Nork jantziko ditu 50. urteurreneko txapelak?

Guaixe 2019ko ira. 13a, 11:43
Aurreko urteetako edizio bateko partida.

Igandean 50. Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketako final handiak jokatuko dira, 18:00etan, Burunda pilotalekun. Finaletan sakandarrak izango ditugu: Garai-Agirre / Igoa-Alonso (emakumeak), Fernandez-Garmendia / De la Fuente-Azpiroz (gazteak) eta Olaetxea-Lazkoz / Nazabal-Arbizu (promesak) 

Sociedad Deportiva Alsasua-Altsasu Kirol Elkarteak eta Pilotajaukuk antolatutako 50. Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketa azken txanpara iritsi da. Aurten data borobila ospatzen du afizionatuen mailako pilota torneo ezagunak, eta afizionatuen mailako bikote bikainak ari dira parte hartzen, tartean sakandarrak. 

Jakina denez, 3 mailatan jokatzen ari da txapelketa: emakumezkoetan, gazteen mailan eta helduen mailan, eta maila bakoitzean hiru bikote daude, 9 bikote guztira. Maila bakoitzean, bikote guztiak elkarren kontra aritu dira. Larunbatean hirugarren jardunaldia jokatu zen eta lehen hiru jardunaldietan egindako lana kontuan hartuta jakin izan da zein bikotek jokatuko duten finala. 

Helduetan, sakandarren arteko finala
Gauzak horrela, igandean, Altsasuko festetan, arratsaldeko 18:00etan Burunda pilotalekuan abiatuko dira 50. Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketako finalak. Emakumezkoetan, Leire Garairen eta Naroa Agirreren kontra ariko dira Irati Igoa etxarriarra eta Sonia Alonso. Akaso Garaik eta Agirrek dute faboritoen txartela, baina Igoak eta Alonsok dena emango dute, zaleen babesa izango dute eta partida entretenigarria espero da. Gizonezkoen gazteen mailan, Beñat Senar eta Altuna aurrelariak finalean aritzekoak ziren elkarren kontra, baina beste konpromiso batzuk dituzte eta baja dira. Horrela, bikoteak berregin behar izan ditu antolakuntzak eta Jorge Fernandez errioxarrak eta Ander Garmendiak Aingeru De la Fuente eta Adrian Azpiroz nafarrak izango dituzte aurkari. Kasu honetan ere partida lehiatua espero da. Eta, bukatzeko, gizonezkoen helduen mailan sakandarren arteko lehia izanen da, Irurtzun klubeko bi bikoteen artekoa: Urtzi Nazabalek eta Aaron Arbizuk Iosu Olaetxea eta Ion Lazkoz izango dituzte arerio. Partida lehiatu eta ikusgarria espero da eta Burundako zaleak erdibituta egongo dira. 

Bukaeran, 50. edizio berezi honetako sariak eta txapelak banatuko dituzte Altsasu Kirol Elkarteak eta Pilotajaukuk. 

Azken jardunaldiak utzitakoa
50. Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketako 3. jardunaldian, larunbatean, emakumezkoetan, oso paretsu ibili ziren Leire Garaik eta Naroa Agirrek osatutako bikotea eta Maddi Unanuek eta Arrate Bergarak osatutakoa. 35 minutu iraun zituen partidan, lau aldiz berdindu zuten, 1era, 4ra, 5era eta 13ra. Azken txanpan, Leire Garai eta Naroa Agirre finago ibili ziren eta 18 eta 14 gailendu eta final handirako sailkatu ziren. 

Gazteen gizonezkoen mailan, are paretsuago aritu ziren Irurigoitia-Emaldi eta Altuna Azpiroz. Lehia oso estua izan zuten eta 9 aldiz berdindu zuten (1,2,3,10,11,12,13,19 eta 20). Emozio handiko partida izan zen, bi bikoek azkenera arte ez baitzuten partida galdutzat eman. 20Ko berdinketaren ondoren, Altunak eta Azpirozek asmatu zuten eta azken bi tantoak euren aldera erori ziren. 54 minutu iraun eta 442 pilotakada izan zituen partida eurek bereganatu zuten, baita finalerako txartela ere. 

Aldiz, promesen edo helduen mailan hasieratik aurrea hartu zuten Urtzi Nazabal eta Aaron Arbizu sakandarrek. 237 pilotakada izan zituen partida azkarrean –apenas 30 minutu–, nagusitasun handiz gailendu ziren Nazabal eta Arbizu, 7 eta 22, eta igandeko finalerako sailkatu ziren. 

50. Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketako finalak
Igandean, 18:00etan, Altsasuko Burunda pilotalekuan
Emakumeak: Leire Garai-Naroa Agirre / Irati Igoa-Sonia Alonso
Gazteak: Jorge Fernandez-Ander Garmendia / Aingeru De la Fuente-Adrian Azpiroz
Helduak: Iosu Olaetxea-Ion Lazkoz / Urtzi Nazabal-Aaron Arbizu

3. jardunaldiko emaitzak
(Irailak 7, larunbata, 21:30ean, Burundan)

Emakumeak: Leire Garai-Naroa Agirre 18 / Maddi Unanue-Arrate Bergara 14

Gazteak: Altuna-Adrian Azpiroz 22 / Urigoitia-Emaldi 20
Helduak: Julen Osa-Oliden 7 / Urtzi Nazabal-Aaron Arbizu 22