gabe ateratzen zaidan zerbait da. 

Agertokian Jon Plazaolarekin kimika duzuela aipatu duzu. Nola da berarekin lan egitea?
Lagun handiak gara eszenatik kanpo eta eszenan bertan ere. Gerta daiteke eszenatik kanpo lagun handiak izanda ere eszenan halako kimikarik ez sortzea. Kimika kontua da. Eta Jonekin eszenaren gainean kimika hori sortzen da. Konfiantza hutsa daukat berarengan. Antzezlan hau hiru entsegurekin estreinatu genuen, oso larri iritsi ginen. Hori egiteko zure taldekidearengan konfiantza itsua behar duzu, eta niri hori gertatu zitzaidan. Eskerrak Jonenagan konfiantza itsua nuen, funtzionatu zuen, eta oraindik bagabiltza. Gure alderik txarrena da eszenan barrea ematen digula, segun eta nola gauden elkarri begiratu edo txorakeri bat esan eta barregura ematen digu, eta askotan gaizki pasatzen dugu. Joni esaten diot hori zaindu behar dugula, ezin dugula horretan behin eta berriz erori. Behin baino gehiagotan gertatu zaigu eszenan barrez hastea. Eta zaila da kontrolatzen. Momentuan ondo eta gaizki pasatzen dugu. Guretako erronka handia izan ohi da emanaldi bakoitzean barreari eustea. 

Aldi berean hainbat antzezlan egiten dituzue. Nola egiten duzue gidoiak ez nahasteko?
Memoria lantzen den zerbait dela uste dut. Momentu honetan bost antzezlan ditut biran, bakoitza bi hizkuntzatan, eta horrek esan nahi du hamar testu ditudala buruan. Lantzen den zerbait da. Pertsona bakoitzak dauzkagu gauza baterako edo besterako erraztasuna. Nik matematiketan ezdeusa naizen bezala, baina testuari eusteko erraztasuna badut. Diziplina hartzea da. Lanbide zaila da. Oso polita da, eta hala ematen du kanpotik ere, baina oso gogorra da eta lan asko egin behar da. Agertokian erakutsi aurretik lan pila bat dago, inoiz ikusten ez dena: fosforito asko, boligrafo asko, mahaian eserita ordu asko eta hori ez dizu inork kentzen. 

Pertsonaian sartzeko erritualik baduzu?
Funtzioaren araberakoa da. Batzuetan kontzentrazio maila altua behar dut, beste batzuetan errazago egiten zait. Ahotsa beti berotu behar dut. Azken aldian lan handia egiten ari naiz eta ahots kordetan arazoren bat izan dut. Nekeagatik gehien bat. Foniatrarekin hasi nintzenean esan zidan funtzio baten aurretik beti ahotsa berotu behar dudala. Lankideak amorratuta ditut, baina ulertzen dute egin behar dudan zerbait dela. Emanaldi baten aurretik argazki bat eramaten dut: antzerkia egin nuen lehenengo eguneko argazkia, hamaika urte nituenekoa. Suerte puntu bat ematen dit edo nolabait beldurtuta nagoenean argazkia begiratzen dut eta hemen hasi zen dena pentsatzen dut. Momentu horretan sentitu nuen grina itsu hori, eta bultzada ematen dit argazki horrek. 

Eta zergatik aktore izan?
Ez dakit kontzienteki erabaki nuen zerbait izan zen, edo txikitatik odola neraman zerbait zen. Espektakulua ematen zain egoten nintzen. Herria agertoki bat ikusi orduko, gainean igotzen nintzen. Argazki kamera bat ikusten nuenean, nire aurpegi ezinezko guztiak probatzen aritzen nintzen. Ekidin ezin nuen gauza bat zen. Hamaika urterekin herri eskolan antzerki lan bat egin nuen nire lagun onenarekin batera. Biok egin genuen lan txiki bat, guk idatzitakoa eta sortutakoa. Interpretatzen ari nintzeneko momentu horretako sentsazioa ez dut inoiz ahaztuko; hamaika urte nituen, baina garbi gogoratzen dut sentsazio hori. Niri bizitza osoan hori sentitu nahi nuela pentsatu nuen. Eta horri eutsi diot. Horrek zerbait esan beharko du.

Nola sentitzen zara taularen gainean?
Libre. Urduri betiere. Estreinaldi baten aurrean urduri sentitzen naiz. Duela gutxi Jon Plazaolarekin hitz egin nuen, eta esan nion estreinaldi baten aurretik urduri ez nagoenean profesioa utziko dudala. Benetan diot. Nik uste urduritasun horrek aktore guztiei, yonki modura, bizirik mantentzen gaituela. Errespetu seinale bat da; publiko horri zor diozun errespetua. Zu ikustera etorri den publiko horri errespetua zor diozu, eta urduritasun hori nire kasuan horren seinale da. Ez bazitzaidan inportatuko lasai aterako nintzen, baina ez da horrela.